Urretxuko postontzietan banatu den apirileko 89 zenbakiko Kaixo Aldizkarian, Urola Garaiko Mankomunitatea sortzen duten herrien egoera sozio-ekonomikoari buruzko artikulu bat argitaratu berri da.
Artikulu honetan deskribatutako ikerketak, Urretxu-Zumarragako biztanle askok aspaldidanik dugun susmoa baieztatu du: bi herriotan industria-uhina ia desagertu dela. Edo beste era batez esanda: Urretxuk eta Zumarragak, lana duen bertako jendeak bi herriotatik kanpo lan egiten duelako bizirik dirautela.
Idatzita duen goiburua ("Urretxuk Eskualdeko enpresen %43,3 bere gain hartzen ditu") eta edukia irakurriz, Urretxu, demografia, langileriaren formazioa eta enpresa egoeraren aldetik gainontzeko herriak baino egoera hobean dagoela ulertarazten duela iruditzen zaigu eta horrek harritu egiten gaitu. Hain zuzen, egoera hain onuragarria ez denean eta egia esan, bi herriotan dauden enpresen eta lanpostuen batuketak ez dutela zer ikusirik hain industria-tradizio handia izan duen herriarekin esango genuke.
Berez, artikulu honen goiburuak ere bigarren irakurketa bat egiteko aukera ematen digu: Urretxuk lau herriotako enpresen (EZ LANPOSTUEN) %43,3 bere baitan hartzen du. Hala ere, baita ere, inolaz ere gezurra ez dena Urretxuk Urola Garaiko 10 langile baino gutxiago duten enpresen %53,2 duela da. Legazpik ordea, 50 eta 100 langile arteko enpresen %37,5 du eta 100 langile baino gehiagoko enpresen %66,7 hain zuzen. Legazpik, URRETXU ETA ZUMARRAGA ELKARTURIK industria eta eraikuntza arloan lanpostu gehiago ematen dituela. Azken finean, Urretxu-Zumarragan, langile gutxi duten enpresa ugari dagoela ikusten da. Egoera onuragarria al da hau?
Handi samarrak diren zenbat enpresa ditugu Urretxu-Zumarragan? Arcelor (Orbegozo) eta Eskualdeko Ospitaleaz gain, ezertxo ere ez. Gainontzekoak, hauek gutxietsi nahi gabe, lanpostu gutxi sortzen duten denda edo lantegi txikiak dira. Horren ondorioz, bi herriotan lana duen jende gehiena inguruko herrietan ari da lanean: Beasain, Ordizia, Bergara, Oñati, Arrasate, Azkoitia... han baitago oraindik garatua den ehun industriala. Jendea urrunago ere joaten da lan egitera: Donostiara, Bilbora, Gasteiza...
Badira gure inguruan lana sustatzea helburua duten erakundeak, UGGASA kasu. Beraiena oso ekimen goresgarria da... bai, baina, zenbat enpresa sortu dira UGGASAren bidez? Eta zein neurritako enpresak izan dira? UGGASAren babesean argitaratzen den GIDA patxadaz irakurtzen bada, politika berarekin egiten dugu topo: Mikroenpresen eta lantegi txikien sorrera (5 langile edo gutxiagorekin), eta hala ez denean, denda berri baten sorrera (zerbitzuen sektorearen barruan) epe laburrean itxiko ote den mehatxuarekin.
Etorkizun hurbilean bizilagunak galtzeko joera duten bi herriotan, biztanleria handiago izan eta aurrera egin dezan lortzeko benetako gakoa enpresa- eta industria- uhin sendoa sortzea da, herriko biztanleriari lana emateaz gain, inguruetako biztanleria erakarriko duena hain zuzen.
Honekin guztiarekin, Urretxu-Zumarragako bizilagun guztiak, eta batez ere gure agintariak, hausnartzera gonbidatu nahi ditugu, azkeneko hauek umekeriak alde batera utzi (errotonda hemendik pasatu behar dela, edo handik hobeto, nik zuk baino biztanle gehiago dudala, nik zuk baino enpresa gehiago...) eta behingoz, benetan dugun arazoari aurre egin diezaioten: URRETXU-ZUMARRAGAN, GERO ETA ENPRESA TXIKIAGO ETA GUTXIAGO DUGULA.
Eta amaitzeko, detailetxo bat: Urretxuko Irimo ixten dute, eta enpresa HANDI bat ekartzeko ahalegin guztiak egin ordez, batzuei otutzen zaien irtenbide bakarra Eroski Hipermerkatu bat jartzea da. Eta normala denez, Urretxu-Zumarragako dendarien elkartea, Bi-Tartean, beren inguruan horren tamainako azalera handiko hipermerkatua jartzearen ondorioz gertatzen diren lan-postuen galera dela-eta, oso kezkaturik agertu da (Goierriko Hitza, 2006-05-13).
Nahiago genuke laster, azkenik gure herriotako batean enpresa handi bat jarri dela esango bagenu. A! ETA BERDIN BERDIN ZAIGU, URRETXUN EDO ZUMARRAGAN BADA.
Jonmikel Intsausti eta Francisco Javier Plaza










