Inprimatu E-posta

Guateketeketeketeke! (118. alea)

Gaurko gazteek ez dute errespeturik, lotsagabeak dira, ondo pasatzea besterik ez dute buruan... Uf!!! Aspertuta nago karrozen horrelako jardun astunak entzuten.

            Niri, berriz, karroza izanik, gure bizi-poza direla iruditzen zait, zoragarriak, zenbait helduk baino hobeto dakite zer den errespetua, atseginak dira, edukazio onekoak, ondo pasatzeko ahaleginak egiten dituzte (eta nork ez, niri amak ere beti esaten dit kristoren zukua ateratzen ari natzaiola bizitza honi), ikasi, lana egiten dute eta, horrez gain, gure bi herriotan ekintza ugari antolatu ere bai: hitzaldiak, zine emanaldiak, haurrentzako jokoak, ikastaroak, ekintza nahiz errebindikazio sozialak, kontzertuak, aldizkaria (Kkin'tzona), Urola ibaiaren garbiketa (ikusi zenutenek esango didazue nortzuk ari ziren garbitzen) eta, nola ez! aurten bigarrengoz, GUATEKEA!

            Bai, jaun-andreok, Gaztelekun, Ekainaren 3an, larunbata, karrozei eta bereziki gurasoei eskainitako ekintza zoragarria. Osagai guztiak zituen: dekorazioa, bueltaka dabilen koloredun bola, disk-jockeyak, binilozko diskoak, zurrakapotea, musika-eskaintza aparta eta dantza egiteko aukera paregabea. Ez ginen karroza asko azaldu baina... zein ondo pasatu genuen! jo ta ke dantzan! gelditu gabe! Han ibili ginen denok nahastuta: zahar (ejem! heldu) eta gazte. Ez al da hau luxua eta ohorea guretzat? Mimatuak sentitu gara, zenbat lan egin duten hau prestatzen, musika zoragarria aukeratzen, xehetasun guztiak zaintzen!

            Pena izan da jende gehiago ez azaltzea baina tira! Datorren urtean antolatuko duzue berriro, ala? Ea propaganda pixka bat eginda jendea animatzen den... Eta urtean behin egin beharrean, beste aukera bat ematea gehiegi eskatzea izango litzateke? Badakigu lan handia dela baina prest gaude laguntzeko, bai horixe! Gainera, badauka bere grazia, ezta? gazteak gurasoak zaintzen: begira, begira, nola egiten duen dantza X-en amak! ez al dira nekatuko! bada ordua etxera joateko, e? eta abar luzea.

            Beste proposamen bat ere egingo nizueke: dantza-soltean egin beharrean denbora guztian musika lasaia ere tarteka jarri eta dantza eskatzea, ba dakizue, garai batean bezala, baina era modernoan, hau da, neskak ere eskean ibiltzea, eta kalabazak eman ezkero, jope! Beste batengana eta zortea baldin badago, galdera: estudias o trabajas? je, je, je! eta gero goxo-goxo dantza egin, ahal bada binaka eta bestela hirunaka, taldeka... eta ondo helduta, noski... ekintza hori berreskuratzea zoragarria izango litzateke.

            Beno, bukatzeko, ZORIONAK eman nahi dizkizuegu Maria Luisa, Marian, Mailo... eta kanpotik etorritako Maite, Jose... Eta han izan ginen guztion partetik: GAZTEAK MUNDIALAK ZARETE!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!

Arantxa Iraeta



Erabiltzaileen iritziak

Ez dago erabiltzaileen iritzirik.

 

 
 
Powered by jReviews