Inprimatu E-posta

Urretxuko Lavapies auzoa (118. alea)

Lino Formoso bere lekurik gustukoenean dago eserita, aparkaleku ondoko burdinazko eserlekuetan. Bero dago, baina ondoko parketxoko urkiek gerizpe atsegina ematen diote. Hobe horrela, zeren beroarekin gaizki pasatzen baitu Linok. Tripa handia atera zaio urteen poderioz, eta mugimenduak ere baldartu. Orain majo bizi da, jan eta edan bapo, apur bat paseatu... jubilatuta ederki bizi da. Bere Ourensetik etorri zenean, ijitoen zakurra baino flakoago zegoen. Orain bai ondo, gantzak tripa bueltan pilatuta!

            Bat-batean, tentetu egiten da Lino burdinazko bankuan. "Ostias!! Goiko Kaleko beltza duk!!". Linok Goiko Kalen bizi den Makoko Kokounde neska beltza ikusi du espaloian gora, bere ibilera ederrarekin. Neska altua da, kilkerraren ipurdia baina beltzagoa, eta ahoa irekitzen duenean, bere hortzek sekulako dirdira egiten dute. Baina ez dira hortzak Makokori begiratzen diona: "Horiek dituk aurrealdeak. Eta ipurdia mugitzeko modua... Espaloian ez zaiok kabitzen!!". Lino ez dago balentriarik egiteko, baina Makokok gazte sasoia gogorarazten dio, Marusiñari gaztainadian zeudela zirri egiten saiatzen zeneko garaiak, alegia.

            Makokok atzo bisita izan zuen. Beste hiru beltz nagusi eta 5 haur egon ziren bere etxean, arroza haragiarekin jaten, mingaina eta ahoa erretzen duen horietako arroza. Gero, arratsalde osoan dantzan aritu ziren, leihoa irekita. Gero, Makokok bisitak lagundu zituen autobusera. Piruloko plazatik pasatu zirenean, sekulako ikuskizuna izan zen. Hori kontatu dio Zezilio naparrak Linori, bere erdara aldrebesean. "Anduvieron nueve negras o asi... pero, negras, negras. Pero negras como cojones del grillo, ¡eh!". Linok txundituta begiratzen dio. Zezilio gezurti samarra ote den errezeloa dauka. Batzuetan euskaraz hitz egiten entzuten du, eta ezin du sinetsi hori ulertuko duen kristaurik egongo denik. Zeziliok ere gauza bera esaten dio bere erdi gaztelera erdi galego horregatik.

            Dena den, biak gelditzen dira aho zabalik Khaled eta Marwan ondotik pasatzen direnean. Auzoko bi Marokoar dira, erdaraz askorik ez dakitenak. ¿Tú ya le entiendes algo de que le hablan?", dio Zeziliok Dorraoko gaztelera elegante horretan, eta Linok "¡¡Que carallo voy entender, estos moros hablan como los de Lugo!!". Esan bezala, Zeziliok Makoko eta bere lagunen nobedadeak eman dizkio Linori. Lino ametsetan bezala dago. Bere buruari galdetzen dio, "Beltza guztiak horrelakoak izango ote dira? Ourensen ez zegok horrelakorik, redios!".

            Bat batean, zarata batek bere ametsetatik atera arazi du. Ijitoak dira. Auto bat probatzen ari dira, batez ere azeleragailua probatzen, Zarata sekulakoa da. Dena den, zarata hori isiltzen denean Camela daukate jarrita kasetean, bada ez bada ere, isiltasuna ez baita osasuntsua. Linok nazkaz begiratzen die. "Hauek beti zarata ateratzen, gainera, ze musika demonio da hori? Ai eta oiiii eta lerelele. Muñeira bat askoz hobea da, carallo!".

            Linok etxe alera joatea erabaki du. Makoko ez da berriz pasatuko, eta ijitoak zaratatsuegiak dira bere gusturako. Bidean doala, Zeziliorekin topatu da. Khaled eta Marwanekin dago. "Boas tardes" dio Linok, eta besteek erantzuten diote: "Agur" eta "Salam". Urretxuko Lavapies dugu Nekolalde auzoa.

Joxe Manuel Bereziartua



Erabiltzaileen iritziak

Ez dago erabiltzaileen iritzirik.

 

 
 
Powered by jReviews