Inprimatu E-posta

Aurelio Gonzalez (134.alea)

Lenbur Fundazioa 90eko hamarkadan sortu zen Legazpiko ondarea zaintzeko eta ezagutzera emateko. Mankomunitate mailako hainbat ekimen aurrera atera ditu eta bera arduratzen da Urola Garaiko turismo bulegoaz, baina Urretxu eta Zumarragako udalak ez dira bere kide. Aurelio Gonzalez Fundazioko zuzendaria da.

Noiz eta nolatan sortu zen Lenbur?

1997ko azaroan sortu zen. Zenbait legazpiarrek burdinarekin zerikusia duen ondarea ezagutzera emateko beharra ikusi zuten eta helburu horrekin jaio zen. Hasierako asmoa museo bat egitea zen.

Nolatan hasi zen Urola Garaia mailan lan egiten?

Fundazioa 1997an sortu zen, baina egitasmoa bi edo hiru urte lehenagokoa da. Bi ekimenen ondorioa da. Alde batetik burdinari buruzko liburua idatzi zuen taldearena zegoen eta bestetik gurea. Legazpi mailako ekimenak ziren eta azkenean gurea atera zen aurrera. Fundazioa sortu zenean, proiektua eskualdera ireki zen. Ardatza burdina bazen ere, eskualdearen natura eta kultura ondarea berreskuratu eta ezagutarazi nahi ziren. Fundazioaren helburuen artean eskualdearen garapen sozio-ekonomikoa dago. Zergatik? Legazpiko ondarea bakarrik ezagutarazten saiatzeak ez zuen zentzurik. Maila zabalagoan lan egin behar da eragina izan nahi bada. Hasierako bi egitasmoen arteko ezberdintasun nagusiak horretan zetzan: besteek museoa egin nahi zuten eta guk errestaurazioa, ostalaritza, natura… eskutik joan behar zirela uste genuen. Zenbat eta dibertsifikatze handiagoa izan, orduan eta jende gehiagorengana helduko da egitasmoa. Are gehiago esango nuke, eskualdetik harago lan egin beharko genuke.

Zer egin zen Urola Garaiko gainontzeko herrien konpromisoa lortzeko?

Gainontzeko udalei Fundazioan sartzera gonbidatu zitzaien, baina ez ziren sartu. Fundazioaren aurkezpen ekitaldian izan ziren, baina ikusleen artean. Legazpikoak bakarrik erabaki zuen parte hartzea.

Zergatik uste duzu erabaki zutela gainontzeko udalek ez sartzea?

Arrazoi asko izan zirela uste dut. Egitasmo hasi berria zen eta askok ez zuten uste turismoa garrantzitsua izan zitekeenik. Krisi garaia zen eta ordura arteko formulekin aurre egin nahi zitzaion. Bestalde, askok ez zekiten zer errekurtso eskaini genitzakeen. Historikoki euskaldunok industria landu dugu eta turismoa eguzkiarekin eta hondartzarekin lotzen dugu. Dena den, urte askotan Urretxu eta Zumarraga izan dira Lenburren lanari etekin handiena atera diotenak. Zergatik? Eraikuntza lanetan gastatu genuen diru gehien eta eraikuntza enpresak Urretxu eta Zumarragan daude.

Dagoeneko turismoa ere diru iturri izan daitekeela ikusi da. Zergatik ez dira oraindik zuei elkartu?

Lenburrek aurrera egin heinean, zailtasun handiagoak sortu dira. Errazena guztiak elkarrekin hastea izaten da. Arazo hori gainditzeko, gainontzeko herriak beste esperientzia batzuk ezagutzeko egindako bidaietara gonbidatu ditugu beti. Integratzea eta turismoak eskaintzen dituen aukerak ezagutzea nahi genuen. 2001ean egoera hau bideratzeko aukera berri bat izan zen. Lenburrez gain, Hiru Tenpluen Ibilbidea zegoen. Zumarragak bultzatu zuen eta Uggasa arduratzen zen beraz. Mundu guztiak argi zuen bi egitasmo egotea ez zela logikoa, gutxiago oraindik halako eskualde txiki batean. 2001ean, Uggasaren ekimenez, enpresa bati turismoaz nor arduratu behar zen ikertzeko eskatu zitzaion. Lenbur hautatu zuen. 2001etik 2004ra eskualde mailan lan egin genuen eta Hiru Tenpluen Ibilbideaz ere arduratu ginen, orain Ignaziotar Lurraldea dena. Garai hartan Iparragirreri buruzko ikus-entzunezkoa sortu genuen, Iparragirrerekin lotutako seinaleetan Lenburren irudia ikus daiteke…

Zer gertatu zen gero?

2003an aldaketa politikoa izan zen udaletan eta Antiorekin lotutako proiektutik bota ziguten. Zergatik? Ez dago horretarako inongo arrazoirik. Aurreko legealdian ezer egin ez izana leporatu ziguten, baina orduko udal ordezkariek eta Lenburrek egungo udal ordezkariek egin duten berbera egin genuen. Bestalde, urte haietan elkarlana izan bazen ere, apustu ekonomikoa Lenburrek eta Legazpiko Udalak bakarrik egin zuten. Turismo bulegoa Mirandaolan dago, eskualde guztiko foiletoak zabaltzen ditugu, ferietan eskualde osoa ematen dugu ezagutzera… baina dirua Legazpiko Udalak bakarrik jartzen du. Fundazioan sartzea eskaini zitzaien eta uko egin zuten. Hala, hemen egiten den eskualdeko turismoaren kudeaketa lana ordaindu beharko zutela esan zitzaien. Akordio batera heldu ginen, baina azken momentuan Urretxuk eta Zumarragak ez zuten sinatu. Ez dute arrazoirik eman.

Zein uste duzu izan zela arrazoia?

Nire ustez Urretxu eta Zumarragak batzuetan bat egiten dute bertan biztanle gehiago dituztela, komunikabide hobeak dituztela… aditzera emateko. Batzuetan egitasmoak Urretxu eta Zumarragan, batez ere Zumarragan, bakarrik sortu daitezkeela iruditzen zaigu. Horrek ez du zentzurik. Legazpik askotan onartu du eskualde mailako egiturak bere herritik kanpo jartzea. Lenburrek bere ahalmena eta inplikazioa erakutsi du, enpresariak erakarri ditu, eskualdera dirua ekarri du, ikerketa lanak egin ditu… Eskualdean turismoa hobekien nork lantzen duen eztabaidatzeak ez du zentzurik.

Urretxun gobernu aldaketa eman da. Orain Lenburren sartuko diren esperantza ba al duzue?

Lehenik eta behin Legazpikoa konpondu behar dugu eta bidean gaude. Bilera batzuk izan ditugu eta mesfidantza gainditu dugula uste dugu. Bigarren pausoa Urretxu erakartzea da. Bertako alkatearekin bildu naiz jada. Berak deitu izanak eta landu genituen gaiek asko poztu ninduten. Euren egitasmoak azaldu zizkiguten eta orain harremana sendotzeko prozesua abian jarriko dugu.

Zer gertatzen da Zumarragarekin?

Ez didate deitu eta ni ere ez naiz euren harremanetan jartzen ahalegindu. Argi utzi zuten eurek eraman nahi dutela Ignaziotar Lurraldea egitasmoa. Eskualdeko Plan Estrategiko berria eskatu da eta berriro ere bakoitzak zer egin behar duen eztabaidatuko da.

Urretxukoak ez al du Zumarragakoa konpontzen lagunduko?

Baietz uste dut. Aurreko etapan Urretxuk baiezkoa eman izan baligu Zumarraga ere etorriko zen. Izan ere, 1999tik 2003ra alderdi berekoek izan zuten alkatetza bi herrietan eta gainera lautik hiruk formula baten aldeko apustua egiteak eta laugarrena kanpoan gelditzeak ez du zentzurik. Dena den, Zumarraga sartzen bada, benetan sinesten duelako sartzea espero dut: indarrak batzeko, irudi bateratua emateko…

Zer diozu Goierrirekin ere indarrak batzeari?

Beharrezkoa da, baina are gehiago esango dizut: nire ustez, turismo kontuan, Goierritik harago joan behar dugu. Gipuzkoa zein berdea da gure esparrua. Egitasmo horretan eskualde guztiok parte hartzen dugu eta bileretara Lenbur joaten da, ez Urretxu edo Zumarraga. Turismoa gure ondarea indartzea eta ezagutzera ematea da eta Gipuzkoa zein berdea egitasmoak marketingaz, zabalkundeaz… arduratuko den azpiegitura izan beharko luke. Koordinazioarekin ez da nahikoa. Gipuzkoak orografia bakarra du, herrialde txikia da… nola azalduko diozu kanpotik datorren bati Beasain Goierri dela eta bi minutu gorago Urola Garaian dagoela? Ez du zentzurik. Jendea gure herrira ekartzeko, lehenik eta behin Gipuzkoara etorri behar dira. Zailena hori da. Gero eurek erabakiko dute parke naturaletara, burdinoletara edo nora joan. Hemen gastatu dezatela. Beasainen gastatzen badute, gero diru horren zati bat Zumarragara helduko da. Hori da ulertzen ez duguna, egitasmoa herri batean edo bestean garatzeak ez duela garrantziarik.

Goierri eta Tolosaldea horretaz konturatu dira eta elkarrekin lanean hasi dira. Gu ezin gara inorengana joan, eskualdean bertan ez baitugu gure artean ados jartzea lortu. Hori hala, industria ondarea duten herrien sarea martxan jarri nahi dugu. Legazpirekin lotuagoa dago, baina ez digute beste aukerarik uzten. Urola Garaian, guztiok elkarrekin ez aritzearen ondorioz, aukerak galtzen ari gara.

Nola konpondu daiteke hau guztia?

Mankomunitateak gauzak argitu eta gidatu behar ditu. Arazoa aspalditik dator. Orain Plan Estrategikoa dator eta dagoeneko abian dauden azpiegiturak eta euren langileak eta esperientzia kontuan hartzea espero dut. Egitura berriak ez sortzea espero dut, arazoa luzatzea izango bailitzateke. Dena bikoizteko ohitura dugu, baina Lenbur ez da desagertuko! Alkateek konpondu beharreko arazoa dela uste dut, arazoa politikoa baita. Erabaki politikoak hartu behar dira.

Turismoaz Lenbur arduratu behar zela erabaki zen garaian eskualde mailako erakundeetako teknikariok bilerak izan genituen, baina lidergoa alkateek edo eurek esandakoek izan behar dute.

Nola ikusten duzu Plan Estrategiko berriaren kontua?

Kanpotik izan dut horren berri. Ondo iruditzen zait, baina ea oraingoan behin betiko den. Planak, ideiak eta bilerak ez zaizkigu falta izan orain arte. UGLE eta Uggasa horien ondorio izan dira, baina eskualdea sendotzea ez dugu lortu oraindik.

Bukatzeko, nola ikusten duzu Urola Garaiaren etorkizuna?

Nire ustez eskualde guztiek dute etorkizuna, baina bilatu egin behar da. Eskualdea egituratu behar dugu lehenik eta behin. Gero horrek, seguru aski, gauza askotan Goierrirekin bat egitea eramango gaitu. Eskualdea egituratzen ez badugu, gainontzekoek euren artean bat egingo dute, proposamen bateratuak egingo dituzte… eta guk zailtasunak izango ditugu. Egungo egoerak ez du aukerak izaten laguntzen.

Erabiltzaileen iritziak

Ez dago erabiltzaileen iritzirik.

 

 
 
Powered by jReviews