Jose Mari Yurrebaso Urretxu eta Zumarragak eman duten azken txirrindulari handia da. Errepidean Espainiako itzuliko etapa bat irabazi zuen eta ziklo-krosean Espainiako Txapelketa hirutan irabazi zuen eta Mundukoan makina bat aldiz parte hartu zuen. Gainera, estatuko lehen mendiko bizikleta txapelketa lortu zuen.
Non jaio zinen? Zein familiatan?
Urretxun, orain erorita dagoen Aietsu baserrian. Nire aita bidezaina zen eta ni jaio nintzenean baserriaren ondoan eman zioten kaminero etxera joan ginen. Etxe hauek errepide ondoan egiten ziren, beraietan bizi zirenek errepideak konpondu zitzaten. Aitona, berriz, bizkaitarra zen eta Urolako trenbidean lan egitera etorri zen. Baskongadoetako trenean jubilatu zen. Nire amari dagokionez, Etxalarkoa da, Nafarra. Ezkondutakoan hona etorri zen. Nire bigarren abizena Goienetxe da, Bortzirietakoa. Sei anaia-arreba gara: lau mutil eta bi neska.
Nola gogoratzen duzu haurtzaroa?
Herritik urruti samar bizi zineten…
Bi kilometro eta erdira edo…
Gehienetan Urolako trenean joaten ginen eskolara, Nazionaletara.
Arratsaldean itzultzen ginen. Trena etxetik 300 metrora gelditzen
zen, Aginagako geltokian.
Laster hasiko zinen herrira bizikletan
joaten…
Bai. Aitonak emandako bizikleta zahar
bat genuen, pinoi bakarrekoa. Jubilatu zenean eman zigun. Aitak ere
bazuen txirrindua eta anaia-arreben artean borrokan ibiltzen ginen,
bizikletan nork hartuko.
Nolatan hasi zinen txirrindu
lasterketetan?
Anaia zaharrena ez zen horretan aritu,
baina bigarrena eta hirugarrena bai. Ni laugarrena naiz. Jubeniletan
nire aurrekoarekin, Pedrorekin, batera aritu nintzen. 16 bat
urterekin hasi nintzen. Orduan belodromoan ibiltzen ginen. Garai
hartan lasterketak jubenil mailan hasten ziren eta ez ziren
errepidean egiten. Donostiako belodromoa estali gabe zegoen oraindik
hasi nintzenean. Gustura aritzen nintzen eta ondo etorri zitzaidan
ikasteko. Gauza ezberdina zen, etxetik kanpora… Urtean hamar bat
lasterketa izaten genituen. Gipuzkoako txapelketa, ordea, zirkuitu
batean izaten zen, Ibaetan.
Norekin hasi zinen lehiatzen?
Goierrirekin, herriko taldearekin.
Etxeberria zen garai hartan arduraduna. Hark esan zidan eurekin
aritzeko. Federatu ondorengo lehen proba Santa Barbarara igoera izan
zela oroitzen dut. Irabazi egin nuen. 15 urte nituen, 16 betetzeko.
Gaztetan aldapa gora ondo moldatzen
zinen, beraz.
Gaztetan bai, baina gero gauzak aldatu
egiten dira! Profesionaletan norberaren gorputza nolakoa den oso
garrantzitsua da. Ni sendoa nintzen eta, beraz, todoterrenoa.
Igotzeko… ostras! Beti arazoekin.
Belodromoan ondo moldatzen al zinen?
Nahiko ondo. Batzuek pistako txirrindua
zuten, baina ez zen derrigorrezkoa halakoa izatea. Errepidekoarekin
lehiatzen ere uzten zuten. Nik etxekoa eramaten nuen. Elosegi,
Juanikorena… pistakoarekin aritzen zirela gogoratzen dut. Alde
ederra! Dena den, lehenengo hamarren artean sartzen nintzen.
Goierrirekin hasi zinela esan duzu.
Lehen lasterketetan Goierri izena
bakarrik eraman nuen soinean. Gero Iratxo-Lentz izenarekin aritu
ginen, Asensio Agirrezabalek babestuta. Gero Caldeyf atera zuen
Etxeberriak. Talde horretan hiruzpalau urtetan aritu nintzen,
soldadutzara joan arte. Handik bueltan, Super Ser taldearekin fitxatu
nuen. Amateur mailan ez nuen denboraldirik osatu.
Urretxuar eta zumarragar gehiagok parte
hartzen al zuten lasterketetan?
Ez ginen asko. Ni hasi nintzenean
Mendijurren anaia, Nikolas, eta Santi Zabaleta zebiltzan.
Peñagarikano ordurako utzita izango zen. Jubeniletan Iglesias,
Azurmendi, Leatxe eta anaiarekin ibili nintzen. Norbait ahaztuko dut
eta entzun beharko dut… Garai hartan Ocaña, Fuente, Galdos,
Elorriaga, Shanti Lazkano zena eta hauek zebiltzan punta-puntan.
Jubenil eta afizionatu mailetan
lasterketa asko irabaziko zenituen…
Ez, ez. Gutxi irabazi nituen.
Esprintean ondo moldatzen nintzen, baina beti azaltzen zen ni baino
azkarragoa zen norbait. Jubeniletan Mata, Urtizberea, Juanikorena eta
Elosegirekin aritu nintzen, esaterako. Laguiarekin-eta afizionatuetan
elkartu nintzen.
Lasterketa gutxi irabazi zenituela esan
duzu, baina dohainen bat ikusiko zizuten… Edonori ez diote
profesional mailan aritzea eskaintzen…
Jubeniletan lasterketa bakarra irabazi
nuen, baina beti aurrean heltzen nintzen. Lehenengo bosten edo
hamarren artean. Amateur mailan, berriz, bi lasterketa irabazi
nituen. Espainiako selekzioarekin hainbat itzuli egin nituen.
Ingalaterrako itzuliko etapa nagusian bigarren sailkatu nintzen.
Nahiago al zenituen errepideko
lasterketak pistakoak baino?
Pistan jubeniletako lehen denboraldia
bakarrik egiten genuen. Errepidea entretenigarriagoa da. Nahiko ondo
moldatzen nintzen, bai igotzen, bai ordekan eta bai esprintean. Dena
den, beti zegoen irabazten ninduen norbait. Egun bakarreko
lasterketetan itzulietan baino hobeto moldatzen nintzen. Itzulietan
errekuperazioak garrantzia handia du eta gorputz argala behar da.
Zenbat denboraldi eman zenituen
profesionaletan?
Hiru osatu nituen, baina beste bitan
ere lehiatu nintzen. Hasieran Novostil-Helios taldearekin aritu
nintzen. Bigarren denboraldia Heninger-Transmallorca taldearekin egin
nuen, hirugarrena Huesorekin eta azken biak Tekarekin. Hauekin
errepideko lasterketa gutxitan aritzen nintzen, ziklo-krosa
prestatzeko bakarrik.
Nolatan hasi zinen ziklo-krosean?
Alejandro Egeak bultzatuta.
Mendijurrekin eta Zabaletarekin aritutakoa zen eta asko gustatzen
zitzaion. Jubeniletan hasi nintzen eta lehen bi lasterketak irabazi
nituen, baina hirugarrenean klabikula hautsi nuen. Amateur mailan
osatu nuen lehenengoz denboraldi bat.
Zergatik utzi zenituen errepideko
lasterketak?
Talde gutxi zeuden eta denboraldi
batetik bestera erdia kobratzea eskaini zidaten. Ziklo-krosean, ondo
ibiliz gero, errepidean adina kobratzen nuen. Errepidean hiru talde
indartsu eta beste hiru pattal zeuden. Urte batetik bestera erdia
kobratzea eskaini zidaten eta adar jotzea iruditu zitzaidan.
Zuzendariari lanean hasi eta ziklo-krosean arituko nintzela esan
nion.
Zein txirrindularirekin aritu zinen
profesionaletan?
Marino Lejarretaren talde berean aritu
nintzen, esaterako: bai Tekan eta bai Novostilen. Felipe Yañez
eta Javier Elorriaga ere taldekideak izan nituen.
Lasterketa asko osatu al zenituen?
Profesionaletan? Gehiegi! Lehen
denboraldian 14 itzuli osatu nituen! Zeuden guztiak: Mallorcan hasi,
ziklo-kroseko Munduko Txapelketan aritu eta urrira arte gelditu gabe.
Gehiegizkoa zen. Bigarren denboraldirako lehertuta nengoen.
Hiru asteko itzulirik ezagutu al
zenuen?
Espainiakoa bai, baina Frantziakoa eta
Italiakoa ez nituen ezagutu. Espainiako itzulian hiru aldiz izan
nintzen eta etapa baten goizeko sektorea irabazi nuen, Granadan.
Arratsaldean erlojuaren kontrakoa izan zen: Sierra Nevadara igoera.
Irabazi nuen etapa hura 120 kilometro ingurukoa zen. Bost lagunek
ihes egin genuen, bizpahiru mendate txiki zeuden eta, azkenean,
bakarrik alde egitea lortu nuen. Beste lasterketa batzuk ere irabazi
nituen ihes eginda, baina Granadakoa da lortu nuen garrantzitsuena.
Bestalde, Espainiako itzuliko beste etapa batean seigarren egin nuen,
Kantabriako itzulian hirugarren egin nuen, Asturiaseko itzulian
seigarren izan nintzen…
Espainiako itzulia osatu al zenuen
inoiz?
Lehenengoa bakarrik. Bigarrengoan
Kantabrian erorketa izan nuen, Portillo de la Sian, eta ospitalean
bukatu nuen. Hirugarrenean hamar etapa osatu nituen. Hamaikagarrenean
bizikletaren koadroa hautsi nuen eta garai hartan taldeek
liderrentzat bakarrik eramaten zituzten ordezko bizikletak. Besteok
nola edo hala moldatu behar genuen. Taldearen autoa aurretik zihoan
eta erretiratu egin behar izan nintzen.
Ziklo-krosean, berriz, makina bat
lasterketa irabazi zenituen.
Irabazten nituen, bai. Duela gutxira
arte, lasterketa gehien irabazi dituen euskalduna izan naizela uste
dut. Aldizkari batean irakurri nuen errekorra nirea zela. 90 bat
irabazi nituen. David Secok gainditu nauela esan zidaten duela gutxi
lasterketa batean. Dena den, aldea dago: Secok Euskadi mailako asko
irabazi ditu eta nik irabazitako ia guztiak estatu mailakoak ziren.
Garai bateko arerioak, gainera, orain
Secok dituenak baino gogorragoak izango ziren…
Beno… Zortzi bat izaten ginen
irabazteko moduan: Maiora, Vijandi, Etxabe, Mujika, Izagirre,
Izuzkitza… Dena den, aurten ere maila nahiko ona izan da: Hermida,
Ruiz de Larrinaga… Aurten ziklo-krosak gorakada izan du. Urte
batzuetan Seco bakarrik zegoen. Hurrengoa bi edo hiru minutura
heltzen zen.
Espainiako txapelketa hainbatetan
irabazi zenuen.
Lau aldiz irabazi nuen. Gipuzkoakoa
hamabi aldiz irabazi nuen, baina Maiora nuen arerio bakarra.
Noiz utzi zenuen ziklo-krosa?
1991-1992 denboraldian, uste dut. Azken
denboraldian ez nuen lasterketarik irabazi. Ordurako Pla, Igartua eta
hauek aritzen ziren.
Ondoren mendiko bizikletarekin aritu
zinen.
Pare bat urte egin nituen eta senior
mailako Espainiako txapelketa irabazi nuen. Nire aurrekoa Salak
irabazi zuen. Mendiko bizikletaren lehen urte haietan ziklo-krosean
aritutakoak nagusitu ginen. Dena den, ezberdinak dira. Mendiko
bizikletan teknika gutxiago eta fondo gehiago behar da. Hermidak
berak esan zuen, Espainiako ziklo-kros txapelketa irabazi ondoren.
Hiru aldiz izan da Europako txapeldun mendiko bizikletarekin eta
Olinpiar Jokoetan bigarren izan zen, ez da edonor, baina
ziklo-krosean punta-puntan egon beharra dagoela esan zuen.
Noiz lehiatu zinen azkenekoz?
Azkeneko lasterketa 39 urterekin osatu
nuen. 1994an izango zen. Zahartuta nengoen dagoeneko. Gainera, denda
nuen eta prestatzeko denbora gutxi. Orain udan bakarrik ibiltzen naiz
bizikletan. Tourra ikustera joaten naiz. Orduantxe prestatzen dut
pixka bat neure burua. Neguan ez naiz bizikletan ibiltzen. Oinez eta
korrika, bai. Ez dut bizikletan sufritzeko gogorik.
Lasterketa asko irabazi zenituen, baina
ba al da penaz gogoratzen duzun bat?
Aretxabaletako ziklo-kros proba
telebistaz botatzen zuten urtero eta ez nuen sekula irabaztea lortu.
Bi edo hiru aldiz heldu nintzen bigarren. Errepideari dagokionez,
pozik handiena Espainiako itzuliko etapa irabazi nuenean hartu nuen.
Pena, berriz, Ingalaterrako itzulian bigarren heldu nintzenean.
Aldapa batean txekiar batekin alde egin nuen eta hark piano, piano,
tu primo esaten zidan; nekatuta zihoala eta ez zela garaipenaren
jokoan sartuko alegia. Heldu ginenean esprinta egin eta irabazi egin
zidan, ordea.
Italieraz hitz egiten ikasi zenuen,
beraz.
Estatutik kanpoko errepideko lasterketa
gutxitan parte hartu nuen, baina ziklo-krosean 15 aldiz parte hartu
nuen Munduko Txapelketan. Haietan ikasi nuen, batez ere, italiera
apur bat.
Asko aldatu al da txirrindularitza zu
hasi zinen garaitik gaurdaino?
Garai hartan inprobisazioa zen nagusi.
Ez zegoen medikuen jarraipenik. Urtean hiru aldiz joaten ginen, asko
jota, mediku azterketa egitera. Asko aldatu dela esaten dute. Dena
den, esfortzua lehengo berbera da. Motorra duenak aurrera egiten du
eta ez duena atzean gelditzen da. Hori bai, egun etekin handiagoa
ateratzen zaio gorputzari.
Zuek ere janaria asko zaintzen al
zenuten?
Beharko… bestela ez dago bizikletan
lehiatzerik.
Dopingik ba al zegoen?
Egongo zen… La pregunta del millon!
Gaur egungo moduan ez dut uste. Orduan ere zer edo zer entzuten zen,
baina medikuen jarraipenik ez zegoenez… Dopinga medikuek sartutako
gauza da. Horren inguruko zalantzarik ez dago. Profesionalak dira eta
etekina atera behar dute. Orduan taldeek ez zuten medikurik. Medico
de cabecera delakora joaten ginen. Bitaminak ematen zizkiguten, beti
hartu izan dena. Gure garaian ere izango zen dopinga, baina
horretarako dirua behar da.
Txirrindularitza jarraitzen al duzu?
Bai, bai… mundu horretan jarraitu
dut. Semea ere txirrindularia da eta urte guztia hara eta hona ematen
dut. 26 urteko alaba, 22 urteko semea eta 17 urteko alaba ditugu;
baina semea bakarrik dabil bizikletan. Ilusioa egiten dit. Dagoeneko
lanean hasi da eta lehen baino gutxiago entrenatzen du, baina
oraindik ere lehiatzen jarraitzen du. Elite mailara pasatu da eta
bere taldea izan denak, Debabarrenak, ez du adin horretako
kirolaririk. Hori dela eta, talderik gabe ari da.
Zer giro ikusten duzu txirrindularitza
munduan?
Giro nahasia dago, baina ez diot
garrantzia handirik ematen. Dena den, prentsan eta telebistan ikusten
denak pena ematen du. Dopingaz horrenbeste hitz egitea onerako
balitz… baina ez dut uste hala izango denik. Gero eta talde on
gutxiago daude eta profesional mailan beti egongo da dopinga.
Ba al duzu harremanik zure garaiko
profesionalekin?
Bai, karreretan ikusten ditut. Aurreko
batean Manuel Jorge Dominguezekin eta Cimarekin izan nintzen. Cimak
kazetari lanak egiten ditu eta galdera batzuk egin zizkidan. Maioz
ere ikusten dut batzuetan. Semea txirrindularia du. Mujikarekin eta
Nazabalekin ere harremana dut.
Maiora zure garaikidea berriro
lehiatzen hasi da.
Badakit. Berarekin izan naiz eta
erotuta dagoela esan diot. Bera ni baino zaharragoa da, 53 urte ditu,
baina ez nau batere tentatzen. Ez da sanoa. Maiorak promesa egin zion
alabari: aitona egiten zuenean itzuliko zela. Bospasei ordu bakarrik
egiten du lan egunean eta entrenatzeko astia du. Udan ere asko
ibiltzen da. Beti zaindu du asko bere burua. Guk platerkada osoa
jaten bagenuen, berak erdia jaten zuen. Oso zorrotza zen eta kaloriak
asko zaintzen zituen.
Non zabiltza lanean?
13 urte beteko ditut aurki
Construcciones Metalicas Urretxu enpresan. Beharko gustura egon…
Oraindik ere bizikletan ibiltzen zarela
esan duzu.
Bai, baina nahiago dut mendira joan.
Bestalde, baserri pusketa bat erosi nuen bere lursailarekin eta
horrek nahiko lan ematen dit: pinuak zaindu, sasiak garbitu… nahiko
kirol egiten da han! Bestelakoan, udan txirrinduan eta udazkenean eta
neguan mendian bueltatxo bat ematera. Tourrera hamar bat aldiz joan
naiz semearekin. Gazteagotan igo ez nituenak igo ditut orain:
Tourmalet, Alpe d’Huez… Duela hamar bat urte Tourmalet atzeraka
igo nuen. Apustua egin nuen… txorakeriak!
Familian kirolzaletasun handia duzue.
Osaba aizkolaria zen eta denok kirol
munduan mugitzen ginen. Aita ere zalea da. Bera ere bizikletan
ibiltzen zen gaztetan. Hori guztia dela eta, aitak ez zuen gaizki
hartu nik txirrindulari lasterketetan parte hartzea. Amak, ordea,
gaizki pasatzen zuen. Errepidean arriskua ikusten zuen.
Zer dio semeak? Askotan galdetzen al
dizu lehiatzen zien garaiko kontuei buruz?
Lehen gehiago galdetzen zuen. Oso zalea
da eta Internet bidez gertutik jarraitzen du txirrindularitza mundua.
Nahi duzuna galdetu eta hark erantzungo dizu.













