Gure hilabete honetako paranoiak ez du zerikusirik Asier Del Hornok Mikel Goñiren bertsio futbolistikoa –zelaian lortzen ez dituzten puntuak errepidean galduz– izateko duen arriskuarekin, edo talde txurigorriak Bigarren Mailako amildegian erortzeko duenarekin, hilabete honetako izenburuak orain urte batzuk TMEOk egindako portada bikainari egiten dio erreferentzia.
Bertan «Garzon detiene al Athletik de Bilbao» zioten fanzine honetako egileek eta, gauzak nola joan diren ikusita, tamalez argi dago errealitatea fikzioa gainditzeko bidean doala. Izan ere, urteen poderioz, munduko beste edozein lekutan sekulako astakeriatzat joko genituzkeen hainbat eta hainbat aberrazio normaltzat jotzen amaitu dugu. Hala, «dena ETA da» lelopean, 100dik gora izan dira kartzelaratuak, «zuk oraindik ez dakizu, baina ETAkoa zara» bezalako argudio sendoekin. Bilboko konpartsa baten txosnan, limoi eta laranja freskagarri kaxa batzuk izatea legez kanporatu duten Koordinadora Abertzale Sozialistarekin lotzeko froga argi bezala balio izan du, alderdi politiko bera legala izan da Urretxun eta ilegala Zumarragan, Alkate bat Auzitegi Nazionalera eraman dute «maite zaituztegu» esateagatik –eskerrak Pirritx eta Porrotxek singularrean kantatzen duten...– edo bere garaian «legala« zen alderdi bateko milaka herritarrei eskubide sozial eta politikoak lapurtu dizkiete. Finean, herri onen alde egitea –bakoitzak zilegi ikusten duen bidea edozein delarik ere– kriminalizatu dute eta laster konturatuko dira Abiadura Handiko Trenean ez, negozioa kartzela erraldoiak eraiki eta kudeatzean dagoela, izan ere, hor bai balizko bezeroen kopuruak ez duela behera egingo, batzuk sufrimendua gestionatzetik bizi diren artean. Badaezpada, Peio eta besteok, guk ere ilargiraino eta buelta...










