Inprimatu E-posta

Gabonak gustatzen zaizkit (133.alea)

Gogoan dut txikitan ama zenaren baserrian igarotzen genituela osaba, izeba eta lehengusuekin. Asteasu oso polita egoten zen abenduko azken egunetan.
Arratsalde osoak ematen nituen sutondoan artaburuak aletzen, izeba Anastaxiren kontuak entzuten eta tarteka “ekonomikaren” suari begira. Oroitzen ditut On Hipolito Usabiaga erretorearen meza “telegrafikoak”, eta aldarearen aurrean jartzen zuten “naximentua” ere. Irudi haiek, elizako argiak, baserriko sukaldean jartzen genuen pinuarenak, “Pasus Enea” tabernan jartzen zuten arbolarenak... Nire ume garaiko “aluzinazioak” bezala gordetzen ditut, eta dena LSDrik gabe. Nire haurtzaroko oroitzapenen artean gabonetakoak dira psikodelikoenak, eta denek daramagunez haur bat barruan, heldutasunean ere mantendu egiten dira ukitu psikodeliko haiek. Gabonak gustatzen zaizkit, zer egingo zaio bada. Bestalde, jende askok esaten du hipokresia eta kontsumismoa dela nagusi sasoi horretan, eta horregatik gorroto dituela Gabonak. Ados nago hipokresia eta kontsumismoari dagokionean. Ez dut uste, dena den, bi gaitz horiek gehiegi ugaltzen direnik Kristauen Jesusen etorrerarekin. Berau Aste Santuan hiltzen dutenean ere, ez gara etxean arrosarioa errezatzen gelditzen. Galdetu bestela Luz Ardiden edo Baqueira Bereten. Hipokresia eta kontsumismotik urtean zehar ere nahikoa izaten dugu.

Erabiltzaileen iritziak

Ez dago erabiltzaileen iritzirik.

 

 
 
Powered by jReviews