Ibon Garmendia
Lekaio Kultur Elkartea
Otamotzek aurpegi berria aurkeztu digun honetan, lehenik eta behin, eskertu egin nahiko genuke iritzia emateko tartea utzi izana. Kaleetan, Otamotzekoaz gain, hainbat aurpegi berri ari dira azaltzen: etorkinak hain zuzen ere. Horrela deitzen diegu kanpotarrak direlako. Multzo plural eta gero eta handiagoa osatzen dute.
Ezezagunak beti ematen du zeresana eta inmigrazioaren gaia noiz edo noiz denon ahotan egoten denez, gai hau sakonago aztertzea erabaki genuen Lekaio kultur elkarteko kideok. Gaia lantzeko ideiak asko izan badira ere, hiru hitzaldi burutu ditugu eta erantzuna ikusita jendartean kezka badagoela ikusi dugu.
Lehenengo hitzaldian Urretxun jaio eta lehen urteak bertan bizi izan zituen Jon Maia izan genuen. 60. hamarkadan lehen jende uholdea bizi izan genuen herrian eta lehen txokearen bizipenei buruz hitz egin zigun. Hitzaldi honetan ikasi genuen gauzetariko bat izan zen, orain arte euskaldunon komunitatean gutxitan azaldu izan zaigun bertsioa ere badagoela. Etorkinek eta beren ondorengoek bizi izan dituzten bizipen, sentsazio eta askoren konplexuen berri eman zigun Jon Maiak. Urretxutik Zumaira joatean lagunartean sumatu zituen aldaketek eta kontraesanek bere bizitzan izan duten eragina azaldu zigun. Baserritarren eta euskararen desprestigioaren bertsioa askotan entzun izan dugu, baina belarrimotx edo maketoen bertsioa gutxitan ezagutu ahal izan dugu bertatik bertara.
Lehen inmigrante horien gaia alde batera utzirik bigarren saio bat izan genuen. Bertan, gaur egun Euskal Herrian etorkinek izan dezaketen papera eta aurrera begirako erronkei buruzko gogoeta izan genuen. Obdu eta Victoria izan genituen solaskide eta beraiek Euskal Herri soberanista batean sustraiak ezin dituztela ahaztu gogorarazi ziguten (dena den beti gogoan izan behar dugu Bertold Brech-en esaldi hau, gogoaren kontra, egoerak behartuta, herria, sendia, etxea utzi behar duena ez da inmigrantea, erbesteratua baizik). Integrazioaz aritu ziren eta herri honetara etorri badira eskubide eta betebehar guztiekin etorri direla esaten ziguten. Komunitate bakoitzetik onena aukeratzea eta aprobetxatzea da biderik zentzuzkoena; hartara, denok batera aurrera egitea lortuko dugu eta ez aurre egitea. Euskaldunoi zera leporatzen ziguten, etorkinei inork ez diela azaltzen euskal kultura zer den eta hemengo ohiturak zeintzuk diren. Badaukagu zer landu.
Hirugarren hitzaldian, berriz, azken urte hauetan gure artean ezagunak egiten ari diren lau protagonista izan genituen. Jendaurrean lan egiten dutenez, gehienok ezagutzen ditugu: Patagonia jatetxeko Mercedes Sías (argentinarra), Galeperra elkarteko langilea den Tatiana Tancheva (bulgariarra), Palacio Oriental jatetxe txinatarreko Yang Xian Jun (txinatarra) eta Urretxu-Zumarragan 30 urte pasatxo daramatzan Driss Elmssioui merkatari eta herriko mezkitako arduraduna (marokoarra). Bakoitza mundu desberdin batetik etorri denez, bakoitzak bere esperientzia pertsonala azaldu zigun. Garbi dago lauak merkatariak izanik ekintzaileak direla, beren herrian ezin bizirik edo zerbait hobea aurkitzeko esperantzan bidaia bati ekin baitzioten. Beraien sentimenduak, bizipenak, ilusioak... plazaratu zizkiguten eta beraientzat normalak diren kontu batzuk eta guretzat hain arrotzak diren beste batzuk beraien ahotik entzuteko parada izan genuen.
Hiru saio hauen ondoren Lekaiok balorazio txiki bat egin du eta hemen zabaldu nahi genuen. Hiru jardunaldi hauekin garbi daukagu ez dugula gaia errotik heldu eta landu, besteak beste, etorkinen inguruan hamaika gai baititugu lantzeko. Gaiari aurten atera diogun argazkiarekin gustura gaude, baina gaur egun ez denez oso ederra, ez gaude koadro batean eskegitzeko prest. Batik bat euskal komunitatearentzat izan dira interesgarri hiru jardunaldi hauek eta hitzaldietan eman den partehartzearekin neurtu ahal izan dugu. Bukatzeko, aurrerantzean gizarte talde eta kultur taldeon artean landu beharreko gaia dela pentsatzen dugu, batik bat datozenek gizarte jantzia merezi dutelako.










