Inprimatu E-posta
 

Prest dago Martxoan Bertsoa zikloaren egitaraua Pil-pilean

2003an hasitako bideari jarraituz, Martxoan Bertsoa zikloaren seigarren edizioa martxan jarriko da aste gutxi barru.

 


Aurten, Aste Santuko oporraldia martxoan dela kontuan harturik, zikloaren muina dataz aurreratu dute bertso eskolakoek. Horrela, otsaila eta martxoa ia osorik hartuko ditu aurtengo edizioak.

Urteroko bideari jarraituz, egitarau orekatu eta oparoa prestatu dute aurten ere antolatzaileek. Aurten, gainera, aurreko ediziotan arrakasta itzela lortuz zikloari entzutea eman dioten ekimenak errepikatzeaz gain, inoiz baino berritasun gehiago dakartza herrian eta herritik kanpo erreferente bilakatu den zikloak. Martxoan Bertsoa bertso ziklo soila baino gehiago dela erakustea da, antolatzaileen esanetan, aurtengo Martxoan Bertsoaren xedea.

Horrela, Uxue Alberdi idazle eta bertsolari elgoibartarrak gidatuko duen Sorkuntza Tailerrak emango dio zikloari hasera. Gaztea izanagatik literaturan eta bertsolaritzan dagoeneko urrats sendoak eman dituen Alberdik, literatura egiteko bideak eta irudimena lantzeko ariketak egingo ditu otsaileko aurreneko bi ostiraletan gidatuko duen tailerrean. Hasera batean 14 eta 18 urte arteko gazteak literatura eta bertsolaritzara hurbiltzea da tailer honen helburua, baina adin tarte horretatik kanpo dagoen edonork ere har dezake parte.

Otsailaren 16an eta 23an, bertsolaritzari buruzko ikastaroa emango du Xabier Amuriza bertsolariak. Amuriza eskarmentu handikoa da bertsolaritza eskolak ematen eta ez da ahaztu behar 80. hamarkadaren hasera aldera berak urraturiko bideak ezarri zituela, neurri handi batean, bertsolaritza modernoaren oinarriak.

Azkenik, ikastaroen serieari amaiera emateko, otsailaren 29an Goenkaleko aktore ohi eta egun aktore zuzentzaile den Itziar Gomez Sarasolak jendaurrean komunikatzeko teknika landuko du.

Nobedadeekin jarraituz, martxoaren 8an, emakumeen nazioarteko egunean, bertsoa eta pilota uztartuko dituen ekitaldi berezia izango da Ederrena pilotalekuan, bertso pilota, hain zuzen. San Franciscon (AEB) jokatutako munduko pala txapelketan txapeldun izandako emakumezko pilotariak izango ditugu jokoan, eta Maialen Lujanbio eta Iratxe Ibarra bertsolariak kantuan. Ikuskizun aparta, beraz.

Aurreko urteetan hain arrakastatsu izandako herriko bertsolari txapelketa eta bertso afaria ere izango ditu, nola ez, aurtengo Martxoan Bertsoak. Kanporaketa ezberdinak egin ostean, martxoaren 15ean Gaztelekun jokatuko den finalean erabakiko da nor izango den aurtengo txapelduna. Bertso afariari dagokionez, Galeperran egingo da, azken urteotan bezala. Martxoaren 1ean izango da eta Aitzol Barandiaran eta Iñigo Manzisidor Mantxi bertsolari biziak arituko dira kantuan.

Eskolarteko bertsopaper lehiaketa, martxan

Zumarraga eta Urretxuko ikastetxeetan burutu ohi den bertsopaper lehiaketa ere, martxan da dagoeneko. Azken urteotan bezala, hiru maila bereiziko dira lehiaketa honetan, eta maila bakoitzean gai jakin bati buruzko bertsoak idatzi beharko dituzte lehiakideek. Otsailaren 15ean amaituko da lanak aurkezteko epea, eta sari banaketa martxoaren 7an izango da, Labeaga aretoan.

Azkenik, Gu ta Gutarrak taldearen emanaldia, Hitzen Lapurra bertsotxongilo ikuskizuna eta bertso eskolakoen eskutik helduko diren bertso musikatuak dira egitaraua ixteko falta diren ekimenak. Emanaldi hauek hurbildu ahala, emango dugu bakoitzaren berri. Argi dago, aurten ere, ez dela bertsoaz gozatzeko aukerarik faltako.




Erabiltzaileen iritziak

Ez dago erabiltzaileen iritzirik.

 

 
 

Parte hartzeko arauak



 

 abu   Iraila 2008   urr

AlArAzOgOrLrIg
  1  2  3  4  5  6  7
  8  91011121314
15161718192021
22232425262728
2930 
Techies Resources Technology