Arazoa konpontzeko eman diren pausoen berri eman zuen zuzendariak. Gai horren oinarrian PM10 partikulen isuria dagoela jakinik, argi gelditu da Jimenez de Aberasturiren arabera kutsatzaile nagusia Arcelor enpresa dela, «baina ez bakarra».
Lehenago azterketak egin izan badira ere, iazko ekainaren 11n hasitakoaren ondorengo pausoen berri eman zuen Jimenez de Aberasturik. Lehen neurketen berri izan eta Arcelor enpresari emaitzaren berri berehala helarazi ziotela argitu dute; udan konponketa batzuk egin zituen. Dena den, mantenimendu lanak egin arren «isuri maila altuak» zeudela agerian geratu zen abuztu-irailean.
Neurri zehatzak
Iazko udatik urrira bitartean bilerak egin zituzten enpresako arduradunekin, eta Zumarragako eta Urretxuko alkateekin. Zumarragan kokatua dagoen enpresari ekintza-plana egitea eskatu zitzaion arazoa konpontzeko, eta urrian aurkeztu zuen. Eremu bat asfaltatzeko konpromisoa agertzen zen planean: «Kamioiak lantegi barruan zoladurarik gabeko eremutik pasatzerakoan, partikulak berriro aireratzen ziren. Momentu honetan eginda dago galtzada berria». Planaren beste atal batean, «aurtengo udarako edo gehienez jota Gabonetarako», aspirazioa hobetzeko lanak bukatzea aurreikusten du enpresak, horrekin egungo legeriak ezartzen dituen partikula kutsagarrien gutxieneko indizeak ez gainditzeko. «Bestetik, zenbait neurri ere hartuko lirateke. Airearen kalitatea hobetuko litzatekeela esan genezake. Hala ez balitz, berriro ekingo genioke azterketari», esan zuen Jimenez de Aberasturik.
Beste faktore batzuk
Dena den, Arcelor bada kutsatzaile nagusia, gainontzeko enpresek ere «kutsaduran zeresana izan dezaketela» eta, horren aurrean eskualdeko beste enpresak ere aztertzen ari dira. Zentzu horretan, hilabete honetan CIE Legazpi, Bellota eta GKN bisitatuko dituzte teknikariek azterketa egiteko. Era berean, Eusko Jaurlaritzako zuzendariak adierazitakoaren arabera, beste zenbait faktore badaude, kaltegarrienetako trafikoa; airearen kutsaduran %40 eragin dezake gutxienez.
Airearen kalitateak eta kutsadurak Zumarragan ardura sortzen duela argi gelditu zen atzoko aurkezpenean. Herritar batzuek galderak eta iritziak helarazi zizkieten atzoko ekitaldian Jimenez de Aberasturiri. Kezkatutako hiritar batzuk enpresatik gertu bizi dira, eta kutsadura «oso nabarmena eta kezkagarria» dela adierazi zuten.
Arcelor enpresari eskatutako birmoldaketen ondorioz gaur egungo edo datozen urteetan ezarriko den legeriaren araberako gutxieneko neurriak errespetatuko diren argitzea eskatu zioten ingurumen zuzendariari. Zentzu horretan, Jimenez de Aberasturik adierazi zuen enpresak ezin direla gaur egun indarrean ez dagoen legeria bat betearaztea behartu .
Informazio gehiago:
- Kontaminazio datuak orduz ordu eta egunez egun
- Zumarragan
- Urretxun











