Hilaren 9an Luzio Gabiriaren omenezko XIX. bertso jaialdia izan zen Zumarragako Zelai-Arizti aretoan. Aspaldi ekin zitzaion Gabiriaren omenezko bertso saioa antolatzeari, esparru horretan lan handia egindakoa zen seinale. Duela 20 urte hil zen, ordea, eta gazte gehienek ezer gutxi jakingo dute bere jardunari buruz. Nor zen Luzio Gabiria?
Gabiriako Bekoetxe baserrian jaio zen 1923an eta, bere seme Joxe Marik askotan entzun zionez, bertan sortu zitzaion bertsozaletasuna. Bospasei urte zituela harrituta utzi zuen etxe ondoko Argindegi baserrian entzun zuen bertso moduko batek. "Erantzun azkar eta dotoreak harridura ez ezik lilura eragin zion eta handik aurrera sarritan ibiltzen zen errimak bilatzen", dio Joxe Mari Gabiriak.
Beste asko eta asko bezala, lanak ekarri zuen Zumarragara. Foru Aldundiko langilea zen eta 1957an hona bidali zuten. Gero Aurrezki Kutxa Probintzialean lan egin zuen, bulegoa ireki zenetik jubilatu zen arte. Ofizioak asko markatu zuen, bezeroekin harreman oso zuzena baitzuen, baina zaletasunek ere bai. Gizon jantzia zen, asko irakurtzen baitzuen, eta bere kabuz euskaraz alfabetatua. Dena den, literatura baino gehiago bertsoa maite zuen.
1961ean Zumarragako lehen bertso afari ofiziala antolatu zuen, beste lagun batzuekin batera, Galeperra elkartean. Ordurako Urretxuko Pasiotarren babesean euskara eta euskal kultura suspertzeko lehen ahaleginak abian ziren. Helburu berarekin, hango antzerki taldean parte hartzeaz gain, bertsolaritza bultzatzea erabaki zuen.
Ordura arte bertsolariak gehienetan binaka eta gai jartzailerik gabe aritzen ziren. Galeperrakoa izan zen bertso afarian artean lehenengoetakoa. Lehiaketa ere bazen. Inguruko bertsolariek parte hartzen zuten eta epai mahaikideak Joxe Lizaso eta Lazkao Txiki izaten ziren.
1961etik 1967ra bitartean antolatu ziren zazpi ekitaldietan bertsolari askok parte hartu zuten: Zaldibiako Patxi Iraolak, Gabiriako Euxebio Igartzabalek, Segurako Jesus Imazek, Telleriarteko Patxi eta Agustin Belokik eta Brinkolako Jesus Alberrok, Bittor Agirrek eta Iñaki Azarolak, besteak beste.
60ko hamarkada bukaeran Galeperra elkarteko zuzendaritza aldatu zen eta sartu berriek bertso lehiaketarekin ez jarraitzea erabaki zuten. Gabiria ez zegoen amore emateko prest ordea, eta bere jaioterrira eraman zuen saioa. Bertan Osinalde elkartea egiten ari ziren eta Euxebio Igartzabalekin batera Osinalde Saria jarri zuen abian. Lehiaketa hau gazteentzako antolatzen direnen artean garrantzitsuena da egun.
Luzio Gabiriak bere jaioterritik eta Zumarragatik kanpo ere lan egin zuen. Aizpurutxoko eta Zeraingo saioetan, esaterako, askotan aritu zen gai jartzaile. Gainera, lehiaketa askotan epaile izan zen: Idiazabalgo Zepai eta Errenteriako Xenpelar sariketetan, adibidez.
Horretaz gain, Juan Mari Balentziaga lagunarekin batera, Urretxu eta Zumarragako lehen bertso eskola jarri zuen abian. Balentziagak primeran oroi-tzen du saiakera hura. "Bertsolari eta bertsozale gazteak behar zirela ikusita, 1970 inguruan Ikastolako haurrei bertsoak irakasteari ekin genion. Hainbat alditan Arabako txapelketa irabazi duen Asier Otamendi, adibidez, gurekin hasitakoa da", dio.
Bi herriotako auzoetako festa batzordeetatik haurrekin kantatzera joateko deitzen zieten. Auzoz auzo ibilitako bat Juan Mariren semea da: Jon Balentziaga Euskadi Irratiko esataria.
Gabiriak Zumarragan Xalbadorri egindako omenaldia ere bultzatu zuen. Anoetan txistuak entzun ondoren eskaini zitzaion lehenengoa izan zen. "Xalbadorrek eta Uztapidek gure etxean lo egin zuten eta antzokia leporaino bete zen. Artean ume koxkorra zen Joseba Apaolaza aktoreak nire aitak idatzitako bertsoa kantatu zion Xalbadorri", oroitzen du Gabiriak.
Izan ere, epai mahaikide, gai jartzaile eta antolatzailea ez ezik, bertsolaria ere bazen. "1972an herriko bertsolarien txapelketa antolatu zen Gabirian eta aitak irabazi zuen", dio. Txapelketa hartan Iñaki Muruak ere parte hartu zuen.
Baina, nolakoa zen Luzio Gabiria lanetik eta bertso mundutik kanpo? Semeak ehiza, arrantza, perretxikoak eta bere jaioterria asko maite zituela oroitzen du. "Lehen Zumarragako eta Gabiriako festak garai berean izaten ziren eta 17 urte bete nituen arte ez nuen santaixabelez gozatzeko aukerarik izan". Juan Mari Balentziagak, berriz, bere umorea azpimarratu du. "Broma zalea zen, gazteen artean ibiltzeko aproposa. Bestalde, bertsolari sena zuen".









