Inprimatu E-posta

Bi herriotako merkatariak ere, euskararen alde (123. alea)

 

Merkataritza guneetan euskararen erabilera sustatzeko planaren barne, herri bakoitzean eredu den denda bati errekonozimendua eman zaio. Urretxun Mirentxu mertzeriako Onintzak Altzelaik jaso du eta Zumarragan Kux-Kux haurrentzako arropa dendako Mari Jose Cobosek. Biekin hitz egiten izan gara.

 

Onintza Altzelai: “Merkataritza arloan oraindik badago zer egin eta planak gauzak hobetzeko balioko duela uste dut”

Onintza Altzelai urretxuarrak duela sei urte ireki zuen Labeaga kaleko mertzeria eta hasieratik bere bezeroekin euskaraz egiten saiatu zen. "Jende asko euskaraz etortzen zait, baina batzuk gazteleraz ere bai. Euskaldunak direla dakitenei, euskaraz egiten diet. Beste batzuekin gaztelaniaz hasten naiz, baina euskaraz dakitela konturatzen banaiz, hizkuntzaz aldatzen dut", aitortu digu Onintza Altzelaik.

Bezeroek ere euskaraz egiteko ahalegina egiten dutela dio. "Bezero askok euskaraz egiten dute. Dezenterekin egiten dut euskaraz. Merkatariekin ere horretan ahalegintzen naiz, nahiz eta inguruko batzuk ez diren euskaldunak", dio.

Dendari urretxuarrak ez zuen espero aipamen hau jasotzea. "Nire lanarengatik aipamena jaso behar nuela esan zidatenean, poztu egin nintzen, noski. Duela hilabete batzuk euskararen erabilerari buruzko inkesta bat egin nuen, baina ez nuen uste halakorik tokatuko zitzaidanik".

Altzelaik merkataritza planarekin bat egin du eta, eskualdeko beste 29 dendarirekin batera, ekintza planean parte hartu behar du. Helburua ahozkoan eta irudian euskararen erabilera handitzea, motibazioa lantzea eta euskararen onurak gizarteratzea da. "Oraindik badago zer egin. Hala, planarekin bat egitea erabaki dut. Gauzak hobetzeko balioko duela uste dut".

 

Mari Jose Cobos: “Euskaraz lan egitea ez zait batere zaila iruditzen: lana nirea da eta ni prest nago”

Mari Jose Cobos euskaldun berria da. Gainontzeko euskaldun berri gehienak bezala, oso gogotsu mintzo da euskararekin duen harremanez. "14 bat urterekin hasi nintzen Gau Eskolara joaten, Ordizian. Gero, hona etorri ginen bizitzera eta jarraitu egin nuen. Gau Eskolan, HABEn eta AEKn aritu nintzen. Zeuden guztietan". Ahizpak Urdanetan kalean zuen supermerkatuan lanean hasi arte, ingelesa ikasten ere aritu zen. "Lanean hasi nintzenean, denbora gutxiago nuenez, ingelesa uztea erabaki nuen".

Mari Josek benetako konpromezua zuen, baina beste arrazoi bat ere bai... Izan ere, bere senarra Joxe Mari Etxaniz zen: Zumarragako Udaleko euskara teknikaria eta Zintzo-Mintzo elkarteko sortzaileetako bat. "Hasieran erdaraz hitz egiten nuen berarekin, oso hiztegi mugatua bainuen. Zutaz pentsatzen dudanean, erdaraz pentsatu behar dut, esaten zidan. Hori dela eta, berarekin euskaraz hitz egiten saiatzea erabaki nuen", dio.

Ordutik, Mari Jose Cobosek etxean euskaraz egiten du: lehenengo Joxe Mari zenarekin eta orain Josu eta Itziar seme-alabekin. Haserretzen denean, ordea, gazteleraz egiten duela dio. "Euskarak oso doinu suabea du eta haserretzen nintzenean erdaraz egitea erabaki nuen. Joxe Marik semeari kontuz, ama gaztelaniaz hasi da!, esaten zion". Egun, euskaraz hitz egiten du hizkuntza ezagutzen duten guztiekin. "Euskaraz egiteko gai izateak poz handia ematen dit".

Kux-Kux arropa denda 1989ko irailean ireki zuten eta Mari Josek hasieratik dihardu bertan lanean. Bezeroei euskaraz egiten die, noski. "Bezeroekin euskaraz hasteko ohitura dut. Erdaldunak badira, gaztelerara pasa eta kito. Ez da ezer gertatzen. Euskaltegira doazela esaten didatenek, euskara beste aukerarik ez dute nirekin, noski!".

Urretxu-Zumarragako euskaldunok, oro har, dendetara euskaraz jotzeko ohitura dugula dio. "Gazteak eta adinekoak euskaraz etortzen zaizkit. Euskaraz dakienak euskaraz egiten du lehen hitza. Inguruko herri txikietako jendea eta baserrietako jendea ere etortzen zait eta horiei ezin zaie gaztelaniaz egin. Euskara erabiltzen duen jendea geroz eta gehiago dela iruditzen zait", dio.

Karteletan-eta euskara erabiltzen ere saiatzen da, baina agiriak ezin ditu euskaraz jaso. "Lehengoan deitu zidaten Udaletik, harremana euskara hutsean izatea nahi nuen galdezka. Ez zait inporta, baina denda nire ahizparena da, gutunak hark irekitzen ditu eta ez daki euskaraz".

Merkatarien artean oraindik gaztelera nagusi dela uste du. "Euskaraz dakitenekin euskaraz egiten dut, baina gure ekitaldi guztiak erdaraz izaten dira: hitzaldiak, ikastaroak... Urretxu eta Zumarragan 20 merkatarik parte hartu behar dugu, oraingoz, lehenengo ekintza planean; baina 100 bat gara guztira", aipatu du.

Mari Josek inongo zalantzarik gabe bat egin du egitasmoarekin. "Euskaraz lan egitea ez zait batere zaila iruditzen: lana nirea da eta ni prest nago. Halako egitasmoak oso ondo daude gure jardunean laguntzeko, baina norberaren borondaterik gabe ez dago ezer egiterik".

Mari Jose Cobosek pozez hartu du merkataritza planaren arduradunek eskaini dioten errekonozimendua. "Eskerrak eman nahi dizkiet, estimulu handia baita. Horrek orain arte egindakoari eustera behartzen nau. Josu semeari aita ere poztuko zela esan nion. Ilusio handia egin dit: nire lana egin dut eta ikusi dela esan nahi du", azaldu du.

Erabiltzaileen iritziak

Ez dago erabiltzaileen iritzirik.

 

 
 
Powered by jReviews