 |
|
0.0 (0) |

Nork idatzia
otamotz.com
2007, Abendua, 20 Bistaratze: 1726
Joan den
igandeko Goierriko Hitzan Igor Susaetak artikulu hau argitaratu zuen eta interesgarria iruditu zaigu hona ekartzea.
Ez diot kontu horri garrantzia gehiegi ematen, herri bezala iguala direla uste dudalako. Ez dudalako askotan aipatzen den pikerik nozitu inoiz. Ez dut inoiz nire inguruan hitzaren gordinean sentitu. Beraz, Urretxukoa eta Zumarragakoa naiz; horkoa soil-soilik. Baina, berriro diot: ez naiz goierritarra. Zergatik? Oraintxe emango ditut nire epelean, berriro diot, nire, arrazoik xumeak.
Ni ez naiz goierritarra; beraz, ez naiz goierritarra sentitzen. Nongoa,
hortaz? Ba, Urretxukoa, edo Zumarragakoa ere, zergatik ez.
Argi eta garbi: geografikoki, behintzat, Urretxu eta Zumarraga ez dira Goierri. Nik dakidala Urola ibaiak zeharkatzen ditu gure herriak, eta bailara asko eta askoren izenak ibaiak berak izendatzen ditu. Hartara, badago Urola bailara izeneko bat. Hortaz, ez dut ulertzen zergatik ez garen Urola bailarakoak. Ah bai! Barkatu! Urola Garaia izeneko ente abstraktu horretakoak gara. Bale, bale...
Halere, askoz ere gehiago interesatzen zait alderdi soziologikoa, hitzak berak dezenteko kiratsa botatzen duen arren. Hobe harreman pertsonalen alderdia deitzea. Beraz, esango dut: nire lagun, ezagun eta abar gehien-gehienak ez dira goierritarrak sentitzen. Esan izan didate, ba, geografikoki, hau Urola dela. Eta, aldi berean, esan izan didate, ba, goierritarrengandik bereitzen garela gauza askotan. Eurek esandakoa da.
Badakit helduen artean badela beste sentimendu bat. Eurek Urretxu eta Zumarraga Goierri direla esaten dute. Uste dut hala zela garai batean. Ez dakit zergatik. Eta beno, egun ere sentimendu horri eusten diote. Egia esan, ez zaizkit gehiegi interesatzen aspaldiko kontu horiek. Zergatik bai, zergatik ez...
Eta, beno, Goierrikoa, Urolakoa, Debagoienekoa edo Europakoa izateak ez dit loa kentzen, baina argi utzi nahi dut, ni, 2007an, XXI. mendean, ez naizela goierritarra sentitzen; ez ni, eta ez nire belaunaldiko beste asko. Zergatik ote? Badakit, gainera, Goierritar askorentzat gu ez garela goierritarrak. Halaxe esan izan didate. Ez dakit, Zaldibiko bat eta Ordiziko (adibidez) bat elkartzen dira hor nonbat, eta: “Nongoa zara?”. Zaldibi erantzun dio batek. Eta besteak: “Honbre, goierritarra”. Uste dut, Urretxu eta Zumarragatarrei ez zaiela hori gertatzen, ez dutela esaten: “Honbre, ni bezala, goierritarra”; eta goierritarrei ez zaiela hori gertatzen Urretxu eta Zumarragakoekin. Beraz...
Beraz... Nongoak gara? Urretxu eta Zumarragakoak soi-soilik. Debagoienekoak ez gara geografikoki, eta Urola Bailara ofizialeko edo Urola Kostakoentzako ijito edo kastellano batzuk izan gara beti. Gainera, ez zaigu Urola Garaia izena gustatzen. Ba zer gelditzen zaigu? Ba zer gara gu? Urretxu eta Zumarragakoak gara gu. Soilik-soilik. Eta ze ondo!!