Inprimatu E-posta

Gabonak (132.alea)

Errutinaren erdian oasi txikia dira Gabonak. Ohikoak dira familiarteko afari eta bazkariak, lagunekin parrandak, opariak... tradizioak aginduta, ia derrigorrean egin beharreko konpromiso sozialak. Ohikoak dira ere elkartasuna, maitasuna eta behar dutenei laguntzeko mezuak.
“Gabonetako espiritua” delakoaz ari naiz. Badirudi denak pertsona hobeak izatera derrigortuta gaudela sasoi honetan. Espiritu honek bultzatuta, bidezko merkataritzako produktuak erosten ditugu, ezagutzen ez dugun lurralde batean, ezagutzen ez ditugun horiei laguntzeko. Etxean dugun janaria bildu eta atzerriko lurraldeetara bidaltzen dugu, arrotza zaigun errealitate bat goxoago egingo dugula konbentzituta. Ez naiz ni asmo onekin egindakoa kritikatzen hasiko. Beste hausnarketa bat egitera nator. Izan ere, gosea ez da Gabonetan bakarrik agertzen, tsunamiak ez dira urte amaieran bakarrik gertatzen eta zapalduta eta eskubiderik gabe bizirauten duten herriek urteko 365 egunetan nozitzen dituzte injustiziarik krudelenak. Badira, herri hauek laguntzeko urte guztian zehar lana egiten duten elkarte eta pertsonak. Urteko egun guztietan gainontzekoen beharra izaten dutenak. Ez gaitezen engaina. “Gabonetako espiritua” geure buruarekin ditugun zorrak kitatu eta pertsona hobeak garela sinestarazteko tresna da. Ez al gara inoiz ohartuko pertsona hobeak izateko edo besteei gure elkartasuna adierazteko modurik onena egunero gauza txikiak egitea dela?

Erabiltzaileen iritziak

Ez dago erabiltzaileen iritzirik.

 

 
 
Powered by jReviews