Jon Arana zumarragarra, lur azpiko Europako gelarik handiena zapaldu
zuen aurrenekoa izan zen 1958an; 50 urteren ondoren, berriro jaitsiko
da espeleologo eta mendizalea Torca del Carlista leize-zulora, datorren
urtean.
Otamotzen ere elkarrizketa egin genion orain gutxi Jon Aranari
Espeleologian urte asko eta askoko esperientzia duen mendizalea da Jon
Arana. (Zumarraga, 1927). 81 urte beteko ditu datorren urteko
apirilean, baina Aranak 81 urte betetzea baino lehenago badu bestelako
helbururik.
1958. urtean, duela ia 50 urte, Karrantzan (Bizkaia) Torca
del Carlista leize handiaren barrenera iritsi zen lehena izan zen.
Leize zulo hori Europako lur azpiko gelarik handiena duena da.
Urtemuga hori dela-eta ospakizun bat egiteko asmoa dute, eta
Aranari berriro jaisteko gonbitea egin diote. Onartu egin du, eta
jaisteaz gain bere herri kutuneko Ama Birjinaren irudia eraman nahi du
berarekin batera; Zumarragako Antioko Amaren irudi bat uztea du helburu
leizearen sakonean. «Herriak emandako irudia izango da, alkatearekin
hitz egin dugu jada».
Orain 50 urteko jaitsiera garrantzitsu hura atzo bailitzan
gogoratzen du; konturik txikienak ere gogoan ditu, eta zenbat eta
gehiago aipatu, orduan eta bizitasun gehiagorekin kontatzen du.
Ahotsaren tonuan ere antzeman dakioke emozioaren zantzua.
Gaur egun Zumaian bizi bada ere, goierritartzat,
zumarragartzat du bere burua Aranak, eta amorratzen egon ohi da inguru
hauetara, bere jatorriko lurrera gerturatzeko.
Aurreneko jaitsiera
Duela 50 urte izan zen. Bizkaiko Karrantza herrian bi leize
zeuden esploratu gabeak, «Torca del Carlista eta La Gran Ruptura
deitzen zituztenak». Taldetxo bat bildu zen horiek aztertzera. Tartean
lau gipuzkoar zeuden, eta nola bi leize-zulo ziren, binaka banatu
ziren.
Aranari bigarrena tokatu zitzaion. Leizera joan eta 70
metroko sakonera zuela soilik jabetu zen, eta itsua, irteerarik gabea
zela ere baieztatu zuen, bera izan baitzen beheraino jaisten aurrena.
«Oso txikia zen», dio Aranak.
Beste taldekoak leizera joaterakoan materiala eramaten
lagundu zien Aranak, baina leizearen inguruetan «mendi buelta» egiteko
aprobetxatu zuen. Handik itzultzean oraindik ere leizearen kanpoaldean
ikusi zituen lagunak. Zer moduz ari ziren galdetu eta oraindik 30
metrora zeudela esan zuten. Aranari «oso gutxi» iruditu zitzaion, izan
ere bazuen zulo horren berri eta jakin bazekien «handi samarra» zela.
Orduantxe, barruan zegoen batek erreleboa eskatu zuenean,
Arana tokatu zen kanpoan, eta lagunek utzitako tresneriarekin barrura
joatea egokitu zitzaion.
30 metrora «nahiko ongi» jaitsi zen. «Han egoteko toki
txiki-txiki bat zegoen, bi lagun egoteko adina. Handik 15 bat metrora,
koska txikitxo bat zegoen eta gorputza dantzatuz lortu nuen hara
iristea. Han, ordea, makurtuta egon beharra zegoen. Esertzea lortu nuen
eta hankak zintzilik geratzean, hutsunea nabaritzen hasi
nintzen.Erabateko iluntasun hartan, hutsune izugarria sentitzen zen eta
tira egiten zuela zirudien», kontatzen du, aurkikuntza historikoaren
atarian.
Une horretan, hutsunea zenbaterainokoa zen jakitea tokatzen
zen; harritxo bat hartu eta zuloan behera bota zuen, kontatzen hasiz.
11raino iristean ez zuela entzungo pentsatu zuen, baina orduantxe
nabaritu zen harritxoaren takatekoa. 100 metrotik gorako sakonera zuen
zuloaren goialdean zegoen Arana. Urik ez zegoela ziurtatzeko moduan
zen, behintzat. «Ura egonez gero ez dago jakiterik potzua txikia edo
handia den, baina urik ez badago zuloaren sakontasuna jakin daiteke»,
azaldu du Aranak. Lau aldeetara egin zuen harriekin neurketa berdina,
eta sekulako gela zela ohartu zen: 100 metroko sakonera zuen eta lau
aldeetara antzeko. «Guggenheim eraikina erraz sartzeko moduko lekua
dago barrenean». Beheraino jaistea erabaki zuen Aranak. Sakonera
helduta, goikoei jakinarazi behar zien iritsiera, eta horretarako
kodeak erabiltzen zituzten.
Kodeak eta tresnak
Kodeak aurretik zehaztuta izaten dituzte espeleologoek.
Sostengu gisara erabiltzen zituzten sokei tira eginda edo txilibitua
joz komunikatzen ziren garai hartan. Tiraldi edota txistu bakoitzak
bere esanahia zuen.
Behin tira eginda
stop ulertzen zen; bi aldiz tira eginez gero
i-go esaten zen; eta hiru aldiz eginez gero
be-he-ra
joateko erabakia hartu zutela jakinarazten zen. Lau aldiz txistu egin
edo sokari lau aldiz tira eginda, beheraino iritsi zela adierazten zen:
i-ri-tsi-naiz. Horixe izaten zen harkaitz artean erabiltzen zuten hizkuntza edo kodea.
Tresnak ere bereziak zituzten duela 50 urte. Kaskoa, hasieran
gerra garaikoa erabiltzen zuten, eta gerora hasi ziren obretakoa
erabiltzen. Espeleologia munduan garrantzia handia duen beste elementu
bat argia da. Era desberdinak zeuden iluntasuna argitzeko ere;
bakoitzak bere sistema gogokoena erabiltzen zuen, eta Aranarena
karburoa zen.
Torca del Carlistara jaisterakoan kasualitatez harrapatu
zuten, eta bere tresneria kanpamentuan utzia zuen. Taldekide batek utzi
zion kaskoa, bateriaduna. «Ez dut horrelakorik gehiago ikusi nahi».
Bateria bukatuz gero zulo beltzean argirik gabe geratzeko arriskua
sumatzen zuen, eta errezeloz ibiltzea tokatu zitzaion: «Karburoa
bukatzera doanean abisatu egiten du, bateriak ez». Kaskoa, argia,
sokak, eskalak eta gerrian aiztoa hartuta ibiltzen ziren.
Apirilerako gogo bizia
2008ko apirila iristeko zain jarrita dago Arana. «Ondo jaitsiko
dut, igotzean dago arazoa. Tresneria aldatu da eta teknikak ere bai».
Txiki-txikitatik kirol asko egin izan du Jon Aranak. Lagun artean
boxeoan eta pilotan aritua da. Pasiatzen kalean aritzen da, eta mendian
ibiltzea ere gustuko du.
Jaitsi zuen lehenengo leize-zuloa Aizkorrikoa izan zuen
Aranak, baina ordutik Euskal Herriko makina bat harribitxi ezagutu ditu
zumarragarrak. «Batzuk ahazten dira, baina horrelakoak ez» dio,
Europako lur azpiko gelarik handienarekin gogoratuz.