Inprimatu E-posta
Albisteak Kultura Puntako bertsolariak izango dira Gabiriaren omenezko saioan
 

Puntako bertsolariak izango dira Gabiriaren omenezko saioan

Mendiluze, Egaña eta Arzallus arituko dira, besteak beste, Santa Lutzi bezperan eta bihar jarriko dira salgai sarrerak. Urtero Santa Lutzi feriaren baitan egin ohi den moduan, Luzio Gabiria zena omendu asmoz antolatu den bertso jaialdia izango da datorren asteazkenean, Zelai Arizti aretoan, gaueko hamarretan. Hogeigarren edizioa beteko du aurten jaialdiak, eta, urtero bezala, puntako bertsolari taldea izango da Zumarragan kantuan, Santa Lutzi egunaren bezpera girotzen. Aurtengoan, Andoni Egaña, Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Aitor Sarriegi eta Uxue Alberdi bertsolariak bertatik bertara ikusi eta entzuteko aukera izango dute Zelai Ariztira gerturatzen diren bertsozaleek.

Sarrerak aldez aurretik erosteko bihar eta etzi izango da aukera aretoko leihatilan, 19:30etik 20:30era. Ekitaldi egunean bertan oraindik sarrerarik geratuko balitz saioa hasi baino ordubete lehenago jarriko dira salgai. Sarreren prezioa 6 eurokoa izango da.

Bertsolari ezagunak

Bertso Eskolako kide diren antolatzaileen arabera «aurkezpen handiegiren beharrik ez duten bertsolariak dira. Andoni Egaña zarauztarrak Euskal Herriko txapelketa nagusia irabazi du azken lau ediziotan, eta etengabe plazarik plaza dabilen bertsolari nekaezina da. Asko dira bere bertsokera berdingabea imitatzen saiatu diren bertsolariak, baina egun, hanka sartzeko beldurrik gabe esan daiteke Andoni Egañaren bertsokera bakarra dela».

Txapeldunak, lau bertsolari gazte izango ditu alboan. Antolatzaileen iritziz «Aitor Mendiluze andoaindarra eta Aitor Sarriegi beasaindarra dira, agian, uneotan sasoikoen dauden bertsolariak. Ordizian jokatutako Gipuzkoako txapelketako finalerdian aurreneko postuak lortu zituzten biek, eta horrenbestez hilaren 16an Donostiako Ilunbe zezen plazan jokatuko den finalean kantatzeko txartela. Finala baino lau egun lehenago eurak Zumarragan kantuan entzuteko aukera izango dugu».

Amets Arzallus, bertso ibilbide emankorra egin du dagoeneko, adinez gaztea izanagatik. «Azken txapelketa nagusian finalean kantatu zuen, eta egun Euskal Herrian plaza gehien egiten duten bertsolarien artean kokatu behar dugu hendaiarra. Sekulako erraztasuna du bertsoak osatzeko».

Uxue Alberdi bertsolari elgoibartarra da taldeko bosgarrena eta Zumarragako entzulearentzat agian ezezagunena den bertsolaria. «Bat bateko bertsolaritzan orain gutxi lehen urratsak emana, ibilbide laburra egin du gaur arte, baina arrastoa utzi duena. Bertsolari izateaz gain idazle ere bada, aurtengo otsailean "Aulki bat elurretan" bere lehen eleberria argitaratu du idazle gazteei zuzenduriko Igartza literatur sorkuntzarako beka jaso ostean». Bertso eskolako kideen arabera, Gipuzkoako txapelketako finalera heltzea lortu ez badu ere, «lan txundigarria egin du, literatur ukituak dauzkan bere bertsokera berezi eta samurraren laguntzaz».

Zozketa eta urteurrena

Iaz egin zen moduan, aretorako sarreran zozketa txartel bana emango zaio entzule bakoitzari eta saioaren amaieran gabonetako saski bat zozketatuko da bertaratutako guztien artean. Era berean, aurten Luzio Gabiriaren omenez ospatzen den jaialdiak hogeigarren ekinaldia betetzen duenez, saioan zehar modu berezian gogoratuko da bere irudia. Antolatzaileek sorpresaren bat edo beste iragarri dute

Erabiltzaileen iritziak

5 erabiltzaileen batez besteko balorazioa

 

Artikuluaren Balorazioa:
 
5.0
 
 

luzio babiria bertsotan

nik uste dut punta puntako bertsolariak izango ditugula santa lutzi bezperan goza dezagula guztiok, zorionak gorka uxue eta antton fernandezi.
Artikuluaren Balorazioa:
 
5.0
Avatar Iritzi emailea gorka

2007-12-07
 
 

Iaz sarrerarik gabe

Badaukat gogoa Uxue zuzenean eta "monstruo" horiekin ikusteko. Ea aurten sarrerarik gabe ez naizen geratzen. Gorka: gorde bat niretzat!
Artikuluaren Balorazioa:
 
5.0
Avatar Iritzi emailea Sebas

2007-12-07
 
 

Boskote erakargarria

Iaz jende mordoxka geratu zen aretora sartu ezinik eta gogoan dut, bai, zu ere tartean zinela, Sebas. Ez dakit aurten iazko jende uholdea izango dugun, baina kartela izugarri erakargarria denik ezin da ukatu. Egaña, Mendiluze, Arzallus, Sarriegi eta... Uxue Alberdi. Neska hau zuzenean kantuan sekula entzun ez duen bertsozaleari bereziki gomendatuko nioke asteazken gauean Zelai Ariztira gerturatzea.
Artikuluaren Balorazioa:
 
5.0
Avatar Iritzi emailea Gorka Azkarate

2007-12-07
 
 

non daude sarrerak

larunbatean joan nintzen sarrerak hartzera eta ez zegon iñork asteazkenerako egongo dira sarrerak ez azkarate
Artikuluaren Balorazioa:
 
5.0
Avatar Iritzi emailea gorka

2007-12-10
 
 

Aitak ikusiko balu !!!

Beti izan genuen aita euskalzale eta bertsozale eta makina bat ahalegin egin zituen gure bi herriotan bertsozaletasuna suspertzeko. Bertso - Eskolen alde ere saiakera bat baino gehiago egin zituen. Orain irakurri berri ditudan Amaiaren bertso bikainak entzungo balitu pozik jarriko zen. Beraz argi dago hazitxoak utzi zituela eta orain bere fruitua ematen ari direla.
Artikuluaren Balorazioa:
 
5.0
Avatar Iritzi emailea Arantxa Gabiria

2007-12-10
 
 
 
Powered by jReviews
 

 ira   Urria 2008   aza

AlArAzOgOrLrIg
   1  2  3  4  5
  6  7  8  9101112
13141516171819
20212223242526
2728293031 
Blog Behavioral Synthesis