Amaia zirkoko neska malabarista bat da. Kolore biziko lau pilotekin egiten ditu malabarismoak eta alboan Mixi katua izaten du beti laguntzaile.
Honek zetazko lepokoa eramaten du soinean, bere ile zuriari bizitasun apur bat emateko eta dotorezia handiz mugitzen da neskaren inguruan. Amaiak gerrirainoko adats kizkurtua du, bi txirikorda finetan banaturik. Kopeta ile horiaren azpian ezkutatzen dituen begi urdinetan lotsa eta umiltasuna islatzen dira nagusiki. Sudur zorrotzaren ondoan hiru orban ñimiño nabarmentzen zaizkio, neskaren gustukoak hirurak ere, nortasuna ematen diotela iruditzen baitzaio. Ezpain haragitsuek irribarre faltsu bat espresatzen dute neskatoaren aurpegi gozoan. Amaiak oso janzkera kuriosoa du. Niki bat baino gehiago janzten ditu elkarren gainean, zein baino zein ezberdinagoak, baina, denak ere beso zabalekin malabarismoak erosotasun osoz egin ahal izateko. Erabiliaren erabiliaz urraturiko galtzak justu-justu iristen zaizkio orkatila argaletara. Oinetan, berriz, mutur zorrotzeko txapin zaharkituak daramatza, minberatutako behatzak luzatzen uzten ez dizkiotenak. Oso isila da eta apenas hitz egiten du zirkoan lan egiten duten gainontzeko adiskideekin. Besteekin erlazionatzeko duen zailtasunak bakardadera bultzatu izan du maiz, eta une horietan Mixi izaten du lagun bakarra. Azken hau, leiala eta maitekorra da Amaiarekin eta, gainera, segurtasun handia ematen dio neguko gau haizetsuetan. Kolore eta irudi alaiekin apainduriko karpa erraldoi baten azpian ematen duten erakustaldia ikusgarria izaten da benetan, eta bertan irri eta txalo zaparrada beroak jasotzen ditu neskatxak. Zirkoan lan egiteaz harro sentitzen da orduan, baina, apaltasunez eskertzen ditu laudorioak eta musu gartsu batekin agur-tzen ditu denak bere esku zurixkaz agurtuz.
Maialen Igartua
DBHko 4. maila ikasten du Garaialde Lizeoan eta deskribapen hau klaserako egin zuen.











