Inprimatu E-posta

Jesus Iturbe: Urretxun enpresa gizona eta Zumarragan politikaria (131.alea)

Dagoeneko ez dago argi esaterik Jesus Iturbe Urretxukoa ala Zumarragakoa den. Urretxun jaio zen eta bertako hainbat ekimenetan parte hartu zuen: Txirimiri elkartearen eta Eliz-Alde futbol zelaiaren sorreran lagundu zuen eta Goierri kirol elkarteko pilota sekzioko arduraduna izan zen eta Egumendi enpresa ireki zuen. Ezkondu zenetik, ordea, Zumarragan bizi da. Hiru legealditan bertako Udaleko zinegotzia izan da EAJ alderdiarekin.

Zumarragan bizi zara eta bertako zinegotzia izan zara, baina ez zinen bertan jaio.

Zumarragarentzat lan egin aurretik, Urretxun aritu nintzen. Izan ere, bertan jaio nintzen: 1940an, Iparragirre 48ko Leandro Berriotxoaren etxean. Iparragirre kalekook borroka bat baino gehiago izan genuen Kalebarrenekoekin. Gaztetan Urretxuko ekimenetan parte hartu nuen. 16 urterekin Txirimiri koadrilaren sortu genuen eta herriko ekimen guztietan parte hartzen genuen. 20 urterekin Eliz-Alde zelaia egiten lagundu genuen eta 21ekin Goierriren futbol txapelketa irabazi genuen. Finala 1961eko San Jose egunean jokatu zen eta 2.000 lagun baino gehiago elkartu ziren Urretxuko futbol zelaian. Kapitaina nintzen eta Agustin Agirre alkateak eman zidan trofeoa. Soldadutzatik itzuli nintzenean, 1963an, Goierri elkarteko pilota delegatua izendatu ninduten eta, urte berean, Gipuzkoako federazioak Goierri osorako delegatu jarri ninduen.

Pilotak indar handia izan zuen Ederrena zaharrean.

Zenbait urtetan lan talde oso onak izan genituen. Urtean 30-40 jaialdi inguru antolatzen genituen. Gainera, Urretxu txapeldunorde izan herriarteko lehen txapelketan. Ederrena zaharrean hamaika txapelketa jokatu ziren. Bertan Javier Erostarbe zenak jubenil mailako Espainiako txapelketa irabazi zuen.

Nolatan sartu zinen pilota munduan?

Nik ez nuen jokatzen, baina asko gustatzen zait. Umetan kopa txiki bat irabazi nuen, baina ez nintzen sekula zuriz jantzi. Pilotarien Batzarrean omenaldi txiki bat eskaini zidaten eta hori esan nien. Pilota asko maite dut.

Urretxun horrenbeste lan egin eta gero, Zumarragara etorri zinen. Ez al zitzaizun inor haserretu?

Zumarragara etorri ondorengo lehen urteetan Urretxun jarraitu nuen lanean. Txirimiri elkartea ireki genuen, adibidez. Autoa gurasoen etxean uzten nuen eta mezetara ere Urretxura joaten nintzen. Alderdian eta, batez ere, udaletxean hasi nintzenean murgildu nintzen Zumarragako errealitatean. Orduan hasi zitzaizkidan Pero, si tú eres de Urretxu, ¿qué pintas aquí? eta halakoak esaten. Zumarragan lan egitea tokatu zitzaidala esaten nien. Orain Urretxukoek Zumarragakoa naizela esaten dute eta alderantziz. Urretxun bizitzen gelditu izan banintz, seguru aski ez nukeen Zumarragako ezertan parte hartuko. Urretxuko udaletxean egongo nintzen, seguru. Urretxun oso gustura bizi izan nintzen eta Zumarragan ere hala bizi naiz. Oraindik Txirimiri elkarteko kidea naiz eta niretzat bi herriak bat dira. Bietakoa sentitzen naiz. Bat egitea eztabaidatu zen garaian, gainontzeko gehienak bezala, ados nengoen. Dena den, zalaparta sortu zutenak atera ziren garaile.

Aita Aginagakoa zenuen eta ama, berriz, Bidanikoa.

Aita oso langilea zen. Baso mutila zen eta mendian zuen bere bizitza. Inguruko mendi eta lursail guztiak ezagutzen zituen. Egurra bildu, zerrategira ekarri, oholak egin eta saldu egiten zituen. Ondo lan egiten ez bazen, haserretu egiten zen. Ama oso ona zen. Semearentzat ama ona da beti. Bidania, Albiztur, Beizama eta inguruetako kontuak zituen beti mingainean. Sukaldari oso ona zen.

Nola gogoratzen duzu zure haurtzaroa?

Bidanian aitona-amonak genituen eta osaba genituen. Arrebarekin joaten nintzen eta uda han ematen nuen, baserrian. Lan txiki batzuk egiten nituen eta igandeetan aitonarekin Bidaniko meza nagusira joaten nintzen. Hango Toki-Alai tabernan salda hartu eta Santutxo baserrira itzultzen ginen. Oso oroitzapen onak ditut, baina ordutik ez naiz askotan joan. Oroitzapen onak zapuztuko diren beldur naiz. Aginagara ere joaten nintzen, batez ere San Martinetan. Muxikako Lazarok anaia Antonek eta biok egurra ematen geniela esan izan dit, baina kaletarrek baserritarrei egurra ematea harritzekoa da.

Urretxu eta Zumarragako kontuak ere izango dituzu…

Eskola, eliza eta jolasak, hori zen gure bizimodua. Igandeetan Hermanotara joaten ginen zine mutua ikustera, hori zen asteko une desiratuena. Festak ere oroitzen ditut. Berezienak Santa Lutziak ziren. Diru gutxi genuen, baina gustura bizi ginen.

Etxean sekulako aizkora giroa biziko zenuen. Nola gogoratzen duzu?

Aitak 1927, 1928 eta 1930ean Atotxako futbol zelaian txapeldun izan zela gogoratzen zigun. Apustu asko jokatu zituen. Gogoangarriena 1933ko abuztuaren 6an Donezteben jokatu zena da. 12.00etan jokatu behar zen eta bero itogarria egiten zuen. Pilotalekua jendez gainezka zen bi ordu lehenago. Aurkaria Urrozko Inazio Saldias zen eta aitaren koadrilak saioa atzeratzea erabaki zuen. Nafarrek ez zuten onartu eta hasi egin ziren. Aitak noizean behin atseden hartzen zuen, baina nafarrak ez. Azken enborrari aurretik ekin zion, baina ziplo lurrera erori zen. Aitak apustua bertan behera utzi zuen eta Saldias arratsalde hartan bertan hil egin zen. Gure aitak ez zuen askotan aipatzen kontu hau. Apustu hura arratsaldean jokatu behar zuela eta tartean ziren guztiek erru apur bat zutela uste zuen. Behin anaia eta biok aitarekin Urrozera joan ginela gogoratzen dut. Ordutik aitak Nafarrekin hartu eman handia izan zuen eta mutil asko etortzen ziren gure etxera apustuak prestatzera. Hilabete pare bat ematen zuten hemen eta gustura egoten ginen haiekin. Janaria ez zen sobran eta txuleta zati bat ematen baziguten, gustura! Gipuzkoarrak ere izan ziren etxean: Yurrebaso, Zeberio, Luxia, Errekalderen semea…

Zu ez al zinen sekula aizkoran saiatu?

Aitarekin plaza askotara joaten nintzen. Guztietan oso ondo hartzen zuten aita. Guztiekin gelditzen zen hitz egiten eta ni isil-isilik egoten nintzen, entzuten, gustura. Nik ez nuen saiakerarik egin. Bakarrik nengoenean aizkora hartzen nuen, baina ez nuen enborra azkar mozten. Aitak ez ninduen bultzatu. Ez nintzen mutil indartsua eta eskolako kontuetan aurrera egitea nahi zuen. Bera aizkoran abila zen, baina ez zuen guk bere bidea hartzea nahi. Mendiko lanetan larri zebilen batean, lagunduko niola esan nion, baina berak tailerrean jarraitzeko esan zidan. Kuriosoa da, berak Patrizio Etxeberriaren tailerrean enkargatu izateko aukera izan baitzuen eta muzin egin baitzion. Berak mendian lan egin nahi zuen, bere kasa, baina semeentzat ez zuen hori nahi. Sei seme-alaba zituen eta denentzat iritsiko ote zen beldurrez… Tailerra ireki genuenean, gustura etortzen zen.

Zer ikasketa egin zenituen?

Gutxi ikasi nuen. Oinarrizko ikasketak Urretxuko nazionaletan egin nituen. Maisua Don Mateo zen. Berak zekien guztia irakatsi zigun: batuketak, kenketak, biderketak eta zatiketak; ortografia; geografia eta giza eta erlijio hezkuntza. Heziketa humanistiko ona eman zigula uste dut, baina matematikan herren gelditu ginen. Aljebra ez zela behar esaten zigun… ez zekien eta!

Nondik nora ibili zara lanean?

14 urterekin Juan Unanueren tailerrean hasi nintzen. Berehala Madayara joan nintzen. Bederatzi urte eman nituen bertan. Bertan jaso nuen lanbide heziketa. Heldu nintzenean oso gutxi nekien eta lehen hilabetean hiru kilo galdu nituen, urduritasunak jota. Enpresak gau-eskolak ematen zizkigun gazteei. Eskolak enpresa-buruek ematen zizkiguten. Urte haiek maitasunez oroitzen ditut. Luis Aginagaldek eta Jose Manuel Martinez Juanbeltzek gure formazioa nabarmen hobetu zuten.

Zer lan egiten zenuen Madayan?

Planifikazioaz eta ekoizpenaren jarraipenaz arduratzen nintzen. Palierrak egiten ziren gehienbat. Milaka eredu zeuden katalogoan. Ia denak ezagutzen nituen. Aginagalde tailer buruak 486 modeloa non zegoen galdetu zidan behin. Gehien egiten zena zen eta banekien non zegoen, baina hala ere fitxa ikustera joan nintzen. Modelo hori non zegoen buruz jakin behar nuela esan zidan. Ordutik, ez zidan gehiagotan harrapatu. Aurrerago bulegoetara pasa ninduten. Makinaz idazten ez nekienez, lan orduetatik kanpo gelditzen nintzen ikasteko. Nagusiek oso ondo ikusi zuten hori. Oraindik mutikoa nintzela, erosketa-buru jarri ninduten.

Zergatik utzi zenuen Madaya?

Zuzendaritza gaizki ari zela ikusi nuen. Aita oso ona zen, baina atzetik zetozenak ez horrenbeste. Kutxiloak egiten zituen Apaolazatarren lantegitik etorri ziren nire bila, baldintza onak eskaini zizkidaten eta Madaya uztea erabaki nuen. Penaz alde egin nuen. Izan ere, Madaya oso enpresa polita zen. 220 langile inguru zituen eta txatarrarekin denetik egiten zen: palierrak, tuboak, automobilentzako piezak… Gainera, forja, tenplea, galdategia, mekanizatua… zituen. Oso toki ona zen ikasteko. Apaolazatarren lantegian, berriz, beste zortzi urte egin nituen. Bertan osatu nuen nire heziketa. Azkenerako enpresaren zati bat nuen eta nire zatiarekin alde egin nuen. 1973an Egumendi sortu nuen Felix Urzelairekin. Bengoleako garajean hasi ginen eta handik bi edo hiru urtera pabilioi berrira pasa ginen.

Zer egiten duzue enpresan?

Produktu berezia da: frikzio plakak egiten ditugu, tren lokomotora eta bagoietarako eta autoetarako, indargetzaileak babesteko. Arratoiaren burua garela esan daiteke. 14-15 lagun besterik ez gara, baina gure ekoizpenaren %80 baino gehiago hemendik kanpo saltzen dugu. Europa osoan. Azken urteotan eskaria nabarmen igo da, nahiz eta behera egingo zuela uste genuen. Izan ere, abiadura handiko trenak, adibidez, ez ditu erabiltzen.

Lanean luzaroan jarraitzeko asmoa al duzu?

Ez, ez. Felix erretiratuta dago, baina sarritan etortzen da laguntzera. Nik semeari lekukoa pasatzeko asmoa dut. Bost urte eman ditu Iranen Orkli enpresarekin eta orain gurean hastea nahi dugu. Nik erretiratzeko adina pasa nuen jada: 67 urte ditut. Ia 54 urte eman ditut lanean!

Nolatan hasi zinen politikan?

Konturatu gabe izan zen. Betidanik lagundu dut herriko ekimenetan. 1976 inguruan bileretara deitzen ziguten, baina ez nuen kasu handirik egiten. Izan ere, pilota munduan sartuta nengoen eta ez nuen denbora asko. Dena den, argi nuen nire hautua EAJ zela. Izan ere, gurasoak Agirre lehendakariaren Joseba Rezola idazkariaren lagun handiak ziren. Ordizian taberna izan zuten gerra garaian Batzoki klandestinoa izan zen. Nahi gabe nire burua alderdian lanean ikusi nuen. Mutikoa nintzenean elkarteetako eta enpresetako buruzagien lana jarraitzen nuen eta horietako batzuk baino lan hobea egiteko gai nintzela ikusi nuen. Horrek enpresari izatera eta politikan sartzera bultzatu ninduen, besteak beste.

Zer kargu izan dituzu urte hauetan guztietan?

1979an pilota federazioko delegatu izatetik EAJren udalerriko batzordearen presidentea izatera pasatu nintzen. Batzokia 1980ko Gabonetan ireki genuen eta 1981ean inauguratu genuen. Bestalde, 1983an Zumarragan zinegotzi izatea tokatu zitzaidan eta gertaera garrantzitsua izan da nire bizitzan. Ez nengoen zerrendan, baina Juan Mari Garitano zerrenda buruak ni ere aurkeztea ezinbesteko baldintzatzat jarri zuen. Zortzi zinegotzi lortu genituen, sekula lortu dugun emaitzarik onena.

Nolakoa izan zen legealdi hura?

Ospitaleko obra bukatu zen eta martxan jarri zen. Hasi ere guk egin genuen: enpresariok lan handia egin genuen Zumarragan egin zedin. Garitanok zeresan handia izan zuen: ospitaleak bere izena eraman beharko luke. Horretaz gain, 83-87 legealdian udaletxea berritu zen, erretiratuen egoitza egin zen, Argixaoko industrialdea abian jarri zen, IMI zentroa ireki zen, geltoki ingurua berritu zen, Ertzaintzaren egoitza ireki zen, Argixaoko kirol gunea egin zen… Hori guztia lau urtetan! Juan Marik beste lau urte jarraitu izan balu… Aurreko legealdian Jose Luis Ruizek eta bere taldeak nahikoa lan izan zuten Udala martxan jartzen. Legealdi hartan gauza desatseginak ere izan ziren: Madaya eta Orbegozo lantegien arazoak, adibidez.

Legealdi hartako oroitzapen txar gehiago ere badituzu: EAJ alderdian zatiketa eman zen.

Azkeneko urtea ahazteko modukoa izan zen. Zinegotzi guztiok EAJren izenean jarraitu genuen lanean, baina gero batzuk EAJn jarraitu genuen, beste batzuk EAra joan ziren eta azkenak etxera joan ziren. Gogorra izan zen. Batzokiarekin zein geldituko zen kanpoan erabaki zen eta hala askoz hobe izan zen. Alderdikook nahiko geldirik egon ginen, baina EAkoak Batzokian sartu ziren gau batean.

Zuk EAJn gelditzea erabaki zenuen.

Egin ziren gauza batzuekin ez nengoen ados, baina hortik alde egitera… Hemen Garaikoetxea estima handia zuten eta EAJk indar handia galdu zuen. Alderdiak gorriak ikusi zituen. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak San Andresetan izan ziren eta ozta-ozta irabazi genuen. Familia haustea bezala izan zen. Oso gogorra. Herrian nahiko ondo eraman zen gaia, baina lagunen arteko harremanak okertu egin ziren. Niri bete-betean harrapatu ninduen. Izan ere, Garaikoetxearen aldekoa nintzen lehen mugimenduak hasi zirenean. Baina alde egoteak ez zuen esan nahi alderditik alde egin behar nuenik. Asanblada nazionalean ordezkaria nintzen eta Arzallusek gela batera eraman gintuen. Bertan geundenok dagoeneko ez ginela alderdiko gipuzkoarron ordezkariak esan nion, gehienak beste aldetik zihoazela. Gaia berriro afiliatuei aurkeztu behar zitzaiela eta haiek erabaki behar zutela azaldu nuen. Batzuek Garaikoetxearen aldekotzat jo ninduten, baina Arzallusek arrazoia eman zidan. Hori egin zen eta %60k EBBren proposamenaren alde egin zuen, Garaikoetxeak postua utzi behar zuela alegia. Aginte arazoa zegoen: ea nork agintzen zuen gehiago, alderdiko presidenteak ala lehendakariak.

1987-1991 legealdian ere zinegotzia izan zinen.

Ez nuen inongo gogorik, baina alderdian jende faltan geunden. EAk bost zinegotzi lortu zituen eta guk hiru. Ordutik beti hiru lortu ditugu, baita Josu Jon zerrenda buru aurkeztu genuenean ere. Ez zuen zerrenda buru joan nahi, baina behartu egin genuen. Izan ere, bagenekien beste maila batekoa zela eta denbora gutxian gure artetik eramango zutela.

Josu Jon Imaz zuen kuttuna izango da…

Gure babesean formatu zen. Arzallusek onenak etxerako behar direla esaten zuen, baina gero norberak nahi ez bezalakoa ateratzea suerta daiteke. Josu Jonek Udala utzi ondoren, beste lau urte eman nituen zinegotzi: 1995etik 1999ra. Juanjo Sagarna, Mari Carmen Mendia eta hirurok izan ginen. Aurten hautsiko genuela uste genuen, baina oraingoan ere hiru atera ditugu.

Asko aldatu al da udaletxeko lana urte hauetan guztietan?

Lehen lau urteak oso onak izan ziren eta zinegotzien arteko giroa oso ona zen. Tailerrean kale egiten nuen, baina Felix bazkideak asko lagundu zidan. Dena den, gogorra zen. Izan ere, lehen alkateordea nintzen eta Garitano askotan ordezkatu behar izan nuen: enpresa garrantzitsua zuzentzen zuen eta Donostian bizi zen. Gauzak asko aldatu dira: garai hartan inork ez zuen soldatarik, ezta alkateak ere. Hori nabarmen aldatu da. Oraingoa, toki batzuetan, eskandalua da. Lehen udaletxera ez zen inor dirua irabaztera joaten. Udalen aurrekontua ere izugarri hazi da. Lehengoarekin ezer gutxi egin zitekeen.

Gobernua eta oposizioa ezagutu dituzu.

1987tik 1991ra Jose Julian Irizar izan zen alkatea. Alderdiaren zatiketa gertatu berria zen eta, gainera, lehen alkate liberatua izan zen. Gu aurka geunden eta gobernuan ez sartzea erabaki genuen. Ordura arte guk izan genuen alkatetza, deus kobratu gabe. Oposizioan sozialistak eta gu izan ginen eta gobernuan EA, HB eta EE. Eurek bederatzi zinegotzi zituzten eta oposizioak zortzi. 1995etik 1999ra, berriz, gobernuan egon ginen. Orduan ere Industria batzordeburua izan nintzen. Antonek askatasun osoa eman zidan. Pisua genuen, Sagarna Kultura batzordeburua baitzen. Gure ordainsaria Parisera bidaia izan zen. Udalak alderdiari eman zion diruarekin joan ginen.

Zer zaletasun dituzu?

Mendia asko maite dut. Niretzat etxekoak dira politenak: Antiotik Belokira igotzea, Izazpi, Samiño, Oleta, Aginaga, Irimo… Hauek dira urtean zehar gehien zapaltzen ditudanak. Pirinioak ere ederrak dira. Bertako mendi asko igo ditut, berandu hasi nintzen arren. Alpeetan, ordea, behin bakarrik izan naiz. Familia guztia joan ginen, Chamonixera, 1993an. Agurtzane eta Josurekin Mont Blanc du Tacul igo genuen. Mendi zoragarria da. Ondo aprobetxatu genuen. Gainera Josu semea alpinista da. Mendia maitatzen irakatsi nion, baina orain paretak maitatzen ditu.

Eskiatzea ere gustuko duzu.

Alderdia zatitu zenean hasi nintzen. Mendia neguan gustukoa dut, baina udan Pirinioetan eguna pasatzea zoragarria da. Mendi ibilaldiak ere oso gustukoak ditut. Fortuna elkarteak urtero, ekaineko lehen igandean, 50 bat kilometroko martxa bat antolatzen du eta dezentetan parte hartu dut. Oso gogorra izaten da, herri guneetatik kanpo pasatzen baita. Bardean izen zen ekitaldiak Josu Jonek ere parte hartu zuen. 1941ean antolatu zen lehenengoz eta 2008koa 68. ekitaldia izango da. 18 urterekin parte hartu nuen lehenengoz, beste hiru lagunekin. 2008an 50 urte betetzen dira eta ez dut kale egin nahi. Duela urte batzuk Donejakue bidea ere egin nuen, Agurtzane alabarekin. Bestalde, itsasoa ere gustatzen zait. Itzurungo hondartzan ordu pare batean ibili ondoren bainua hartzea zoragarria da. Horretaz gain, kirol guztiak gustatzen zaizkit.

Kirol asko jarraitzen al dituzu?

Aizkolariak, pilota, txirrindularitza, atletismoa, futbola… Urola ikustera joaten naiz, batik bat. Athletic zalea naiz. Gu mutikoak ginenean Zarra, Gainza eta gainontzekoak Unanue tabernara etorri ziren pare bat aldiz. Bertako Puri eta Jose Mariren aita Athletic zale amorratua zen eta txapelketaren bat irabazten zutenean gonbidatu egiten zituen. Mutikoa nintzen, baina jokalariak hango balkoian gogoratzen ditut. Garai hartan Unanue bi herrietako taberna bereziena zen.

Zer asmo dituzu etorkizunerako?

Laster jubilatuko naiz, baina orain arteko moduan jarraituko dut. Mendiak eta hondartzak zapalduko ditut, tailerrera ere joango naiz, alderdiko gazteei nire laguntza eskainiko diet, familiarekin orain arte baino denbora gehiago pasatuko dut, bilobekin jolastuko dut, lagunekin egongo naiz… Bidaiaren bat egingo dut beharbada, baina bestelakoan orain arte bezala jarraituko dut.

Bukatzeko, lehen Josu Jon Imaz aipatu duzu. Umea zenean zure bizilaguna zen.

Ni etorri nintzenean, bost urte zituen. EGIn lan handia egin zuen eta Batzokiko ganbaran 50 bat lagun elkartzen zirela gogoratzen dut. Hori alderdiaren zatiketarekin bukatu zen. Zorte handia izan dugu Josu Jonekin. Berarekin hartu eman ona dugu eta pentsamenduz oso antzekoak gara. Alderdiaren gidaritza uztea penaz hartu dugu. Inork ez daki bueltatuko den. Jendea alde badu soilik itzuliko da.

Hitz egin al duzu berarekin azkenaldian?

Ez asko. Zer gertatu zaion ulertzen dut. Berak bere estiloa du eta bere printzipioetan oinarrituta jokatzen du. Egungo garaira egokitutako presidentea izan da. Etorkizunera begiratu du, baina Agirre, Rezola, Leizaola, Irujo eta abarren irakaspenak kontuan hartu ditu. Pertsona ona eta azkarra bezala gogoratuko den presidentea da.




Erabiltzaileen iritziak

Ez dago erabiltzaileen iritzirik.

 

 
 
Powered by jReviews