Kazetari integralak izan behar dugula esan digute. Nahi izateak hala egingo omen gaitu. Bost urte eman nituen kazetari titulua lortzeko baina integralarena egun batetik bestera konpondu da.
Ziber-espazioan dena doa bizkorrago. Bestalde, Montserrat Boix TVEko kazetariak blogen eta Interneten erabilera onaren garrantziaz hitz egin digu lagun batzuoi berriki. Boteredun erakundeen eta enpresen eraginetik at eta dirurik gabe sortu daitezkeen informazio guneak agerian jarri dizkigu. Hori baliagarria izan daiteke, adibidez, emakume taldeentzat. Batak bestearekin “adiskidetu” nau ia-ia. Egun batetik bestera kazetari integrala bihurtzeak ez nau konbentzitzen, ez bainaiz teknologia berriak abiadura handiarekin barneratzen dituen horietakoa. Baina teknologiaren demokratizazioak erakarri nau. Dena den, Boixi galdetu diot ea gai honetan trebatzeak zenbat denbora eskatzen duen: “Ibiltzea da sekretua, ekinaren ekinez ikasten da”. Lasaiago nago, izan ere integral izatea “hala pentsatzen ikastea” omen zen eta hala pentsatzen jarrita ere ez nuen neure burua oso integral ikusten. Hori da artikulu honetan kontatu dezakedan guztia, nahiz eta Otamotzek ateak irekitzen dizkidan bakoitzean beste zenbait gauza idazteko gogoa sortzen zaidan. Esaterako: zer dela eta talde batzuek beti jartzen dituzten prentsaurrekoak arratsaldeko 7etatik aurrera, egunkarien zierre ordua hain gertu dagoenean eta kazetariak egun osoa lanean daramanean?










