Iñigo Igartzak Ikastolan eta Lizeoan egin zituen oinarrizko ikasketak. Gero, Legazpira joan zen modulu bat egitera eta Bilbora marketina ikastera. Proiektua Holandan eta Belgikan egin zuen. Hiru urte eman zituen Eroskin lanean eta bertan zer ez zuen egin nahi ikasi zuen. Rural Kutxaren bulegoko zuzendaria da duela sei urtetik hona eta “oso gustura" dago. Kirolari petoa ere bada. Urte askotan eskubaloian jokatu zuen Urolarekin, bertan egin zuen koadrila, eta egun mendizalea da. Iazko udan istripu larria izan zuen, baina ia erabat osatu da eta Pirinioetara joateko irrikan da.
Zer izan nahi zenuen umetan?
Kirolaria, gainontzeko umeek bezala. Heldua ere bai.
Aisialdian zer egitea atsegin duzu?
Mendira edo Martarekin Hondarribira joatea.
Bizitzeko toki bat?
Bizi naizen tokian gustura nago, baina Eitza esango dut.
Zein mendi gustatu zaizu gehien?
Vignemale. Zoragarria da. Bizitza luzea da eta itzuliko naiz.
Zein da zure ametsetako mendia?
Nire ametsak Pirinioetan zeuden eta bete ditut. Urtean 3 edo 4 igotzen genituen. Iñigo Garridorekin hasi nintzen mendian eta gero Joseba Garmendiarekin eta Eñaut Urbizurekin joan izan naiz.
Gustuko eskubaloi jokalaria?
Perunicic eta Svensson asko gustatzen zitzaizkidan.
Zeintzuk dira Urolan ikusi dituzun jokalari onenak?
Iker Soraluze eta Gorka Mendia. Iker oso argia zen eta Gorkak kalitate izugarria zuen.
Zein da eskatu dizuten mailegurik xelebreena?
Batek 1.000 milioi euro nahi zituen eta Banku Mundialarekin hitz egin nahi zuen, ez zegoen burutik ondo.
Ilehoriak ala beltzaranak?
Irribarre errazekoak. Jende alaia gustatzen zait.
Egindako azken oparia?
Komiki bat.
Eta jasotakoa?
Azkeneko urtean Martak eta nire familiak eskaini didaten maitasuna eta laguntasuna. Oso hilabete gogorrak izan dira.
Data bat?
Bi esango ditut. Bata, urriaren 6a. Egun horretan ezkondu behar gara eta iloba egun berean jaio zen. Bestea, uztailaren 17a. Egun horretan izan nuen istripua. Ordutik, gauzak lasaiago hartzen ditut.
Neska eta mutil izen bana?
Josu, Joseba eta Eñaut. Erori nintzen tokitik atera nindutenak. Bestalde, Z eta TZ duten euskarazko izenak asko gustatzen zaizkit. Doinu polita dute.
Zein egunkari irakurtzen duzu?
Tabernan harrapatzen dudana.
Gustuko telebista saioa?
Ez dut ia ikusten. Afaldu eta ohera joaten naiz liburu batekin.
Bereziki gorroto duzuna?
Telebista, orokorrean, denbora galtzea iruditzen zait.
Liburu bat?
Nobela grafikoan Murena eta bestelakoan El maestro y Margarita.
Abesti bat?
Musika izugarri gustatzen zait. Bulegoan 300 bat disko ditugu.
Soinu bat?
Itsasoarena oso lasaigarria da.
Usain bat?
Basoarena, euria egin ondoren.
Janari bat?
Pasta eta arraina.
Ura ala...
Ura bai, bazkaltzeko eta afaltzeko sagardoa eta ardoa eta bestela garagardoa. Aukeran, beltza.










