Eskubaloia tradizio handiko kirola da Urretxu eta Zumarragan. Garai baten Goierrikoek gizonezkoen taldea zuten eta duela 25 urte, berriz, neskak Urolaren eskutik jokatzen hasi ziren. Klub honek jokalari bikainak eman ditu, egun sei talde ditu eta aurten eskubaloi sailaren 25. urteurrena ospatzen ari da.
1982an eskubaloian jokatu nahi zuen neska gazte talde bat Jose Angel Garcia Vararengana joan zen, talde bat sortzeko laguntza eske. Bere eskubaloi zaletasuna aski ezaguna zen, jokalari eta epaile lanetan aritua baitzen. Neskei baiezkoa eman zien eta Urola Kirol Taldearen barne saila sortzea erabaki zuten. Hala, Urolaren lehen eskubaloi taldea neskek osatua izan zen. 1982-1983 denboraldian jokatu zituzten lehen partidak, La Salle-Legazpi ikastetxeko jolastokian. Bigarrenak gelditu ziren: gol bakarragatik ez zuten txapela irabazi. Handik bi urtera mutilak elkartu zitzaizkien, hauek kadete mailakoak. Ordurako, Goierriren mutilen taldea desagertua zegoen.
Ordutik, Urretxu eta Zumarragako makina bat gaztek jokatu dute eskubaloian. "Urteurrena dela eta zerrendak begiratzen aritu gara eta guk uste baino askoz ere jende gehiagok jokatu du", dio Iñigo Cantero entrenatzaileak. Canterok ia 20 urte daramatza Urolan. "Futbolean ez nintzen oso abila, eskubaloian eta saskibaloian bukatu dugun gehienok bezala. Gainera, La Salleko irakasle bat, Roman, oso zalea zen. Kadeteak entrenatzen zituen eta animatzen baginen nota igoko zigula esan zigun", oroitzen du. Koadrila osoak eman genuen izena.
Cantero ez zen damutu. "Futbolean baino hobeto moldatzen nintzela ikusi nuen eta gelditzea erabaki nuen". Urte luzetan jokalari izan zen, lesio batek eraginda utzi behar izan zuen arte. Orain, nagusien taldea entrenatzen du. Urolak beste lau talde ditu: senior mailako beste bat, jubenilena, kadeteena eta infantil mailakoa.
Gauzak asko aldatu direla dio. "Antolaketa hobea dugu, baina oso lagun gutxi gaude lan egiteko. Hasieran Jose Angelek-eta dena egiten zuten. Kirolari berari dagokionez, asko aldatu da. Lehen indar kontua nagusitzen zen eta orain teknikoagoa, azkarragoa eta ikusgarriagoa da. Egungo jokalariak hobeak dira. Guk, ordea, jenio biziagoa genuen. Lehen egur gehiegi ematen zen eta orain gutxiegi. Mutilei gogorragoak izateko esan behar izaten diet batzuetan".
Gizartea ere asko aldatu da. "Garai bateko gazteon taldearenganako konpromisoa handiagoa zen, baina aisialdirako eskaintza murritzagoa zegoela kontuan izan behar da. Egun mundu guztia joan daiteke eskiatzera edo asteburu pasa. Lehen inork ez zuen kanpinerako prestatutako furgonetarik, adibidez".
Dena den, Urolan konpromiso handiko jokalariak izan dituzte. Hala, duela gutxira arte, beterano asko zituzten. "Pixkanaka belaunaldi aldaketa ematen ari da. Dena den, Larreak, Jon Mendiak, Kanariok... urte asko daramate. Iker Soraluze ere beteranoa da, baina aurtengoa azkeneko denboraldia dela esan du", iragarri du Canterok.
Aipatutako hauek guztiak eta bera bezala, eskubaloian gaztetan hasi beharra dago. "18 urtekoak eskubaloian hastea oso arraroa da. Izan ere, galduta senti daiteke. Dena den, gazteek gero eta lehenago uzten dute. Entrenamenduetako diziplinaz aspertu egiten dira eta askok 25 urte betetzerako uzten dute. Ordutik aurrera da, ordea, jokatzeko adinik onena".
Zorionez, Urolakoek ez dute sekula gazteak bereganatzeko arazorik izan. "Urtero lortu dugu kadete, jubenil eta senior mailako taldeak ateratzea: batzuetan 14 lagunez osatutakoak eta besteetan 9koak... Bolada kontua da. Futbolean onenek jokatzen zuten, baina eskubaloian denak hartzen genituen. Hala, koadrila osoak etorri izan dira", dio Canterok.
Garai batean, Bidasoaren eta zumarragar jatorriko Iñaki Urdangarinen arrakastak gazte dezente animatu omen zituen. "Dena den, gehienek futbola probatzen dute lehenengo", aitortu du Urolako entrenatzaileak. "Oso arraroa da mutiko baten lehen aukera eskubaloia izatea. Iker Serrano eta besteren bat salbuespena dira".
Serrano da, hain zuzen ere, Urolak eman duen jokalari onenetako bat. Egun, Asobal ligako Almeria taldean jokatzen ari da. Susana Fraile ere puntaren puntan da: Olinpiar Jokoak eta munduko txapelketak jokatu ditu. Markel Beltza, berriz, adinez jubenil mailakoa den arren, Bidasoaren lehen taldearekin jokatzen ari da. Horrez gain, beste lau bat gaztek Arraten jokatu dute. Canterok etorkizunean ere Urolatik jokalari onak aterako direla uste du. "Jubenil mailakoan mutiko onak daude. Kadeteak, berriz, hasiberriak dira. Beste taldeetan ere jokalari onak ditugu eta aurrera aterako dira jarraitzen badute".
Zaletuei buruz ere ez du kexarik. "Oso zalego fidela dugu. Kanpoko partidetara ere gutxienez 20 lagun joaten dira eta beste taldeetakoak txundituta gelditzen dira. Ispillara jende asko joaten da, gainontzeko kiroldegi gehienetara baino gehiago".
Orain arteko urteurren ekitaldiek ere jendetza elkartu dute. Maila goreneko bi partida jokatu dira, bata Urretxun eta bestea Zumarragan, eta bietara jende asko joan da. "Oso pozik gaude, herritarrek ondo erantzun baitute. Hori zen gure helburua. Maila oneko partidak ikusi ditugu eta, gainera, Iker Serranok eta Markel Beltzak parte hartu dute. Herritarrak euren egiten zutenari begira zeudela ageria zen. Beraientzat ere oso garrantzitsua izan da jaioterrian jokatzea".
Hurrengo ekitaldia urria amaieran izango da. "Urriaren 6an izatekoa zen, baina Iñigo Igartza jokalari ohia egun horretan ezkonduko da eta gutako asko ospakizunera joango gara. Hori dela eta, ekitaldia 26ra pasatu dugu. Eskubaloiaren inguruko festa izango da: goizean haurrek jokatuko dute eta arratsaldean Goierriko eta Urolako beteranoen arteko partida jokatuko da".
Garai bateko eskubaloi jokalariak berriro aritzeko irrikan daude. "Batzuek denbora asko daramate elkartu gabe eta jokatzeko gogo handia dute. Partida ostean afaria egingo dugu. Abenduan, berriz, urte hauetan guztietan ateratako argazkiak erakutsiko ditugu. Bukatzeko, nesken arteko partida bat antolatu nahi dugu. Zaila izango da. Izan ere, Susana Frailek jokatzea nahi dugu; baina datorren urtean Olinpiar Jokoak dira eta apenas izango du egun librerik", amaitu du Canterok.










