Inprimatu E-posta

Jon Arana: mendizale amorratua (129. alea)

jon_aranaJon Arana zumarragarra mendizaletasun eta espeleologia kontuan aitzindaria izan zen. Bera izan zen Karrantzako Torca del Carlista zulo ezaguna jaisten lehena, 1957an. Urteurren hori ospatzeko, 82 urterekin, berriro jaitsi nahi du. Bertan Antioko Amabirjinaren irudi bat uzteko asmoa du, Zumarragako herriaren izenean.

Zumaian bizi zara, baina zumarragar peto-petoa zara.

Jendeari bi titulu handi ditudala esaten diot: Zumarragakoa izatea eta Eliz-Kale zaharrekoa, gainera. Nire ama Berroeta baserrikoa zen eta aita donostiarra, Uliakoa. Amak sukaldaritza ikasi nahi zuen eta Arzak sendiarengana joan zen neskame. Han ezagutu zuen aita. Ordiziara ezkondu ziren eta nire arreba zaharrena, Julita, bertan jaiotakoa da. Gero, Zumarragara etorri ziren. Gainontzeko zortzi anaia-arrebak hemen jaio ginen.

Ama sukaldari ona izango zen.

Oso emakume saiatua zen. Familia aurrera ateratzeko beltz lan egin zuen. Jaka familiaren butaka lantegirako ere aritzen zen.

Nola gogoratzen duzu haurtzaroa?

Bizitza zoragarria zen. Tope jolasten genuen. Ez ginen geldirik egoten. Eskolara mojetara joaten ginen, eliza ondora. Zazpi urte betetakoan Hermanoetara joan nintzen, hamabost urte bete nituen arte.

Garai hartan gerra bizi izan zenuen.

Bai... Mugitua eta jakin-min handikoa nintzen. Errekete bat kanposantura hilda ekarri zutela jakin nuen eta lagunei joatea proposatu nien. Bakarrik joan nintzen eta autopsia gelako sarrailaren zulotik gizon ikaragarria zela ikusi nuen. Halako batean mugitzera zihoala iruditu zitzaidan eta korrika bizian atera nintzen handik. Milizianoek Belokin egindako trintxerak eta Francoren jarraitzaileak Zumarragan sartu zireneko tiroak ere gogoratzen ditut. Jainkoari esker, anaia guztiak gazteak ginen eta ez ginen frontera joan.

Garai gogorrak izango ziren. Are gehiago, abertzaleak izanik.

Jaio ginenetik etxean abertzaletasuna irakatsi ziguten. Dena den, ez ziren Sabino Aranaren jarraitzaileak. Sentimendu abertzaleak zituzten, baina karlistak ziren. Gure aldamenean nafar batzuk bizi ziren, Francoren aldeko karlistak. Irratian BBC edo Radio Paris entzun nahi genituenean, guztiok inguruan manta bat gainean jarrita jartzen ginen, bizilagunek zertan ari ginen entzun ez zezaten.

Non hasi zinen lanean?

Berriotxoanean. Urretxura joaten naizen bakoitzean garai haiek gogoratzea tokatzen zait, erreka ondoko tximinia handia lantegi hartakoa baitzen. Gaztetan puntara igotzen nintzen.

Umetatik abila zinen, beraz.

Eskalada eta espeleologia zaletasuna Eliz-Kalen sortu zitzaizkidala pentsatu izan dut askotan. Eitzagatik erreka txiki bat etortzen zen eta Mertzedariatarren parean tunel batean sartzen zen. Luistarren egoitzaren ondoan zulo bat zegoen eta erreka handik pasatzen zela zioten. Pospolo batzuekin sartzen ginen. Jakin-mina nuen, toki ezkutuetan zer zegoen jakin nahi nuen. Eskaladan ere umetan hasi nintzen. Trenbidearen tunel ondoan harriekin egindako malda gogorra zegoen eta lasterketetan ibiltzen ginen.

Lanean Berriotxoanean hasi zinela esan duzu. Zer egiten zenuten bertan?

Osaba batek, Jesus Segurolaren aitak, txakur txiki bat oparitu zidan Jaunartzea egin nuenean. Berehala egurrezko kutxa bat egin nion eta amak arotza izateko balioko nuela pentsatu zuen. Hori dela eta, Berriotxoarengana bidali ninduen. Izan ere, bertan altzariak egiten ziren. Dena den, makinetan eta mahai eta aulki tolesgarriak muntatzen jarri ninduten. Ordu asko sartzen genituen, batez ere eskaerak entregatu behar zirenean. Bi alditan 35 ordu jarraian lan egin nuela gogoratzen dut. 21 urte bete nituen arte egon nintzen bertan. Gaixotu eta irten egin nintzen. Lauzpabost urtetan gaixo nengoela jarraitu nuen, baina azkenean giltzurruna kendu zidaten. Ondoren, hura gertatu izan ez balitz bezala bizi izan naiz.

Non gehiago aritu zinen lanean?

Orbegozon, bulegoan. Materialaren sartu-irtenak kontrolatzen nituen eta laminazioko langileen nominak egiten nituen. 600 bat langile ziren eta nominak astero egin behar ziren, eskuz. Askotan, lana etxera eramaten nuen. Mendira joan nahi nuela esaten nien, baina ez zidaten oporrik eman nahi.

Nolatan bukatu zenuen Zumaian?

Orbegozok behar zituen lingoteak eta ikatza itsasoz heltzen ziren Zumaiara. Deskargen arduradun bidali ninduten, 40 bat urterekin. Zumaiako portua itxi zuten arte aritu nintzen bertan. Horrenbeste urte enpresan aritu eta gero, kalera bidali ninduten. 1970 inguruan gertatu zen hori. Oraindik gaztea nintzen eta krisi izugarria zegoen. Kirol denda jarri genuen. Emaztea Zumaiakoa da, baina mendian ezagutu nuen, bere herrira lanera joan aurretik. Ezkondu ginenean Zumarragan jarraitzen nuen lanean eta egunero motorrean joaten nintzen lanera. Gero, gainera, errelebotan jarri ninduten. Seietarako joan behar izaten nuen lanera.

Gogorra, beraz.

Bai, baina motorrean ibiltzera ohituta nengoen. Mont Blanc igotzeko, adibidez, motorrean joan nintzen Chamonixera.

Nolatan zara mendizalea?

Zumarragako mendietan hasi nintzen. Beranduago, Anjel Cruz Jakak Hiru Erregeen Mahaira txangoa antolatu zuen eta lagun asko joan ginen. Gero, Anetora joan nintzen. Handik, Picos de Europara. Abuztuan Mont Blanc mendiaren gailurrera igo nintzela 50 urte egin du. Entrenatzeko, igandero Donostiara joaten nintzen. Mont Blanc menditik itzuli nintzenean mendizaleek deitu egiten zidaten nirekin hitz egiteko eta nik egin nuen hanka-sartzea ez egiteko esaten nien. Izan ere, Zumarragatik Donostiara joaten nintzen entrenatzeko. Mont Blanc-era joateko, ordea, behetik gora egin behar da! Ibilbide luzeetarako prestatu nuen neure burua, baina nire birikak ez zeuden aldapak igotzera ohituta.

Hala ere, gailurra zapaltzea lortu zenuen. Euskaldunen artean, lehenengotakoa izango zinen.

Urtebete lehenago-edo, hiruzpalau euskaldun hil ziren bertan. Gertaera hark bultzatuta joan nintzen, beharbada. Hiru lagun joan ginen, bi herrikoak: Santi Gutierrez eta ni. Santi eta hirugarren laguna moto batean joan ziren eta ni beste batean. Nik ekipajea eraman nuen. Motorra Ormaiztegira ezkondu zen Felix Illarramendi eskolako lagunak utzi zidan. Autoa erosi zuen eta motorra nahiko baztertua zuen. Arantzazura joateko eskatu nion, baina nire asmoa bidaia luzeagoa egiteko proba egitea zen. Bigarrengoz eskatu nionean, Mont Blanc-era joateko, hura non zegoen ba al nekien galdetu zidan. Azkenean utzi zidan eta motorra nahiko hondatuta itzuli nion. Izan ere, bide estu batean frantses armadako kamioi batek sorora bota ninduen.

Ondo moldatu al zinen Mont Blanc-en?

Joan ginen hiru lagunotatik nik bakarrik igo nuen. Azken zatia Alemaniako bikote batekin egin nuen. Azkeneko aterpean atseden hartzera gelditu ginela eta mantak izoztuta zeudela gogoratzen dut.

Nolatan hasi zinen espeleologian?

Betidanik gustuko izan dut. 1956an topaketak izan ziren Arantzazun eta ordurako nire abizena zeraman taldea sortua nuen. Hemengo espeleologoen buru Felix Arkaute zen, baina nik ez nuen ezagutzen. Topaketetan Arantzazu ondoko leize batera joan ginen eta Arkautek botak kentzeko esan zigun. Niri ez zitzaidan aginduak ematen dituen jendea gustatzen eta kasurik ez egiten saiatu nintzen: nik neuk botak kendu nituen, baina nire kideak bizkarrean hartuta pasatu nituen putzutik. Aurrerago estalagmita bat lurrean botata zegoen eta Arkautek "ya habran sido los de Zumarraga" esan zuen. Beregana joan eta Zumarragakook kobazuloak berak bezainbeste edo gehiago errespetatzen genituela eta ezer jakin gabe inor salatzea ez zela bidezkoa esan nion. Hurrengo urteko topaketetan Arkautek gugatik galdetu zuen, ea zer taldetan parte hartu nahi genuen. Garrantzi handiagokoan parte hartu nahi genuela esan nion eta ea eskalak erabiltzen bagenekien erantzun zidan. Ez genekien, baina baietz erantzun nion. Ederra egin nuen! Lehena jaistea tokatu zitzaidan eta lagun batek emandako azalpenekin eskala erabiltzen asmatu nuen. Porru eginda itzuli nintzen. Harrezkero, Arkaute eta biok lagun minak egin ginen.

Karrantzako Torca del Carlista zulora jaisten lehena izan zinen.

Bi leize zeuden egiteko: Torca del Carlista eta La gran ruptura. Guri bigarrena tokatu zitzaigun. Atsekabe handia izan nuen, zuloa oso txikia baitzen. Kanpamentuan geundela, Torca del Carlistan egon zirenak etorri ziren. 30 metro bakarrik jaitsi zituztela eta ondorengoa ikaragarria zela esan zidaten. Arkauteri jaisteko baimena eskatu nion. 30 bat metro jaitsi ondoren, azpian hutsune izugarria nabaritzen zen. Harri bat bota eta kontatzen hasi nintzen. Hamaika arte kontatu nuen! 100 eta 120 metro inguru gelditzen ziren. Hura zulo puska! Zorionez, putzurik ez zegoen.

Datorren urtean 50 urte betetzen dira Torca del Carlistan izan zinenetik eta berriro jaitsi nahi duzu.

Antioko Amabirjinaren irudi bat jaitsi nahi dut, baina herriak emanda eta herriaren izenean. Horretarako, alkatearekin izan naiz. Iaz inguru hartan izan nintzen eta semeak pixka bat jaitsi ziren. Ni ere jaistea nahi zuten. "Gaur ez, baina datorren urtean edo hurrengoan bai" esan nien.

Berriro jaitsi nahi baduzu, entrenatu egin beharko duzu.

Lehen eskalak erabiltzen ziren eta egun beste teknika batzuk erabiltzen dira. Semeei irakatsi egin behar didatela esaten ari natzaie.

Zuloak izan berezia du benetan...

Aspaldi aurkitu zuten, baina urte asko pasatu ziren inor jaitsi aurretik. Kondairak dioenez, karlisten kapitain bat bertatik pasatzen zen soldaduen soldatarekin eta handik behera amildu zen. Jaitsiera hasi nuenean, karlista aurkitzen banuen bere burua eta ezpata igoko nituela agindu nien. Bestalde, bagenekien bertan izandako madrildar batzuei karburo potoa erori zitzaiela. Karburo potoa azaldu zen, baina kapitaina ez. Alu ederra hura... soldaduen diru guztiarekin ihes egingo zuen!

Sekulakoak egingo zenituen leize bila...

Urbian zulo interesgarri bat zegoela entzun nuen. Artzain batengana joan nintzen informazio bila, baina ez zuen hitz egiten. Zigarroa eskaini nion eta ez zuela erretzen esan zidan, emaztearentzat gozokiak eskaini nizkion eta hark ez zuela halakorik jaten esan zidan... Zer edo zer esan arte han gelditzea erabaki nuen. Halako batean aspertu zen eta zertarako joan nintzen galdetu zidan. Leizearen bila nenbilela esan nion eta berak diruaren bila joan nintzela erantzun zidan. Zuloa erakutsi zidan, baina urrea aurkitzen banuen berarekin gogoratzeko esan zidan.

Francoren garaian ikurrina jendaurrean erakusteko ere sekulakoak egin omen zenituen.

Ikurrina ahalik eta toki gehienetan jartzen saiatzen ginen. Eliz-Kalen sekulako San Joan sua egiten genuen eta baita zuhaitza jarri ere. Puntan, urte batean Jesusen Bihotzaren ikurra jartzen genuen, zapi zuri-gorria, eta hurrengoan Amabirjinarena, zapi txuri-urdina. Jesusen Bihotzarena jartzea tokatzen zen batean, lizarraren adar bat erdian sartu nuen eta hala zuria, gorria eta berdea elkarrekin jarri nituen. Beno! Hurrengo egunean sekulako iskanbila sortu zen. Guardia Zibila etorri zitzaigun, ikurrina jarri genuela-eta. Zerrakoei trontzarekin zuhaitza botatzeko agindu zieten eta nik erortzera zihoanean ahalik eta indartsuen bultzatzeko esan nien. Hala, adarra askatu egin zen. Ondoren, Artiz alkateak deitu zigun. Halako istiluetan ez sartzeko esan zigun, Espainiako bandera jartzeko. Hori ez genuela sekula egingo esan genion. Bera falangista zen, baina gizon ona.

Egia al da Zumarragako kanpandorrera igo zinela ikurrina jartzera?

Hala da. Gauez eta inori ezer esan gabe egin nuen. Gurutzera heltzea asko kostatu zitzaidan eta gainean jarri nintzenean aurrera eta atzera hasi zen: oszilazio handia du. Hautsiko zela uste nuenean, beste aldera egiten zuen. Behera begiratu eta jende asko bildu zela ikusi nuen. Mutiko bat argazkiak ateratzen ikusi nuen eta amore eman behar izan nuen.

Polizia-etxean behin baino gehiagotan izango zinen...

Guardia Zibil bat atzetik izaten nuen. Nire motxilan G.E.A. nuen bordatuta eta zer esan nahi zuen jakin nahi zuen. Grupo Espeleológico Arana zela esan nion, baina berak ez zuen sinetsi. Gora Euskadi Askatuta adieraztea nahi ote zuen galdetu nion, nik ere hori nahi nuela, baina ez zela hala..

Askotan etortzen al zara oraindik Zumarragara?

Ez. Lehen igandero etortzen nintzen, bi lagunengana: Santi Gutierrezengana eta koinatuarengana. Txikiteoa egiten genuen eta gero arrebaren etxean bazkaltzen nuen. Biak hil ziren eta etortzeari utzi nion.




Erabiltzaileen iritziak

Ez dago erabiltzaileen iritzirik.

 

 
 
Powered by jReviews