Igandean Euskal Jai eguna da: karrozero ginen garaiko xarma ez duen arren egun ederra da, festetako egunik politena. Normala denez aldatuz joanda urteak pasatu ahala. Karrozen gaian ere bilakaera izan da: gaur baserri gutxiago eta gai sozial gehiago ikusten ditugu, zorionez.
Egunak euskalduntasunaren aldarrikapena izaten jarraitzen du, baina iruditzen zait, beste festa asko bezala, eszenifikazio hutsa besterik ez dela askorentzat. Euskal Jaietan baserritarrez jantzita edo Kilometroak-era joanda betetzen dugu gure kupoa. Urtean zehar euskal talde bat bera ere jarri ez duten tabernariek Patata tortilla edo Furra Furra jarriko digute aspertu arte eta inoiz baino euskaldunagoa sentituko da baserritarrez jantzita doan autoktonoa. Nahiago nuke urtean zehar euskal musikari tratamendu duina emango liokeen tabernan Euskal Jai egunean Seré tu amante bandido, bandido kantarekin dantza egin edo bermudekin atera baina euskaraz bizi den jendetza ikusi. Andu Lertxundik ederki azaldu du ideia hau: "Balirudike gure bizitza publikoak beharrezkoa duela euskalduntasunaren antzezpen halako bat, mistifikazioa, baina hor geratzen gara jakin ezinik halako jardun jakin bat noiz den inpostazioa noiz inpostura. Euskalduna izan, euskaldunarena egin. Ez dut esango euskalduntasunak ere eszenifikazioarik behar ez duenik, baina mozorroak aurpegia ez ukatzekotan". Hemen gure dilemetako bat: euskalduna izan edo euskaldunarena egin.
Josu Aztiria










