Inprimatu E-posta

?Mahoizko galtzak eta txalekoa?? (129. alea)

Halaxe egin zion arrapostu baserritar jantziak salgai dituen dendako gizonak Joni, Urretxuko Euskal Jaietarako txaleko berria erostera joan zenean. Haserre antzean esan zion horiek ez direla moduak, garai bateko baserritarrak ez zituela sekula santan gisa horretan jantzita ikusiko –koadrilako lagun on batek ere sarri esan dio hori–.

Antza denez, lanean aritzeko, igandeko mezatara joateko eta, Jonek gaizki ulertu ez bazion, erromerietan-eta dantza egiteko desberdin janzten ziren. Baina Jon bezala, inoiz ez. Hura sakrilegioa! Dendariak, ordea, ez daki Jonek ez duela sekula belar-fardorik altxa edo behirik jaitsi, elizara zein atetik sartzen den duela gutxi ikasi zuela eta barraren aurrean hitz-aspertu luzeak izan baino lehen, nekez dantzatuko duela arin-arin edo fandangorik.

Euskal Jai egunean Jon disfrazatu egiten da. Eta hura mozorrotuta ikusi duenak badaki koherentzia ez dela bere bertuteetako bat. Beraz, hilaren 23an Urretxuko tabernak baserritar autentikoen moduan jantzita bisitatuko dituen kalekumea ez dadila etorri gugana etnografia klase etilikoak ematera, faborez.

Euskal Jai egunean, ongi pasatzea eta etsai gehiegi ez egitea beste helbururik ez dugu izaten. Jaia egingo dugu, ez izan zalantzarik. Eta Euskal portatuko gara; Euskalegi, aukeran. Eta Euskal portatuko dira ere Urretxuko tabernariak, iluntze partera arte behintzat. Trikiti-patxanga pieza gogoangarri piloa entzungo dugu taberna gehienetan, baserritar jatorrez mozorrotutako kalekumeak ongi tratatu behar direlako egun seinalatu horretan. Txakolin botila bakoitzeko 6 euro (edo gehiago) ordainduko dutenek merezi dute detailetxo bat, noski. Tira, Jonek ziur eskertuko duela... Esan dizuegu koherentzia ez dela bere bertuteetako bat, ezta? 

Jon&Jon


Erabiltzaileen iritziak

Ez dago erabiltzaileen iritzirik.

 

 
 
Powered by jReviews