Inprimatu E-posta

Otamotzek Elhuyarren azken bideojokoa zozketatuko du (129. alea)

kao_sumendiko_sekrElhuyar Fundazioak KAO: sumendiko sekretua izeneko ordenagailurako bideojokoa kaleratu berri du. Internet bidez probatu daiteke, www.elhuyar.org/kao web gunean. Fundazioak hiru ale eman dizkio Zintzo-Mintzori eta Otamotzen irakurleen artean zozketatuko dira.

Euskarazko aisialdiko bideojokoetan zegoen hutsunea ikusirik, Elhuyar Fundazioak zeregin horri ekin zion iaz. Kao: Sumendiko sekretua Fundazioak kaleratu duen euskarazko bigarren bideojokoa da.

3Dko teknologia erabiltzen duen aisialdirako CD-ROMa da eta 10 urtetik aurrerako gaztetxoentzako dago pentsatuta. Tate multimedia-enpresa poloniarrak egin du jatorrizko jokoa eta hainbat hizkuntzatara ari dira itzultzen.

Jokoaren protagonista Kao izeneko kanguru bat da. Hamar eremutan lagundu behar dio jokalariak Kaori bere eginkizuna gauzatzen. Bidaia luze baten ostean, uhartean duen etxera itzuli da Kao, atseden hartzera, baina ezin: bere lagun Tximista sumendi baten barrura erori da eta hor bizi diren labazko munstroak esnatu ditu. Munstro horiek uhartea suntsitzea erabaki dute, eta hango biztanleak oso izututa daude. Kaoren eginkizuna da munstroak garaitzea, uharteko xamanak emango dizkion argibideei jarraituz.

Jokalariak ez du aspertzeko aukerarik izango, errealitate birtualeko lasterketak, puzzleak osatu, motordun txalupetan ibili, airean borrokatu... egin beharko baitu hamar eremu horietan.

Ikus-entzunezko efektu izugarriak ditu jokoak, 3Dko teknologiari esker: palmeren mugimendua nabaritzen da, Kaoren hanka-arrastoak ikusten dira bidea egin ahala, eguneko eta gaueko zikloak minutu gutxiren buruan bereizten dira...

Bideojokoa Internet bidez probatu daiteke, www.elhuyar.org/kao helbidean. Horretaz gain, Fundazioak hiru ale eman dizkio Zintzo-Mintzo euskaltzale elkarteari eta honek Otamotz aldizkariko irakurleen artean zozketatzea erabaki du. Elhuyarrek euskarara itzulitako jokoa urriaren 15eko arratsaldeko 4etan otamotz.com web orrian erregistratuta daudenen artean zozketatuko da. Erregistratzea oso erraza da: otamotz.com web orrian sartu (www.otamotz.com), parte hartzeko erregistratu atala sakatu eta norberaren datuak eman behar dira, bertako argibideak jarraituz.

Erabiltzaileen iritziak

Ez dago erabiltzaileen iritzirik.

 

 
 
Powered by jReviews