Inprimatu E-posta

Pello Gonzalez: 16 urtetako gazi-gezak (129. alea)

16 urtetan Urretxuko udaletxean lan egin eta gero, lau urtetan zinegotzi bezala eta beste hamabi alkate karguan, Pello Gonzalez Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun diputatua dugu. Berarekin hitz egiten izan gara urte hauetan guztietan herrian egindako lanari eta etorkizuneko erronkei buruz.

16 urte asko dira. Zertan aldatu da Urretxu denbora honetan?

Herriaren irudia eta eredua erabat aldatu dira. Industria enpresak eta etxebizitzak elkarren ondoan zeuden. Ez zegoen ongizate maila egokiaz hitz egiterik. Egungo zerbitzuen kalitatea, berriz, Donostiakoen parekoa da. Urte hauetan guztietan akatsak egingo ziren, baina helburuak oso argi zeuden eta lan handia egin da. Prozesuari kezka handiarekin ekin zitzaion, baina industria kontua oso ondo landu zen. Mugitegik lanpostuak sortzen lagundu du eta egun herriko enpresa handiena da.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Ereduan aldaketak egiteko asmoa dagoela dirudi. Niri neuri, oraindik Udalak egin nahi duena argi ez izatea kezkagarria iruditzen zait. Hiru gauzek kezkatzen naute: ez dagoela programa zehatzik, ez dutela beste alderdiekin akordiorik lortu eta zurrumurruek martxan dagoena geldiarazi nahi dutela diotela. Arau berriak adosteko denbora luzea behar da, baina ekonomia eta beharrak kontuan izan behar dira. Egoera ekonomiko ona bizi dugu eta orain dugu etxebizitza eskaria. Etxebizitzak eta enpresentzako zorua eskaini behar ditugu lehenbailehen, bestela urretxuarrak eta enpresak beste toki batera joango dira.

Alkateak berandu baino lehen beste talderen bat gobernuan sartzea espero zutela esan zuen. Zuetaz ari zen.

EAE-ANVkoek oporren ondoren deituko zigutela esan zuten, baina oraindik ez dute deitu. Ez dakit beste alderdi batzuei lehentasuna eman dieten edo oraindik programa zehaztu gabe duten. Guk ez dugu gobernuan sartzeko inongo arazorik, baina zer egin nahi den jakin behar dugu. Proposatzen digutena entzun eta gero, gure programaren alde borrokatuko gara. Gurekin gobernatu nahi duenak, hitzarmen batean oinarrituta egingo du. Gauza guztiez hitz egiteko prest gaude, baina ezin ditugu herri honen epe ertaineko eta luzeko etorkizunak arriskuan jarri.

Zer diozu hauteskundeen emaitzaz?

Harritu egin gintuen. Bagenekien ez genituela aurreko hauteskundeetako emaitzak lortuko, EA eta EAJ banandurik aurkeztu baikinen. Zer edo zer jaistea espero genuen, baina ez horrenbeste. Talde bozkatuena izatea espero genuen. Nire ustez herritarrek EA eta EAJ zigortu egin gaituzte elkarrekin ez aurkezteagatik. EAJkoek ere hori onartu beharra dute: guri gaizki joan zaigu, baina eurei okerrago. Herritarrek azkenaldian bi alderdion artean izan diren tirabirengatik ere zigortu gaituzte. Guri bozkatu izan diguten 600 lagun ez dira bozkatzera joan. Besteek ez dituzte aurrekoetan baino boto gehiago lortu. EAE-ANVren igoera ez da egoera itzuli egin dela esateko modukoa. Epe motzean galdutako botoak erraz berreskuratuko ditugu, baina argi dago herritarrek gure arteko hika-mikak zigortu dituztela.

Ez duzu uste urretxuarrek zuek egindako lana zigortu dutenik, beraz.

Ez, baina hika-mikak kudeatzea ere gure lana zen. EAJ alkatetza lortzen saiatu zen, arrazoi erratuak medio. Helburua EA ahultzea zen eta lortu zuten, baina eurei garestiagoa atera zitzaien oraindik.

EAJrekin harremanak hobetzeko ahaleginik egin al duzue?

Zer edo zer hitz egin dugu eta, hauteskundeetan lortutako emaitzen inguruan, autokritika egin dutela uste dut. Euren bozeramalea eta gurea elkartu egin dira, lan ildoari buruz hitz egiteko. Dena den, gidatzea tokatzen zaienek programa zehazten ez duten bitartean, ez dugu zer egingo dugun esaterik. EAJ eta EAren arteko harreman ona zertxobait berreskuratu dugula esango nuke. Egia esan, euren zinegotziekin ez dut arazorik izan, baina goitik agintzen zitzaien zer esan eta zer egin behar zuten. Gauza asko gertatu badira ere, hauteskundeen ondoren berriro ere EAk EAJrekin gobernatzea espero nuen. Legealdian eta etorkizunean harreman ona izango dugula uste dut.

Zer diozu Zumarragan lortu zenituzten emaitzez?

Egia esan, nahiko txarrak izan dira. Beharbada, Arbulu efektuak eragina izango du. Urretxun EAk du nagusitasuna, baina Zumarragan EAJk. Zumarragan ere elkarrekin ez aritzearen aldeko apustua egin da azken lau urteetan eta EAJk irabazi du partida. Zumarragan ere autokritika egin beharko litzateke.

Hauteskundeen inguruko zalaparta handiena Urretxun izan da. Zergatik?

Niri ere deigarria iruditzen zait. Ezker abertzaleak kanpaina gogorra egin du, dagoeneko ez nintzela aurkeztuko jakina zenean. Hala, ez dut kanpaina hori ulertzen. Beste alkateari eman zaizkion erantzunen eta niri eman zaizkidanen arteko aldeak harritu egiten nau. Beharbada Zumarragan hauteskundeak irabaztea ezinezkotzat jotzen zutelako izango zen. Eztabaidak izan ditugu, baina ez dut uste euren kontrako jarrera gogorra izan dudanik. Bestalde, ez dut uste urte hauetan guztietan nire jarrera edo izaera aldatu denik. Beti akordioak lortzen saiatu naiz. Urte askotan aurrekontuak EAJ, PSE-EE eta PPren aldeko botoekin onartu ditugu. Desadostasunak ez ziren horren handiak izango... Iazkoak ez zituzten onartu. Horrenbeste aldatu ote ziren aurrekontuak urte batetik bestera? Ez al zen izorratzeko gogoa besterik izango?

Udaletxean eman dituzun urteen artean, azken hau izan al da gogorrena?

Inongo zalantzarik gabe. Nire ustez EAJk jazarpen jarrera izan zuen eta Zumarragako PSE-EE batu egin zitzaion. Ordura arte eztabaida gogorrak izan genituen, bakoitzak bere postura defendatzen zuen, baina leialak ginen eta esandakoa betetzen genuen. Azken urtebetean akordioak hautsi egin dira, emandako hitzari uko egin zaio... Atzean zeuden interesek ez zuten herriarekin zerikusirik. EAJk eta PSE-EEk interes partikularren alde egin dute, hauteskundeetan pentsatuz. PSE-EEren helburua Zumarragan hauteskundeak irabaztea zela uste dut.

Zumarragako alkatearekin izan dituzun hika-miken atzean interes hori zegoela uste duzu, beraz.

Gema Zabaletarekin desengainu handia hartu dut. Hasieran harreman hotza izan genuen, baina gero ondo moldatu ginen. Gauza askotan ados agertu ginen eta gai askotan akordioak lortu genituen: Euskal Herriaren egoerari buruzkoak, aurrekontuak, Arauak... Gero, dena ukatu zitzaidan. Pribatuan gauza bat esaten zuten eta publikoan beste bat. Nire ustez Zumarragako alkatea EA ahultzen saiatu da, horrek hauteskundeetan mesede egingo ziolakoan eta Urretxuko egitasmoak geldiarazteko. Azken finean, konpetentzia gara. Zumarragak eta Urretxuk oso egitasmo garrantzitsuak ditugu epe motzera. Zumarragak etxebizitza asko egiteko asmoa du, gehiegi nire ustez. Urretxuren helburua bere barne eskaria asetzea da, baina Zumarragako planteamendua hedakorra da: eskualde mailakoa. Konpetentzia garenez, Urretxuri garatzea eragozten ari zaio.

...

Antonio Molinaren aurrean txapela kendu beharra dut. PSE-EEko militantea da aspalditik, baina gertatzen ari zena ikusi zuen eta herriaren alde egitea erabaki zuen. Sekulakoak jasan behar izan ditu.

Irimoren, parkearen eta ikastolaren inguruan zalaparta handia sortu zen.

Desadostasunak bideratu egin ziren. Hala, Irimon merkatal gunea egiteko aukera atzera bota zen. Parkearekin zegoen arazoaz zer edo zer entzun al duzu? Udalak porrot egin behar omen zuen. Kontu hori 1992ko Arauetan zegoen moduan dago. Arauen kontu honetan hauteskundeei begira jardun ez den bakarra PP izan da. Hasieratik Arau berrien alde egon da eta horri eutsi dio. 440 etxebizitza berri egiteaz hitz egiten ari gara: hori Errenterian edo Donostian Plan Orokorrean aldaketa puntuala eginez lortzen da. Bi hilabeteko kontua izaten da.

Tartean akusazio gogorrak izan dira.

Kalean errealitatearekin zerikusirik ez duen irudia zabaldu da. Espekulazioaz hitz egin da. Lurzoruaren kalifikazioa aldatzea espekulatzea al da? Ikastola espekulatzen ari al da? Urretxuk eta Zumarragak ez al dute irabazten azpiegitura berriarekin? Egia da Udalaren erabakiak lurjabeari sekulako irabaziak ematen dizkiola, baina badago beste formularik? Babestutako etxeak bakarrik egitea proposa dezaket. Sustatzaileari interesatzen ez bazaio, nork egingo ditu? Ez ditut aurrera atera ezin diren egitasmoak planteatu nahi. Ikastolan etxebizitza libreak egingo dira ikastetxeak eraikin berria egin ahal dezan. Egunen batean ikastola desagertuko balitz, ez nuke nahi sekula hori gertatzea, bere eraikina Udalaren eskuetara pasako litzateke. Ikastola kaxkarra izatetik, Euskal  Herriko onenetakoa izatera pasatuko gara.

...

Beste kontu bat berdegunerik ukitu nahi ez izatea da. Baina etxebizitza beharra ase behar da. Lau urtetan erantzunik ematen ez badiegu, herritik joango dira. Hori oso larria da. Hemendik lau urtera, berriz, ez da eskaerarik izango. Bestalde, gure herria txiroen artean dago. Gure aberastasun iturri bakarra biztanleak dira. Joaten badira, ezin ditugu zerbitzuak eskaini. Onartu berri diren Arauak ez dira biribilak izango, baina epe motzean ezer ez egitea oso kezkagarria iruditzen zait. Etxebizitza hutsak okupatzeko ahaleginak ez du etorkizunik. Gobernuaren arabera, 15 egun bertan ematea nahikoa da etxebizitza huts bezala ez hartzeko. Zenbat geratuko zaizkigu? Urretxuk etxebizitza gehiago egiten ez baditu Zumarragak aseko ditu bere beharrak. Ezin dugu Irimon etxebizitzak egiteaz hitz egin, urteak pasatuko baitira ordurako. Udala erabakiak hartzeko dago.

Zeintzuk izan dira urte hauetako guztietako une gozoenak?

Onena egitasmoak aurrera ateratzen direla ikustea da. Arlo pertsonalean, pozgarriena akordioak lortu izana da. Bestalde, lantalde onak izan ditugu. Udalean aritutako asko lagunak gara eta legealdi ezberdinetan aritutakook bazkariak eta afariak egiten ditugu. Pasa diren guztiek esperientzia ona izan dela diote. Egoera oso txarra bizi zuen bizilagunen bati lagundu ahal izana ere oso pozgarria da.

Zer izan da okerrena?

Udaletxeko lana esker txarrekoa da batzuetan. Senitartekoek eurekin oso denbora gutxi egon naizela leporatu didate eta arrazoia dute. Bestalde, gizarteak okerrera egin du gauza batzuetan. Duela 16 urte udaletxetik bizilagunei laguntza eske eskatzen deitzen zitzaienean jasotzen genituen erantzunak eta egungoak oso ezberdinak dira. Herriaren alde lan egiteko askoz ere borondate eskasagoa dago. Norberak bere alde egiten du. Zaborrarena oso argigarria da: inork ez du edukiontzia etxe azpian nahi, baina urruti ere ez. Kaleak gure etxearen luzapena direla ulertu behar dugu.

Ogasun diputatua zara orain. Zer diozu zure egungo erronkaz?

Nire ustez jendea itxaropentsu da. Lan asko dago egiteko. Legealdi bukaeran zenbait kontu zehazteke utzi dira. Atzetik datorrenari erabakiak hartzeko margena uztea ondo dago, baina azkenaldian hutsunea izan dela iruditzen zait. Horretaz gain, Irungo bulegoaren inguruko aferari aurre egin behar diogu.

Zuen ardura izango da gipuzkoarron konfiantza berreskuratzea.

Bi lan ildo ditugu. Alde batetik, justiziarekin elkarlanean aritu behar dugu. Gure espedienteetan zer edo zer arraroa ikusten badugu, jakinarazi egin behar dugu. Nahiz eta fiskaltzak ez duen beharrezkotzat jo, 1995etik 2001era bitarteko espediente guztiak errebisatzeko agindua eman dut. Gertatu den guztia jakin behar da. Bestalde, bitartekoak jarri behar dira berriro halakorik gerta ez dadin. Herritarren konfiantza berreskuratu behar dugu.

Zer pentsatu zenuen Ogasun diputatu izan behar zenuela jakin zenuenean? Zure lana lupaz begiratuko dute.

Ogasun diputatu izatea ez zegoen nire asmoen artean. Hori bai, sail hau EAJ izango ez zen alderdi baten esku egon behar zela aldarrikatu genuen hauteskunde kanpainan bertan. Aire berria behar zen. Negoziazioetan hori bera aldarrikatu genuen eta azkenean ni Ogasun diputatua izatea suertatu da. Batzar Nagusietan alor horretan lan egin dut azkenaldian eta egokiena nintzela pentsatu zuten. Erronka handia da, bai alderdiarentzat bai niretzat. Jendeak asko espero du, Foru Aldundian bertan. Egoerari buelta ematea nahi dute.

Orain arte baino lasaiago biziko zarela uste al duzu?

Oraingo lana lehengoarekin alderatuta oso ezberdina da. Egunero Donostiara joan beharra da okerrena. Erronka handia dugu eta ordu asko sartu beharko ditut, baina 500 langile ditugu eta baliabide asko. Gainera, lau laguneko zuzendari talde oso ona dut. Nire ustez bizi kalitatean irabaziko dut.

Urretxun bizitzen jarraituko duzu.

Bai, bai. Hainbat zurrumurru izan dira: Madrilera joan behar nuela, Gasteizera... Hemendik aurrera herriaz gehiago gozatu nahi dut. Ezaguna izango naiz, baina anonimoagoa izan nahi dut. Orain arte, kalera irteten nintzen bakoitzean, jendea bere arazoekin etortzen zitzaidan. Horrek ez zidan familiaz eta lagunez gozatzen uzten.

Nola bizi behar dituzu jaiak?

Ostiralean koadrilakoak elkartu egiten gara eta larunbatean, Txirimiri elkarteko zuzendaritzan nagoenez, sukaldaritza lehiaketan parte hartuko dut. Euskal Jaiaz eta koadrilen egunaz ere gozatzeko asmoa dut, noski.


Erabiltzaileen iritziak

Ez dago erabiltzaileen iritzirik.

 

 
 
Powered by jReviews