Mariano Garcia Altsasun jaio zen, baina gerra garaian bere familia bertatik bota eta Urretxun bukatu zuten. Lantegietan eta merkataritzan jardun zen, baina zinea zen bere pasioa. Bera da kamera erosi eta herriko irudiak hartu zituen lehenengotakoa. Areizaga plazako bere talaiatik, bi urte eman zituen errekaren estaldura lanak grabatzen. Bere artxiboa Urretxuko Udalari eman dio.
Urretxun bizi zara, baina Altsasun jaio zinen.
Hala da. 1927an jaio nintzen, 80 urte ditut beraz. Nire haurtzaroa zoriontsua izan zen. Aitak Olaztiko porlan fabrikan lan egiten zuen eta soldata txukuna irabazten zuen. Ondo bizi ginen eta gerra hasi zen arte, eskolan eta jolasean ematen nuen eguna. Bederatzi urte nituenean guda hasi zen eta tragedia ezagutu genuen. Ez dakit nire lagunekin zer gertatuko zen, ordutik apenas itzuli bainaiz Altsasura. Bi aldiz bakarrik joan naiz, azkenekoan nire biloba eraman nuen non jaio nintzen ikus zezan. Hura ere asko aldatu da.
Zorigaitza ezagutu zenutela esan duzu.
Gerra uztailaren 18an hasi zen, mundu guztiak dakien bezala. Igandea zen. Ni kalean nengoen jolasean, etxe azpiko iturrian. Orduan, erreketeez betetako autobusa heldu zen. Viva España! Viva España!, zioten. Amak bazuen gertatzen ari zen berri eta balkoira irten zen. Fusilekin zeudenen ondoan ikusi ninduenean, asaldatu egin zen eta deitu egin zidan. Zarata zela eta, ez nuen entzun. Etxera heldu nintzenenean, gozoa zegoen nire ama... Kasurik ez niola egin uste zuen.
Zer gertatu zen ondoren?
Anaia zaharrenetako bat Bizkaian zegoen okupazioa hasi zenean. Beste batek, berriz, ihes egin zuen. Gauez, trenbidetik, Zumarragara etorri zen eta errepublikaren aldeko armadan sartu zen. Sozialisten egoitzaren gainean bizi ginen eta amak lagundu egiten zuen. Soldaduak bertan sartu ziren informazio bila eta gero, kalean, guztiari su eman zioten. Koltxoiak leihoetan jarrita lo egiten genuen, balengandik babesteko. Falangistak etxera etorri ziren eta anaiek eurekin elkartzeko 48 ordu zituztela esan zioten amari. Halakorik egiten ez bazuten, guk ordainduko genuela. Amak bere semeez ez zekiela ezer erantzun zien. Amari ilea erabat moztu zioten eta herritik bidali gintuzten. Aita, ama eta bost seme-alaba gurasoen herrira joan ginen: Segoviara.
Denbora luzez egon al zineten Segovian?
Gerra bukatu zen arte. Gero Urretxura etorri ginen. Izan ere, beste bi anaiak ere hona etorri ziren. Urretxun ondo hartu gintuzten, baina Segovian oso gaizki ikusita geunden: espiak, gorriak, komunistak, errusiarrak... ginen. Elizara zihoan emakume batek arreba txikiari errusiarra eta komunista deitu zion behin eta negarrez itzuli zen etxera. Amak ez kezkatzeko esan zion, hori deitu izana ohorea zela.
Noiz utzi zenion eskolara joateari?
Segovian nengoela, 11 urterekin, utzi nion eskolara joateari. Izan ere, aitarekin lanera joan beharra nuen, sorora. Ahal genuen horretan lan egiten genuen. Udaberrian mahastiak kimatu egiten dira eta gero xirmenduak jaso. Hiruzpalau mutiko joan ginen hura egiteko asmoarekin, baina nagusiak noren semea nintzen galdetu zidan. Erantzun nioenean, niretzat ez zegoela lanik esan zidan. Belar txarrak jasotzen ere ibiltzen ginen, pinuei adarrak kentzen eta pilatzen...
Urretxura etorri zinenean, zertan aritu zinen lanean?
Buscaren lantegian hasi nintzen, Eitzagako aldapan, zumea zuritzen. Azaroan etorri ginen eta 14 urte bete nituenean, otsailean, Orbegozon hasi nintzen. Bizpahiru urte eman nituen bertan. Gero Sarralden eta Aparizion aritu nintzen, besteak beste. Gehien ordaintzen ziguten tokira joaten ginen. 20 urterekin Badiola orrazi lantegian hasi nintzen eta bertan erretiratu nintzen, 59 urterekin, taupada-markagailua jarri zidatelako.
Merkataria ere izan zara.
Denda txiki bat ireki nuen Zumarragako Legazpi kalean, orain Munch lentzeria dagoen tokian, 31 urte nituenean. Baina lehenago Venezuelara joan nintzen, ezkonberritan eta alaba zaharrena jaioberria zela, bakarrik. Ez genuen etxerik, ez zegoen etxebizitzarik topatzeko aukerarik eta aitaginarrebekin bizi ginen. Venezuelan, ordea, ez zegoen lana aurkitzeko modurik. Zergatik joan nintzen Venezuelara? Amerikara joan nahi nuen, bidaia agentzian Venezuela aipatu zidaten eta besterik gabe... Urtebetera itzuli nintzen. Ez nuen fundamentuzko lanik aurkitu. Aberriratuta bidaltzea lortu nuen eta hala ez nuen bidaia ordaindu beharrik izan. Baldintza bakarra jarri zidaten: ezin nintzen Espainiatik irten ordaindu gabeko bidaia hori ordaindu arte. Lezioa ikasi nuen... ordutik ez naiz hemendik irten. Itzuli eta berehala, Hilario Badiolak lana eskaini zidan lantegian.
Lehengora itzuliz, Zumarragan denda ireki zenuen.
Liburuak saldu eta trukatzen genituen. Emazteak irekitzen zuen denda eta ni lantegitik irteten nintzenean joaten nintzen. Garai hartan, telebistarik ez zegoenez, nobela asko irakurtzen ziren. Gizonezkoak bakeroenak eta emakumezkoek maitasunezkoak irakurtzen zituzten. Bezero batzuk 10 nobela ekartzen zituzten trukatzeko eta 50 xentimo kobratzen genuen bakoitzeko. Argazkiak ere ateratzen nituen. Argazkigintza gustuko nuen eta Donostiara joan nintzen ikastera, Koch ospetsuarengana. Errebelatzen irakatsi zidan, baina Zumarragan ez zegoen lan egiterik. Izan ere, Berriotxoa zen gure argindar hornitzailea eta gorabeherak izaten ziren. Beste hornitzailea Lizartza zen. Azken honek ez zuen gorabeherarik, baina gauez bakarrik ematen zuen argindarra. Nik, ordea, egunez ere behar nuen. Hori guztia dela eta, argazkien kontua gaizki joan zen.
Zer argazki ateratzen zenituen?
Bi kamera nituen alokatzeko eta gero bezeroek ateratako argazkiak errebelatzen nituen. Herririk herri argazkiak ateratzen ere ibili nintzen, baina lotsa ematen zidan. Argiaren arazoa zela eta, dendan ez nuen argazkiak ateratzerik. Kontu hori utzi ondoren Iberduero etorri zen eta Berriotxoaren eta Lizartzaren bezeroak hartu zituen.
Gero, Urretxura joan zineten. Areizaga plazan Gama denda ireki zenuten.
Duela 40 bat urte izan zen hori, etxe hura egin zenean. Leihoak Alberdik egin zizkidan eta altzariak Bionak. Nobelak, opariak, eskolarako materiala... saltzen nituen. Bigarren alaba ezkondu zenean utzi nuen denda. Duela 20 bat urte. Geroztik errentan izan da.
Liburu dendako lana gustuko al duzu?
Bai, baina oso gogorra da. Izan ere, liburuek uzten duten mozkin-marjina txikia da. Zorionez, saltzen ez zena itzuli egin zitekeen.
Areizaga plaza merkataritzarako toki ona al zen?
Herri erdian zegoen, baina trenbidea eta murrua zirela eta, dendara heltzea zail samarra zen. Orain, berriz, toki pribilegiatua da. Gainera, han guraso asko ibiltzen da haurrekin. Jende asko etorri zaigu galdezka, baina alabek ez dute lokala saldu nahi.
Gaia aldatuz, argazkigintzaz gain, zinea ere asko atsegin duzu. Nolatan zaletasun hori?
Ba al dakizu nola zaletu nintzen? Gaztetan, filma bat ikusten ari nintzela, bikote ezkonberri bat atera zen kamera batekin. Nik ere, egunen batean, seme-alaben irudiak hartuko nituela pentsatu nuela oroitzen dut. A zer nolako burutazioak nituen!
Noiz egin zenituen lehen grabazioak?
Venezuelatik etorri nintzenean, 32 bat urterekin. Italiar batek pelikula eman zidan, baina ez nuen kamerarik. Iruñean bizi den anaiak nik baino lotsa gutxiago du eta norbaiti kamera eta proiektorea eskatu zizkion niretzat. Lehen grabazioan emaztea eta alaba zaharrena ageri dira, Olaetxearen zelaian, Ipintza ondoan. Pelikulak ez du soinurik. Gordeta dut noski, urrearen pare. Pelikula zahar horiek bideo formatura pasatu nituen beranduago.
Zer lan grabatu dituzu urte hauetan guztietan?
Familiarentzat garrantzitsuak izan diren une guztiak: alaben jaiotzak, bataioak, jaunartzeak, emaztearen ahizpen ezkontzak, txangoak... Urretxu eta Zumarragako festak eta ekitaldiak ere grabatzen nituen. Neure kabuz joaten nintzen, inork eskatu gabe. Belokiko gurutzearen festakoek bakarrik deitzen zidaten gogorazteko.
Ordu asko ematen al zenituen kamerarekin?
Denbora nuen guztietan hartzen nuen kamera. Lanik handiena eta garrantzitsuena erreka estali zutenekoa da. Nire ustez, obra hori Egiptoko Asuan presakoaren pare da: bata herri mailan eta bestea nazio mailan. Oso garrantzitsua izan zen Urretxu eta Zumarragarentzat. Lanek bi urte iraun zuten eta egunero hartu nituen irudiak. Etxeko balkoian markak egin nituen tripodea beti toki berean jartzeko. Ikusgarria da habeak nola jarri zituzten.
Obra horri horrenbesteko garrantzia ematea ez da harritzekoa. Izan ere, denda inguru hartan duzu eta behin baino gehiagotan jasango zenituen uholdeak.
Hirutan sartu zen ura dendara, baina lehenengo aldian bakarrik harrapatu gintuen gu bertan: lehen hauteskundeen bezperan izan zen. Ondorengo uholdeetan errentan utzita genuen.
Zenbat kamera izan dituzu?
Bi zine-kamera eta bideokamera bat. Lehenengoa zortzi milimetrokoa zen eta bigarrena Super 8 delakoa. Lehenengoa frantsesa da, 50eko hamarkadakoa eta nahiko txarra. Bigarrena Afrikatik ekarri zidan bertan soldadutza egiten ari zen mutil batek. Ezkonberritan erosi nuen argazki kamera ere gordeta dut oraindik. Tolosan erosi nuen eta bizikletan joan nintzen. Beldur ederra pasatu nuen! Izan ere, errebelatzeko erretiluak ere erosi nituen eta nahiko lan nuen oreka mantentzeko.
Grabatzen jarraitzen al duzu?
Bideokamerarekin bakarrik. Azken grabazioa Areizaga-Kalebarren plazaren berritzea izan da. Dena den, nahiko utzita dut. Ez dut gaztetako ilusioa. Bideoa heldu zenean, zinea utzi egin nuen. Izan ere, zine kamerak askoz ere garestiagoak dira. Sekuentzia motzak egin behar dira. No-do delakoa ikusten ikasi nuen. Bideokamerak, berriz, orduak eta orduak grabatzeko aukera ematen du.
Grabaketa kontua nahiko utzita baduzu, zertan ematen duzu eguna?
Goiz jaikitzen naiz eta Ferminen tabernara joaten naiz: botilak jasotzen dizkiot, konponketaren bat egin... ez diot deus kobratzen, denbora pasatzeko egiten dut. Arratsaldeetan, berriz, minidisc-a hartu eta bidegorrira joaten naiz. Iazko udan Azkoitiara autobusean joan eta oinez itzultzen nintzen, ia egunero. Aurten ere joan nahi dut, proba egiteko behintzat. Bestalde, bonsaiak ere baditut: Agerre baserriko gereziondoa, pinuak, lizarra, algarroboa, mizpirondoa, laranjondoa... Nire kabuz ikasi nuen.










