Inprimatu E-posta

KUtxiguzu bidea Atxun (128.alea)

Edo gutxienez Gaztelekuko ateak ez itxi  gu bezalako hirugarren belaunaldiko gazteoi, horixe baikara Kutxako gestoreentzat. Misha artzaren, milaka kromotako kolekzioen eta plastikozko raketen Club Juvenil hartatik bezala, gazteen artetik ere bota gaitu gipuzkoar askoren aurrezkiak kudeatzen dituen erakundeak.

Hirugarren hamarkada hastera goazen honetan, Gazte Txartela albo batera utzi –non demontre erabili sekula jakin ez dugun txartel horren abantailez gozatzeko aukerarik ez dugu izango aurrerantzean– eta hipoteketan pentsatzen hasteko garaia dela esan ez digute ba, gure fideltasuna eskertzeko opariren bat emateko zela uste genuen eskutitz hotzean.

Baina karnetak eta gorputzak bestelakorik gomendatzen duten arren, noizean behin utopiarako trena hartzen jarraitu nahi dugu gure trena zenaren geltoki izandako honetan. Maizegi egin dugu herriko beste edozein taberna bezala erabiltzearen akatsa. Eta are sarriago sartu zaigu bertan gaudenean Espinete eta Don Pinponen konplexua. Ez Sesamo Auzoko okinaren tokaioarekin topo egiten dugulako, ingurukoen adina biderkatzen dugulako baizik. Baina eroso sentitzen gara zuritoak oraindik pezeten prezioetan kobratzen dituzten barraren alboan.

Edozein ekintza antolatzeko orduan subentzioen morroi den gizarte gero eta indibidualistago honetan, autogestioa posible eta beharrezkoa dela erakutsi du Urretxu-Zumarragako gazte asanbladak azken bost urte hauetan –irrati propioa ere sortu da makrokontzertu beharrik gabe– Ku zaharrean urtetan ereindako bidetik.

Kontuak egiten hasita, Gazte Txartelaren mugak gaindituta behar luke Gaztelekuarentzat ere, baina zorionez ez du halakoren beharrik espirituz sekula baino gazteago baitago. Segi urteak betetzen eta bitartean, tori gure bostekoa!!!

Jon Torner

Jon Ormazabal

Erabiltzaileen iritziak

Ez dago erabiltzaileen iritzirik.

 

 
 
Powered by jReviews