Ada Curbelo: “Beste batzuekin egotea eta esaten dutena ez ulertzea oso gogorra iruditzen zait”
Ada Curbelo kubatarrak Jon Gartziandia zumarragarra ezagutu zuen bere herrialdean eta elkarrekin bizitzera etorri ziren. Bertako hizkuntza ikastea beharrezkoa iruditu zitzaion eta Udal Euskaltegian izena eman zuen. Dagoeneko bosgarren urratsean dago eta Gernika okindegiko bezeroekin euskaraz egiten du.
Ekainean hiru urte egingo du etorri zenetik. "Kuban senarra dena ezagutu nuen, etorri eta ezkondu egin ginen". Euskal Herriaz ezer gutxi zekien. "ETAk lehergailuren bat jartzen duenean soilik heltzen dira hemengo albisteak Kubara. Senarrak ez larritzeko esan zidan, hemengo egoera ez dela komunikabideetan agertzen den bezain gatazkatsua".
Oso gustura bizi da gure artean. "Jendearekin ez dut inongo arazorik izan. Oso ondo hartu ninduten, beharbada, nire senarra ezaguna delako. Ez naute sekula ezberdina sentiarazi, ezta baztertu ere".
Ondo moldatu da hemengo bizimodura, nahiz eta Kubakoarekin alderatuz ezberdina den. "Jendearen izaera ezberdina da. Kuban jendea maitekorragoa eta samurragoa da, beharbada klima dela eta. Hemengo jendea neurtuagoa da. Sukaldaritza ere oso ezberdina da. Kuban ongailu asko erabiltzen ditugu".
Dena den, Curbelo Euskal Herrira egoki-tzeko ahalegina egiteko asmoz etorri zen eta lortzen ari da. Hala, hona heldu eta berehala Udal Euskaltegian izena eman zuen. Oso argi du Euskal Herrian bizi nahi duen orok euskaraz jakin behar duela. "Hemen bizi behar banuen, integratu beharra nuela pentsatu nuen. Gainera, nire senarra euskalduna da", dio.
Hasieran, Euskaltegira joatea gogorra egin zitzaion. "Hitz guztiak arrotzak ziren niretzat, baina poliki-poliki ikasten joan nintzen. Hobeto moldatzen naiz. Euskara ulertzeko gai naiz, oraindik hitz egiteko arazoak baditut ere. Ez naiz elkarrizketa luzeak mantentzeko gai", azaldu du.
Senarra, senitartekoak eta lagunak bere ahaleginaz harro daude, noski. "Ez didate egunero aipatzen, baina pozik daudela uste dut. Gutxitan hitz egiten dut beraiekin euskaraz. Izan ere, badakit eurek ere gaztelaniaz dakitela eta ausartzea kosta egiten zait".
Lanorduetan, ordea, euskaraz egitea egokitzen zaio. "Duela urtebete Gernika okindegian lanean hasi nintzen eta oso lagungarria izan zait euskara praktikatzeko. Bezero batzuek euskaraz eskatzen dute eta nik euskaraz erantzuten diet. Nahiko ondo moldatzen naiz, ulertzeko ez baitut zailtasunik. Bestalde, nire itxura dela eta, askok euskalduna naizela uste dute. Ez didate kubatar itxura hartzen. Kubatarra naizela eta euskara ikasten ari naizela esaten diedanean, harritu egiten dira".
Lantokiak ez ezik, telebistak ere balio dio mintzapraktika egiteko. "Kutsidazu bidea, Ixabel telesaila ikusten ari naiz, gustura gainera. Euskaltegian liburua irakurri genuen lehenago. Telesailaren eta liburuaren artean aldeak daude, baina biak atsegin ditut", aipatu du.
Euskal ohituren eta festen berri ere badu dagoeneko. "Oso entretenigarriak irudi-tzen zaizkit. Hemen beti dago zer ospatu. Ohiturei eta ospakizunei eusten diezue, Kuban baino askoz ere gehiago".
Ada ez da inolaz ere gure hizkuntza ikasten hasi izanaz damu. "Erabaki zuzena izan zen. Gainera, lana aurkitzeko beharrezkoa izango nuela ere pentsatu nuen. Euskara ikastea zaila iruditzen zait, baina luzaroan jarraitzeko asmoa dut. Gainera, Euskaltegian oso giro ona dugu".
Gainontzeko atzerritarrak euskaraz ikastera animatu nahi ditu. "Bertako hizkuntza jakitea oso ona da. Beste batzuekin egotea eta esaten dutena ez ulertzea oso gogorra iruditzen zait. Bestalde, aipatu bezala, zenbat eta ezagupen gehiago izan, orduan eta hobeto lana bilatzeko. Euskara ikastea oso gomendagarria da".
Olessia Kirkatz: “Amaginarrebak euskaraz egiten dit, ilusio handia egiten baitio ni ikasten ikusteak”
Olessia Kirkatz errusiarra da eta duela zazpi urte bere herrialdean Antzuolako mutil bat ezagutu zuen. Maitemindu egin ziren eta duela bost urte Euskal Herrira etorri zen. Antzuolan bizi da eta Arrasaten ingeles irakaslea da, baina Urretxu-Zumarragako Udal Euskaltegira etortzen da euskara ikastera. "Egokiena ni hona etortzea zela pentsatu genuen, baina sorpresa handia hartu nuen heldu nintzenean. Izan ere, milioi bat biztanle duen hiri batekoa naiz eta Antzuola oso txikia da niretzat. Hasieran gogorra egin zitzaidan. Klaustrofobia sentitzen nuen hango kale estuetan. Gainera, mendiak daude eta nire jaioterrian ez. Han heldu baino askoz ere lehenago ikusten da ekaitza datorrela. Hemen, ordea, bat-batean heltzen da. Zorionez, dagoeneko ohitu naiz", dio.
Senarra ezagutu aurretik ez zuen Euskal Herriaren berri. "Espainia besterik ez zen existitzen niretzat, baina orain Euskal Herria oso ezberdina dela jabetu naiz. Jendea oso jatorra iruditu zitzaidan hasieratik. Hotzak zaretela esaten duzue, baina zeuen burua hegoaldeko jendearekin konparatzen duzuelako da hori. Nik Errusiako jendearekin alderatzen zaituztet eta han askoz ere itxiagoak gara. Komun publikoetan sartu eta jendeak kaixo esatea oso deigarria iruditu zitzaidan, adibidez".
Etorri aurretik izan zuen euskararen berri. "Senarrak bere familiak euskaraz hitz egiten zuela esan zidan eta sorpresa hartu nuen. Bere koadrilakoek ere euskaraz egiten dute eta ez dira gaztelaniara pasa-tzen niregatik. Ez dute zertan egin beharrik. Duela hiru urte saiatu nintzen lehenengoz euskara ikasten, Arrasaten, baina lanarengatik utzi behar izan nuen. Iaz berriz hasi nintzen, Urretxun".
Ondo moldatzen da dagoeneko. "Ulertzen dut eta, saiatuz gero, hitz egiteko gai naiz. Dena den, nire helburu nagusia ulertzea da, elkarrizketetan ez galtzea. Nire senarraren senitarteko batzuek oso ondo hitz egiten dudala esaten didate, baina ez dut uste horrenbesterako denik". Errusian ere badakite euskara ikasten ari dela. "Oso ondo iruditzen zaiela eta ez dela horrenbesterako esaten didate", dio barrez.
Berak ere ez dela horren zaila dio. "Euskarak logika du eta hori oso garran-tzitsua da. Aditz asko daude, baina oinarria hartuta ez da zaila ikastea. Etxean ere ikasten saiatuko banintz, hobeto menperatuko nuke, baina ez dut etxeko lanak egiteko astirik. Dena den, euskarazko irratia eta telebista jartzeko ohitura dut. Ostiraletan Martin telesaila ikusten dut, jarraitzeko erraza baita eta euskara ikasteko oso aproposa. Gaur Egun eta Supernanny ere ikusten ditut. Euskarazko musika entzuteko ohiturarik ez dut, ordea. Ingeles musika bakarrik atsegin dut".
Kalean ez du euskaraz asko egiten. "Arrasate, Urretxu eta Zumarragan lehen hitza gaztelaniaz izan ohi da. Familiakoekin, ordea, euskaraz egiten dut. Amaginarrebak euskaraz egiten dit, ilusio handia egiten baitio. Jarraitzeko eta hemendik aurrera beti euskaraz egin behar dudala esaten dit. Lagunekin ere aritzen naiz, baina gutxiago", azaldu du.
Gainontzeko etorkinak euskaraz ikastera animatu nahi ditu. "Euskaltegian oso giro ona dugu eta ikasteak merezi du. Oso ariketa ona da, gainera. Adinekoei, adibidez, oroimena lantzeko, denbora pasatzeko eta jendea ezagutzeko aukera ematen die. Nik luzaroan jarraitzeko asmoa dut".
Kirkatz euskara ulertzeko premia sentitu zuelako joan zen Euskaltegira. "Ulertu egin nahi dut, nire ingurukoek hitz egiten baitute. Bilbon biziko banintz, beharbada, ez nintzateke animatuko", aitortu du.
Olessia Kirkatz euskal giroan ondo moldatu da eta euskaldunok ondo ezagutzen gaitu dagoeneko. "Jendeak bere sustraiei garrantzia handia ematen die eta gazteek euren herriko kultura eta ohiturak horren ondo ezagutzea harritu egiten nau".
Paula, Ana eta Marlon: “Euskara ikastea beste toki batzuetan bertako hizkuntza ikastea baino zailagoa da”
Joxe Jauregi zumarragarrak eta Paula Blanco nikaraguarrak Internet bidez izan zuten elkarren berri. Duela hiru urte eta erdi aurrez aurre ezagutzea erabaki zuten eta, ordutik, elkarrekin bizi dira Euskal Herrian. Ezkondu ondoren, duela bi urte, Paularen seme-alabak ekarri zituzten: egun 15 eta 12 urte dituzten Ana eta Marlon. Ikastolara joaten dira eta dagoeneko euskaraz hitz egiteko gai dira. Amak ere gure hizkuntza ikasteko asmoa du.
Paulak ezer gutxi zekien Euskal Herriaz etorri aurretik. "Indarkeriarekin lotzen nuen. Joxek Espainia eta Frantzia artean dagoela esan zidan eta nik ez nuen mapan aurkitzen. Heldu bezain pronto martxoaren 11ko Madrilgo atentatua izan zen. Ama zoro moduan jarri zen, non sartu nintzen galdezka".
Ondo moldatu da hemengo bizimodura. "Hemen Nikaraguan baino hobeto bizi da jendea". Bi herrietako kulturen artean alde handiak daudela dio. Joxek ederki asko gogoratzen du zer iruditu zitzaion deigarriena. "Ez zuen ulertzen zergatik atera-tzen garen kalera edatera, etxean edaria edukita. Latinoamerikarrak beti parrandan daudela uste dugu, baina Paula oso etxezuloa da".
Euskal Herriko txokoak ezagutzeko gustatzen zaio batez ere etxetik irtetea. "Autoan joatea gustatzen zait. Autotik irten gabe, hemengo bazterrak ikustea". Senarrak egia dela dio. "Aurreko batean bide okerra hartu nuen eta ez zidan batere esan!", aipatu du.
Erosketak egitera eta hondartzara joatea ere atsegin du. "Kontuan izan behar da han ez dugula erosketak egitera joateko aukerarik. Hondartzei dagokienez, hemen ez naiz uretan sartzen, han baino askoz ere hotzagoa egoten baita".
Aurrera begira, euskara ikasteko asmoa du. Joxek bai ala bai izango dela dio. "Haurrengatik egin nahi dut, batez ere. Ondo ikasi beharra dutela esaten diet behin eta berriro, baina beraiek nirekin ezin dutela euskaraz hitz egin eta horregatik ez dutela gehiago erabiltzen esaten didate", azaldu du Paulak.
Seme-alabez ari dela, beraiek ere Euskal Herrira primeran moldatu direla aipatu du. "Eskolan ondo moldatzen dira eta hemengo eguraldira ni baino hobeto egokitu dira. Elurra deigarria iruditu zitzaien eta oso gustura ibili ziren. Etorri aurretik, ez zuten ezagutzen. Koxkortuak zirela ekarri nituen eta beldur nintzen, baina ez dute inongo arazorik izan. Ez naiz inolaz ere etorri izanaz damu".
Ana eta Marlon ere ez. Gainera, dagoeneko euskaraz hitz egiteko gai dira. Anak hitz batzuk ikastea kostatzen ari zaiola dio. Joxek euskaraz hitz egiteak lotsa apur bat ematen diela azaldu du. "Ez lirateke lotsatu behar, zailtasunak izatea logikoa baita. Azken finean, ez da euren ama hizkuntza. Ezin da egun bakarrean ikasi! Nirekin ere gutxitan hitz egiten dute. Gehienetan erdaraz erantzuten didate, lotsa dela eta. Dena den, ikasten ari direla ikusteak pozten nau".
Haurrak hemengora moldatzeko ahalegina egiten ari dira, baina amak euren sustraiei eustea ere nahi du. "Hona etortzea aldaketa handia izango zela banekien, baina ez ditut sustraiak galdu nahi. Beraiei ere hori aipatu diet. Nikaraguan neskei festa handi bat eskaintzen zaie 15 urte betetzen dituztenean eta Anak berea izan du. Tabernan ospatu genuen, gure senitarteko eta lagunekin. Nire ama egotea ere gustatuko litzaidake, baina...".
Ahal bezain pronto Nikaraguara joateko asmoa dute. Izan ere, Joxek ez du oraindik hura ezagutzen eta Paulak amarekin egon nahi du, noski. Ordurako, erronka markatu dute: guztiak euskaraz hitz egiteko gai izatea. "Euskara ikastea beste toki batzuetan bertako hizkuntza ikastea baino zailagoa da. Izan ere, gaztelania ondoan izanda...", dio Paulak.
Sidi Elbouanani: “Etorkinek ere euskara ikastea komeni da, hizkuntza gal ez dadin”
Sidi Mohamed Elbouananik 17 urte ditu eta DBHko laugarren maila ikasten ari da Iparragirre institutuan. Azpeitian jaio zenez primeran ikasi zuen euskaraz. Zortzi urterekin, ordea, familia Marokora itzuli zen. Hamaika urte zituela Zumarragara etorri ziren. Ordurako euskara eta gaztelania nahiko ahaztuta zituen, baina berreskuratu ditu. Euskaraz eskolan bakarrik egiten duela aitortzen du, baina bizirik mantentzeko ahalegina egin behar dela dio.
Marokoar jatorriko gaztea Euskal Herrian jaio zen. Hori dela eta, euskalduntzat eta marokoartzat du bere burua. Umetan ikasi zuen euskara. "Hemen jaio nintzenez, inongo arazorik gabe ikasi nuen. Bost anaia-arreba gara eta guztiok euskaraz dakigu, oraindik hitz egiten ez dakien txikiak izan ezik. Etxean marokoarrez egiten dugu. Anaia-arrebon artean gutxitan aritzen gara euskaraz. Etorkin familia batzuetan seme-alabek euskaraz egiten dute gurasoek esaten dutena ulertzea nahi ez dutenean, baina guk ez dugu halakorik egiten", azaldu du.
Kalean, berriz, gazteleraz egiten duela dio. "Eskolan bakarrik egiten dugu euskaraz, baina ondo moldatzen naiz. Dena den, ohitura faltagatik-edo, batzuetan kosta egiten zait euskaraz aritzea", aipatu du. Beste askorentzat bezala, euskararekin duen harremanean telebista garrantzitsua da. "ETB1 ere ikusten dut, gainontzeko kateekin batera, baina ez naiz oso telebista zalea", dio.
Hiru hizkuntza menperatzen ditu eta ingelesa ere ikasten ari da. "Azken honetan okerrago moldatzen naiz, baina oraindik badut hobetzeko denbora. Etxean ez dugu horretaz hitz egiten, baina Marokora joaten garenean senitartekoek horrenbeste hizkuntza ezagutzea ondo iruditzen zaiela esaten dute".
Aipatu bezala, Sidik Azpeitian ikasi zuen euskara, gero Marokon bizi izan zen eta azkenik Zumarragara etorri zen. "Azpeitian ondo ikasi nuen, lagunekin euskaraz egiten bainuen, baina Marokon euskara eta gaztelera dezente ahaztu nituen. Dena den, itzuli nintzenean, erraz samar berreskuratu nituen. Halere, gogorra egin zitzaidan", dio.
Hala ere, etorkinei gure hizkuntza ikastea gomendatzen die. "Animatu egin nahiko nituzke, merezi baitu. Gainera, etorkinek ere euskaraz ikastea komeni da, hizkuntza gal ez dadin. Bestalde, lan egiteko orduan oso baliagarria da".
Elbouananik Batxilergoa egiteko asmoa du, baina oraindik ez du erabaki zer ikasiko duen ondoren. Dena den, argi du Euskal Herrian bizitzen jarraituko duela. "Hemen jarraituko dut, bertako bizimodua hobea baita".
Euskal Herrian erabat integraturik, Sidik ikastetxera heltzen diren etorkin herrikideei laguntzen die. Jon Orbegozo Iparragirre institutuko orientatzaileak bere laguntza eskertzekoa dela dio. "Itzultzaile beharra izan dugunean, izugarrizko laguntza eskaini digu. Euskaraz, gaztelaniaz eta arabieraz dakien mutila ikastetxean bertan izatea, guretzat oso baliagarria izan da", aitortu du Orbegozok.
Gazte marokoarra kanpotik etorri direnentzat eredu dela ere badio. "Bertan bizitzea, lan egitea eta erabat integratzea posible dela erakusten du. Etorri berriei beldur pixka bat ematen die euskara ikasi beharrak, baina badituzte ereduak imitatzeko eta hori oso positiboa da".
Gilberto Cruz: “Emaztea eta haurrak euskaldunak direnez, euskara erabili beharra dut”
Gilberto Cruz kolonbiarra medikua da eta duela 20 urte etorri zen Euskal Herrira, traumatologian espezializazioa egitera. Bartzelonara joan nahi zuen, baina Gurutzeetako ospitalera bidali zuten. Bertan ondo hartu zutenez, gelditzea erabaki zuen. Egun, Zumarragako ospitalean lan egiten du, urretxuar batekin ezkonduta dago eta euskara ikasten ari da.
Kolonbian espezializazioa egiteko aukera txikia dago. "Gure herrialdetik kanpo bilatu behar dugu eta arruntena Espainiara edo Estatu Batuetara (EEBB) jotzea da. EEBBetan ingeles azterketa egiten dutenez, hona etortzea erosoagoa da. Bartzelonara joateko asmoa nuen, baina Euskal Herrira bidali ninduten. Toki aldaketa eskatu nuen, baina onartu zutenerako hemen gustura nengoen eta gelditzea erabaki nuen. Euskal Herriko toki guztietan ondo hartu naute".
Cruzek ezer gutxi zekien gure herriaz etorri aurretik. "Indarkeriaren berri besterik ez nuen. Zoritxarrez, Kolonbiarekin berbera gertatzen da: gauza txarrak onak baino ezagunagoak dira. Zuei deigarria irudituko zaizue, baina ama Kolonbian beldurrez bizi zen, Euskal Herrian nengoela eta".
Kolonbiarrari beste gauza batzuk iruditu zitzaizkion deigarriak, batez ere estatu espainiarreko kultura aniztasuna. "Euskal Herrian berezko kultura duzue. Espainia barruan horren herri ezberdinak egoteak nire arreta piztu zuen. Izan ere, Kolonbiara betikoa heltzen da: Andaluziako folklorea, paella, zenenak... Espero ez nituen gauzak aurkitu nituen: herrialde baten barnean, beste batzuk".
Euskal Herrian behin betiko gelditzeko, beste arrazoi batzuk ere izan zituen. "Nire alaba gaixotu egin zen eta espezialista onenetako batek Gurutzeetako ospitalean lan egiten zuen. Espezializazioa lortu ondoren, erabaki bat hartu behar nuen, gelditu ala nire herrira itzuli: alabaren arazoa medio, gelditu egin nintzen".
Duela 15 urte Zumarragara etorri zen lanera. Dagoeneko, erdi euskalduntzat du bere burua. "Pixkanaka, jendea ezagutu dut, lagunak egin ditut eta euskalduntasun sentimendua ikusi eta ulertu dut. Bizitzaren gorabeherak medio, dibortziatu egin nintzen, lehen emaztearekin izandako alabak Leioan bizi dira, Urretxuar batekin ezkondu nintzen eta beste bi seme-alaba izan ditugu. Emaztea eta haurrak euskaldunak direnez, euskara erabili beharra dut. Ikasten lehenago hasi nin-tzen, duela zazpi edo zortzi urte, baina orain hasi naiz hitz egiten", aitortu du.
Orain sentitu du euskara ikasteko nahia. "Bere garaian lanarengatik hasi nintzen ikasten. Izan ere, perfil jakin bat lortzera behartzen gaituzte. Orain, etxean ere beharrezkoa dut. Haurrekin hitz egiteko gai naiz eta akatsak zuzentzen dizkidate".
Ospitalean bertan hartzen ditu eskolak. "Hiru urte eta erditan Euskaltegira joan nintzen, baina oso neketsua zen; ez nuen denborarik. Zazpigarren maila gainditu ondoren, utzi egin nuen. Euskarak, haurrekin hitz egiteko ez ezik, Osakidetzan postu finkoa lortzeko ere balio du".
Cruzek euskara ikastea zaila dela dio. "Erraza dela eta logika duela diozue, baina zerotik hasten garenoi neketsua egiten zaigu. Gazteleraren eta euskararen egiturak zeharo ezberdinak dira eta adinean aurrera goazenoi zailagoa zaigu hizkuntza berri bat ikastea".
Dena den, ziur lortuko duela. Izan ere, integratuta sentitzen da eta inguruan euskaldun asko ditu. "Nire beste familia urrun dagoenez, emaztearenarekin ospatzen dut dena. Bertako festa guztiak ezagutzen ditut. Emaztearen koadrilan integratuta nago eta elkarte bateko kidea ere banaiz: Ur-Gainekoa. Duela bost bat urte egin nintzen bazkide. Hemengo sukaldaritza eta sukaldean aritzea oso gustukoak ditut, baina noizean behin Kolonbiako zer edo zer prestatzen dut", azaldu du.










