Inprimatu E-posta

Benta Zaharreko mutiko alaiak: Musikari ibiltariak (126. alea)

Urte dezente pasatu dira herriko musikari batzuek euren zaletasuna jorratzeko eta jendea kantuan jartzeko Ostebi taldea sortu zutenetik. Giroa alaitzeko aproposena kalejiran ibiltzea dela jabeturik, instrumentuekin alde batetik bestera ibiltzeko formulak bilatzen hasi ziren. Hala, uztaila geroztik karro batekin ikusiko dituzue, Benta Zaharreko mutiko alaiak izena hartuta.

Ostebi taldeak, gainontzeko askok bezala, hainbat gorabehera izan ditu azken urteotan. Juanlu Aranburu Patxi Saezekin jotzen hasi zen, Mikel Alustiza Lajarekin eta taldeak geldialdi handi samarra izan zuen. Dena den, urtean lauzpabost emanaldi ematen jarraitu zuten.

Iñigo Peñagarikanok dioenez, arrakasta handiz gainera. "Planak funtzionatzen zuen, baina gogorra zen: askotan, arratsaldeko 5etan hasi eta goizeko 5etan bukatzen genuen. Basati samarra zen eta ez zigun gure jardunaz gozatzen uzten. Lehen orduan oso gustura aritzen ginen, baina hirugarrenetik aurrera...".

Herri txikitan jotzen zuten, batez ere. "Urrestillan, Elgoibarren, Eskoriatzan, Aizarnazabalen, Orion... Tabernaz taberna, bazkalostetan, herri bazkarietan... jotzen genuen. Kalean aritzen ginenez, ia garrasika, eta eztarria izorratuta, porru eginda, itzultzen ginen etxera eta askotan hurrengo asteburuan jotzeko gogorik gabe. Ondo pasatzen genuen, baina gehiegizkoa zen", azaldu du.

Hori dela eta, aldaketaren bat egitea erabaki zuten: anplifikadoreak erabiltzea. "Festetako emanaldi ibiltariak dira onenak, egun horietan jendea parte hartzeko prest egoten baita. Baina horretarako megafonia eramangarria behar da. Ordenadore bafleekin hasi ginen eta horrek asko hobetu zuen gure jarduna. Gero, Elektrotunaren modura aritu ginen, motxila batekin. Dirua gastatzen ari ginen eta, hala ere, ez zen nahikoa. Iaz, adibidez, Antzuolan jo genuen, jendartean, zarata handiarekin, eta Patxi Saezen ahots polita ez zegoen gozatzerik. Teknikoki motz gelditzen ginen oraindik", aitortzen du Peñagarikanok.

Gauzak hala, taldeko kide batzuk Udako Unibertsitateko sormenari buruzko ikastaro batera joan ziren. "Oso interesgarria izan zen. Ez ginen musika taldea hobetzeko asmoarekin joan bertara, baina han esandakoak gure lanerako oso baliagarriak zirela konturatu ginen. Kulturak teknologiari esker mantentzen zirela eta teknologiak gauzak erakargarri egiteko balio zuela esan zuten, esaterako. Kultur jarduerei negozio egitura eman behar zitzaiela ere esan zuten, etengabe dirua gastatzea suizidioa zela", oroitzen du Iñigo Peñagarikanok.

Hori guztia kontuan hartuta, benetako saltoa ematea erabaki zuten. "Tresna hobeak erosi ditugu eta formazio lana ere egin dugu. Inbertsio handia egin dugunez, mailegua eskatu behar izan dugu. Hori dela eta, egun katxeta dugu. Zer pauso eman genuen? Anplifikadoreak eramateko karroa prestatu genuen".

Hori lortzeak sekulako lana eman die. "Horrelako zer edo zer egitea erabaki eta berehala dendetara joan ginen galdezka, baina ez zegoen nahi genuena. Ez genuen megafonia eramangarririk topatu. Kablerik gabeko 12 kanaleko sistema nahi genuen, baina ez zegoen. Baionara joan ginen, Interneten begiratu eta ikasi genuen... Lan tekniko sakona egin dugu. Niretzat oso polita izan da. Gero eta argiago dago Internet oso baliagarria dela. Informazioa hor dago, doan eta edonoren esku. Demokrazia ber bi da", dio.

Iruñean eskatu zuten materiala. "Dendakoa txundituta gelditu zen gure eskaerarekin. Inauterietarako zaldi gainean eramateko bi kanaleko ekipoa eskatu ziotela esan ziguten, baina lehen aldia omen zen karroan eramateko moduko 12 kanalekoa eskatzen ziotena. Bere hornitzaileak motz gelditzen ziren eta Internetez bilatu genituen".

Ekipoa lortu zutenean, karroaren bila hasi ziren. "Karro normalek balio ez zutenez, planoak egin genituen eta Aretxabaletako tailer batean egin ziguten. Oso pozik gaude. Iraultza txikia izan da eta erabiltzen ikasten ari gara", dio Iñigo Peñagarikanok.

Barkillo saltzaileen pare, Peñagarikano bera da karroa bultzatzearen arduraduna. "Inauterietan Hernanin jo genuen eta ni zertaz mozorrotuta nengoen galdetzen zion jendeak batak besteari. Ekipoa ez da batere estetikoa, baina ez da hori helburua. Dena den, erakargarriago jartzeko asmoa dugu. Robot egin eta taldeko kide gisa aurkeztu nahi genuke", dio.

Orain, ordea, egindako inbertsioa berreskuratzeko garaia da. "Web orria prestatu dugu eta kultur etxe guztietara informazioa bidali dugu. Bidali eta berehala lau eskaera jaso genituen, inauterietan jotzeko. Orain berriro bidaliko dugu informazioa, uda begira".

Aurrerago, karroa robot bihurtzeaz gain, Peñagarikanori errepertorioa zer edo zer berritzea gustatuko litzaioke. "Betiko errepertorioa (Benito, Laboa...) geldo samarra da zenbait egoeratan. Itoiz, Hertzainak, Kortatu... bezalako taldeak sartu beharra dugu. Baina erabiltzen ditugun instrumentuek eta dugun mailak mugatu egiten gaituzte. Moldaketak egiten hastea gustatuko litzaidake, adibidez. Horretan ari gara, baina oso poliki. Azken helburua sorkuntza izango da. Oso urruti dugu, baina baikorra naiz. Uztailetik hona gauza asko egin ditugu".

Egun bost kidek osatzen dute taldea: Iñigo eta Mikel Peñagarikano anaiek, Juanlu Aranburuk, Ibon Garmendiak eta Pako Aristiren bitartez hasi zen Urrestillako Amaia Aranagak. "Patxi Saez, Pako Aristi eta Mikel Alustiza bere aldetik joan ziren, baina urtero elkartzen gara hainbat tokitan jotzeko", dio Peñagarikanok.

Taldearen izena Pako Aristik asmatu zuen. "Aian geundela, gaitak egiten dituen katalan bat etorri zen Pakoren taldea ezagutu nahi zuela esanez. Pues yo soy Pako Aristi y este es mi grupo Benta Zaharreko mutiko alaiak, que es el nombre de un prostíbulo, esan zion. Horrekin gelditu ginen. Izenari ez diogu sekula garrantzia handirik eman, nahiz eta baduen. Orain, adibidez, batzuek izen motzagoa jarri beharko genukeela esan digute".

Lehen Ostebi eta orain Benta Zaharreko mutiko alaiak taldearen arrakastak sekretu txiki bat du: kantu afarian bezala, liburu txiki bat eskaintzen diete entzuleei. "Tontakeria da, baina oso garrantzitsua. Deitzen digutenean, zenbait jendek parte hartzea nahi duten galdetzen diegu harro samar. Izan ere, zenbat eta liburu gehiago eraman, orduan eta lagun gehiagok parte hartzen dute. Enpresa moduan pentsatzea komeni dela eta, azalik gabeko 3.000 liburuxka ditugu inprimatuta. Azala pertsonalizatu egiten dugu: antolatzailearen izena, herria eta eguna jartzeko aukera ematen dugu. Liburuan 100 kanta daude eta batzuetan behin baino gehiagotan jotzen ditugu, beste batzuetan ez ditugu guztiak jotzen...", azaldu du Iñigo Peñagarikanok. Bere esanetan, jendeak abesteko gogo handia du. "Harrigarria da. Euskal Herrian ohitura handia dago, baina azkenaldian mututua egon da".

Dena den, ez dute herrietako festetan edo tabernaz taberna bakarrik jotzen. Hilaren 14an Antzuolako haurrekin karaoke modukoa egin zuten eta ezkontzetan ere jotzen dute, elizan. Urretxu eta Zumarragan ez dute emanaldirik aurreikusi. "Astunak ote garen sentsazioa dugu batzuetan. Santa Isabeletan jotzen dugu, Kantu Afaria hor dago, Euskal Jai egunean ere zer edo zer egiten dugu... nahikoa dela uste dut. Gure emanaldirik onenak kalean ematen ditugunak dira. Horrela ibili garen toki guztietan berriro deitu digute. Gure kalitate instrumentala ez da oso ona, baina eseritako kontzertuak entzuteko aukera handia dago. Jendearen parte hartzea landu dugu eta jendeak oso gustura hartzen du. Oriotarrentzat sekulakoa izan zen Benitoren kantak kalean abestea", oroitzen du.

Udalen aldetik ere harrera ona izan dute. "Gure katxeta ez da batere garestia beraientzat eta liburuxka ere oso merke ateratzen zaie: 100 partaide, 100 euro. Gehiago jotzen ez badugu, denbora faltagatik da".



Erabiltzaileen iritziak

Ez dago erabiltzaileen iritzirik.

 

 
 
Powered by jReviews