Zintzo-Mintzo euskaltzale elkarteak eta Aresti eta Urki liburu dendek Topagunea Euskara Elkarteen Federazioaren Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoarekin bat egin dute. Euskal Herriko 14 herritan gauzatuko den proiektu honen helburua irakur zaletasuna sustatzea da.
Aipatutako liburu dendetan mota guztietako euskarazko 100 liburu egongo dira aukeran, kanpainarako espresuki jarritako apalategi batean. Ondoan, ordenagailu batek aukera emango du egitasmoaren web gunean (www.topagunea.org/irakurri) sartu eta liburu guztien inguruko informazioa jasotzeko. Liburuen aukeraketa Patxi Zubizarreta idazleak egin du eta, hainbat irizpideren arabera: adin-tarte guztientzako liburuak egotea, genero ezberdinak, genero ikuspegia, nobedadeak eta klasikoak...
Parte hartu nahi dutenek, ehun liburu horietako bat aukeratu, maileguan hartu eta irakurtzeko aukera izango dute. Liburua itzulitakoan, bere inguruko iritzia jasotzeko fitxa sinple bat bete beharko da. Ondoren, irakurleak deskontu txartela jasoko du liburua besteren bati oparitzeko. Txartel horrekin, irakurri berri duen liburua %25eko deskontuarekin erosi ahal izango da egitasmoan parte hartzen duten liburu dendetan. Zintzo-Mintzoko bazkideek beste %25eko deskontua izango dutenez, erdi prezioan erosi ahal izango dute. Lagunaren helbidea eta oharra utziko da dendan bertan eta euskara elkarteak helaraziko dio hartzaileari. Egitasmoa astelehenean hasi zen eta ekainaren 23an izango du amaiera.
Helburu nagusia irakur zaletasuna bultzatzea da, euskaraz irakurtzearen alde atsegina azpimarratzea, baina egitasmoak beste xede batzuk ere baditu: eragile publiko eta pribatuen elkarlana sustatzea, horien arteko harreman sarea euskaraz hedatzea eta euskarazko liburuen ekoizpena eta salmenta bultzatzea.
Topagunea duela hamar urte sortu zen, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 90 euskara elkartek osatzen dute. Elkarteon zein federazioaren beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea, sentiberatzea...










