Inprimatu E-posta

Talaia zuriaren bila Ekin

Berria egunkariak antolatutako Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketan saritutako lana da honako hau, Urretxuko seme den Gorka Azkarate Tornerrek guztion gozamenerago egina. Goierriko Hitzak
bi ataletan argitaratu du, 2007-4-15ean lehena eta 2007-4-22an
bigarrena. Goazen bada, Gorkarekin batera mendi buelta ederra ematera.
Bejondeizula Gorka!




Gertuko
mendiak oinez ikasi orduko igotzen zituzten haurrek (ordurako horietako
asko gurasoen bizkarrera itsatsirik eroso igo zituzten haiek),
poliki-poliki gailur berrien bila etxetik urruntzen joan ziren nerabe
ameslari haiek, Pirinioetako gailur eta inguru sonatuenak lau urtaroen
koloretan  ezagutzen dituzten gazte konformagaitz hauek,
erronka berria jarri zieten euren buruei iragan udako oporretarako: goi
mendiaren sorleku diren Alpeetara jauzi egin eta aurretik inoiz igo
gabeko garaierako mendiak igotzeaz gain, Europako gailur omen den Mont
Blanc handia konkistatzeko saiakera egitea. Ez dira inoiz puntako
mendizale bilakatuko. Badakite, halaber, oso zaila, ia ezinezkoa,
izango zaiela etorkizunean mendi garaiagoak igotzea. Hau dela eta,
aspaldi hasitako ibilbide isila burutzeko zorian zeuden sentipenak
zeharkatu zituen goitik behera furgoneta trastez leporaino bete,
gertukoak agurtu eta hamar eguneko osteratxoa aurretik,
mendizaletasunaren hiriburu den Chamonixerako bidean jartzearekin
batera.



    Egutegiak
artean abuztuko hiruzpalau orri baino isuri ez zituen egun eguzkitsu
batean egin genuen noizbait amaituko zen itxura izpi txikiena igortzen
ez zuen bidaia nekagarria. Amaitu zen, baina, eguzkia ezkutatzen
hasterako. “Joanekoa hain luzea egin bazait, ez dut pentsatu ere egin
nahi itzulerakoan”. Mila kilometrotik gora, hamabi orduko autobide
oturuntza. Irentsi beharreko platera. Girora moldatzeko baliagarri
izango zitzaigun Ecrins delako Alpeetako menditzarraren oinean
furgoneta egoki paratu, gose handirik gabe, gure burua behartzetik
gertu, zerbait irentsi eta zeharo akiturik, loak hartu gintuen zakuaren
berotasunean hankak luzatu orduko.



    Uztaileko
asteburu gehienetan Pirinioetako hirumilako ugari bisitatu izanak
emandako indarraz, zailtasun handirik gabe osatu genuen Barre des
Ecrins (4101 m) gailurretik gertu, 4000 metrotik gora, dagoen
leporainoko igoera. Eguraldi zoragarria (izugarri hotza, baina
zoragarria) izan genuen lagun bertaraino. Garaiera horretan, ordea,
minutu gutxiren buruan aldatzeko aparteko gaitasuna du eguraldiak;
alegia, zeru oskarbia izatetik elur erauntsi baten hatzaparretan
erortzeko arriskua handia da. Gailurretik hurbil dagoen lepoan,
txaponaren beste aurpegia dastatzeko aukera izan genuen. Haize
bortitzak eta lainotza itxiak jasangaitz bilakatu zuten ordurarteko
eguzkipean eramangarri izan zitzaigun hotz neurrigabea, eta baldintza
haietan arriskutsua zen oso ertz zorrotz hartan azken metroak egiten
saiatzea. Esku hutsik, gure buruei hartutako erabakia erabaki baleko
bakarra zela sinestarazi nahian, maldan behera abiatu ginen kontu
handiz, aurretik emandako urrats bakoitza deseginez. Ingurune ezberdin
batean genbiltzan, mendi ezezagunak ziren haiek, eta bertako txoko
bakoitzak isurtzen zuen handitasunari errespetu handia izateaz gain,
zertarako ukatu handitasun horrek beldur pixka bat ere ematen zigula.
Izango genuen, ordea, erronkari neurria hartzeko parada.



    Gorputza

girotzeko ekidin ezineko ibilbide hartan, Italiako Aosta harana izan
zen gure hurrengo jomuga; italiarrentzat xarma berezia duen Gran
Paradiso (4061m) mendia igotzen saiatuko ginen. Bisitatu genuen egunean
mendi honek hartu zuen itxurak gehiago zuen, ordea, infernutik,
paradisutik baino. Elurra ari zuen kanpoan, mara-mara, aterpe goxotik
irten eta, kopetako argia lagun, maldan gora abiatu ginenean. Aterpeko
atea zeharkatzerako, aidean zebilen etsipenaren mamua. Ezatsegina
zen, zeharo, aurrera egitea, nekeza pauso bi jarraian ematea, ospatzeko
garaipena mendiari osturiko metro bakoitza.
Zutik mantentzeko
zailtasunez, gailurrera heldu ginen halako batean inguruko mendi gidari
zuhur baten gibelera itsatsirik. Argazki lauso bi eta behera ziztu
bizian. Tamalez, argazkirik atera gabe beherako bidea hartua zuen
ordurako mendi gidariak, eta lainotzak irentsi zuen konturatu
ginenerako. GPSaz igoerako bidea gorde genuen, baina! Gaitzerdi.
Zorionekoa, poltsikoa astindu eta ditxosozko tramankulua ozeanoaz
bestaldetik ekarrarazi nuen eguna!



    Bigarren
saiakera Ecrinseko lehena baina emankorragoa suertatu izanagatik (laumilako
mendi baten gailurrera heltzearen gozoa dastatu genuen estrainekoz,
bederen), goi mendi egun borobil bat bizitzeko aukerarik gabe
jarraitzen genuen oraindik ere. Gorputza ordurako egoki girotua
izanagatik, eguraldi iragarpen ezkorrak aintzat hartuz ez zen
bideragarri une hartan Mont Blanc-era hurreratzea ere, botatako (eta
botatzen ari zen) elurrak igoerabide arrunteko arrasto guztiak ezabatu
baitzituen, gailurra lortzeko edozein saiakera alferriko bilakatuz.
Beraz, girotze prozesua luzatu beste aukerarik ez genuen, eguraldiak
hobera egin arte.



    Aosta
harana zeharkatu eta Gresoney haranean barneratu ginen, Monte Rosa
erraldoiaren gailur satelite andanaz osaturiko zerrendatik “erraza”
zirudien bat hautatu eta berau igotzeko erabakia hartuta. Castor,
4225m. Gure bihotzek ohi baina gogotsuago egin behar izan zuten lan,
jesarrita edo entzanda egonagatik, 3500 metrotik gora eraikirik dagoen
Quintino Sella aterpe italiar goxoan igaro genuen gau motz bezain hotz
hartan. Goizean, sorpresa, zeru izarrez josia! Pozik abiatu ginen
glaziarrean gora, indartsu. Ordubeteko ibilaldia osatu baino lehen,
ordea, txarrerako bilakaera bizkorra jasan zuen beste behin ere, minutu
gutxiren buruan, eguraldiak. Kokaleku eta data ezberdinak. Istorio
berbera. Finean, bazitekeen hura izatea gure patua. Hortzak estutu eta
haize bortitzak aurpegira jaurtitzen zizkigun elur maluta izoztuak
saihestu ezinean, Castor mendiaren gailurra behar zuen muino batera
heldu ginela iragarri zigun GPSak, honen koordenatu eta altuera datuei
men eginez, bederen. Edozein puntu, gailur, zulo, txoko, izan ahal zen
kokapen hura, baina ez du merezi une honetan amerikarren satelite
orozelatarien datuak islatzen dituen gailuaren fidagarritasuna
zalantzan jartzen hastea... Esan gabe doa gailurrak egun oskarbi batean
eskaintzen duen ikuspegi amestua imaginatu beste aukerarik ez genuela
izan. Gailurreko egonaldia behar baino gehiago luzatu gabe, beherako
bideari ekin genion aterpearen goxotasunak gure gorputz izoztuak onera
ekarriko zituen itxaropenaz.




    Bailarako
babesa sentitzearekin batera, ordea, gure zorte kaxkarrak aldatzeko
joera hartuko zuela iruditu zitzaigun estrainekoz. Mendizaleok begiak
euren lekutik irten beharrean egunero goitik behera errepasatzen genuen
eguraldi iragarpenak hobekuntza nabarmena eta eguraldi egonkorraren
ailegaera iragartzen zuen. Ensoleillé, jartzen zuen, letra larriz, paperean. Guk ez genuen besterik irakurri. Ensoleillé.
Ondorengo bi egunak Mont Blanc-erako txangoa arrakastaz burutzeko
aukera bakartzat jo genituen, albistearen onak itsuturik. Orduan ala
inoiz ez. Zirt edo zart. Zaila zen burua hotz mantentzea odola irakiten
zegoenean. Beharrezko guztia arreta handiz atondu eta atseden hartzen
saiatu ginen, urduritasuna ezin uxaturik loak nekez hartu gintuen arren.



    T
renez
osatu genuen Mont Blanc-eko igoeraren lehen zatia; turista japoniarrez
beteriko trenak igo gintuen Nid d´Aigle (2345m) delako parajera.
Trenbidea amaitzen den puntu honetan hasi ohi dute txangoa mendizale
gehienek, Tete Rousse eta Gouter aterpeetatik igarotzen den bidea baita
gailur zurira heltzeko errazena (ez ordea seguruena). Tren
geltokitxotik irten eta metro batzuk irabaztea nahikoa izan zen turista
zaratatsuen zalaparta atzean utzi eta benetako goi mendi giroaz
gozatzen hasteko. Igoera handiaren lehen urratsak ziren haiek.



    Gaua
3800 metrotik gora auskalo nola eraiki zuten Gouter aterpean igarotzea
zen asmoa; telefonoz leku eske hainbatetan deitu genuen arren, aterpea
beti mendizalez mukuru beterik. Edo hala zioen behintzat frantses
ulertezin batean telefonoaz bestaldeko ahotsak (gurea ere zen beretzat
frantses ulergarriegia izango…). Mendizaleon artean ezagun da, ordea,
aterpeko arduradunek bertako jantokiko edozein txokotan (ordainduz,
noski) isolatzailea luzatu, zakua bota eta lo egiteko aukera (lo egiten
saiatzekoa, hobe esan) eman ohi dietela oherik gabe geratzen diren
bisitariei. Aterpera ahalik eta lasterren ailegatu asmoz, denborarik
galdu gabe, bizkor, indartsu osatu genuen lehen egunean harainokoa. Bolatoki
izeneko igarobide sonatua barne. Izotz geruza batez estalirik topatu
genuen hamaika mendizale irentsi duen igarobide arriskutsua, bat-batean
ordurarteko bide eroso eta lasaia igarotzeko aukeraren zain zeuden
dozenaka mendizale biltzen zituen onil estu bilakatu zenean. Nahikoa
izan liteke gainerakoak baino baldarrago emandako pauso trakets bat
laprast egin eta maldan behera eroriko amaigabean amiltzeko. Eguerdiko
eguzkiak igarobideko gainaldea berotu ahala, izotz eta harri puskak
(bolak) erortzen dira bolatokian behera. Ez da zaila birla
papera, parean tokatuz gero, nork bete lezakeen asmatzea. Arnasari
eutsi eta ezustekorik gabe igaro genuen, zorionez, eremu arriskutsu
hura. Ordubete eskasean, Gouterreko aterpean geunden lotarako leku
eske. Arratsaldea atseden hartzen igaro ostean, aterpeko zaindaria bete
gabeko ohe pare bat bazegoela esanaz inguratu zitzaigun sukaldeak
igorritako afari usainak jantokian pilatzen zen mendizale goseti
tropelari hortzak zorrozten zizkion bitartean. Afaldu, zeru urdinari
azken begiratua (egun argiz oheratu ginen) eta berehala lotara.



    Za
laparta
nagusitu zen aterpeko txoko guztietan ordulariak gaueko ordubata zela
islatzen zuen unean; ordubietan zerbitzatu ohi dute gosaria (ordu
horretan irentsiriko ezeri gosari dei badakioke…). Guk, ordea, aterpeko
gosariari muzin egin eta inork baino lehenago ekin genion gorako
bideari, bezperan igotakoek definitu arrastoari jarraiki, igoera
lasaitasunez, patxadan, bakarrik, burutu asmoz.



    N
ekez
ahaztuko dugu metroak irabazten joan ahala bizi izandako sentipen
zurrunbiloa. Ilargi beteak etenik gabe igortzen zituen izpiek elur
basamortu zuriaren aurka talka egitean inguru guztian hedatzen zen
argitasunak ez zuen igoera osoan kopeta argia piztea beharrezko egin.
Igoera ilartargitan egin genuen, literalki. Aurreko hilabeteetan behin
eta berriz aztertutako igoera burutzen ari ginen, pauso geldo baina
irmoz, liburu, argazki eta abarretan hainbatetan irakurri edo
behaturiko malda, txoko, ertz haietatik guztietatik igarotzen ari
ginen, talaia zuriaren bila. Poliki-poliki, ordeka bilakatu zen ertz
zorrotz maldatsua, GPS aldentezinak 4807 metroko garaieran geundela
adieraztearekin batera. Goizeko 5 t´erdiak aldera, artean gauez, Mont
Blanc-eko gailurrean geundela ohartu ginen pozari ezin eutsirik.



    O
rdu
erditik gora egin genuen Europako sabaian. Argazki bat bestearen
atzetik. Hotzak irents ez gintzan ezinbesteko saltotxo eta beso
mugimenduak. Eguzkia noiz irtengo zain. Goizegi ailegatu ginen
gailurrera, aukeran. Izango genuen, ordea, jaitsieran, igoeran
behatzerik izan ez genuen paisaiaz gozatzeko aukera. Erabateko
zoriontasuna segundo, minutu, ordu batzuez behatz puntekin ukitu
ostean, egi bihurturiko amets hura amaitzear zegoela onartzeko gogorik
gabe, maldan behera abiatu ginen igotako bide beretik, gailurrera
heltzen ari zen tropelari leku eginaz.


 


Argazkiak (jarritako ordenean)


 








  • Nid d´Aigle, ibilaldiaren hasiera

  • Bolatoki deritzon igarobidea

  • Bionnassay orratza

  • Mont Blanc-eko gailurrean

  • Azken agurra Mont Blanc-eko gailurrari

  • Egunsentia. Atzean Mont Maudit

  • Les Bosses gailurreria Mont Blanc-eko bidean

  • Mont Blanc Dome de Gouterretik

  • Elur basamortua Gouterrera bidean

  • Aterpean ez dago denentzat lekurik…

  • Chamonixeko bailararen ikuspegia Gouterreko aterpetik

  • Mont Blanc-eko azken malda

  • Mendizaleak Vallot aterpean





























Gorka Azkarate Torner



 


































 

 




















   






Erabiltzaileen iruzkinak

Erabiltzaileen batez besteko balorazioa

 

Artikuluaren Balorazioa:
 
5.0
 
 

Zorionak!!!

Zorionak Gorka lan bikain honengatik...
Artikuluaren Balorazioa:
 
5.0
Avatar Iritzi emailea xanmixel
2007-04-24
 
 
 
Powered by jReviews
 

 eka   Uztaila 2008   abu

AlArAzOgOrLrIg
   1  2  3  4  5  6
  7  8  910111213
14151617181920
21222324252627
28293031 
SVTechie Behavioral Synthesis

Harpidetu

Albisteak e-mailez jasotzeko