Internetek geroz eta toki garrantzitsuagoa du gizartean eta gutxi dira dagoeneko bere eraginetik kanpo gelditzen direnak. Hala, egunean egon eta aurrera egin nahi duen talde eta enpresa orok sarean bere tokia behar du. Zintzo-Mintzo euskaltzale elkarteak ere aspaldi ikusi zuen hori. Hilabete luzeetako lanari esker, mundu guztiko biztanleak Otamotz.com web orrian sartu daitezke jada.
Zintzo-Mintzok urtebete darama egitasmo honetan buru-belarri lanean. Josu Aztiria lehendakariak azaldu du proiektuaren sorrera. "Internetek aukera itzelak eskaintzen ditu, are gehiago gurea bezalako kultur taldeentzat: komunikabide berria sor dezakegu, inbertsio handia egiteko beharrik gabe", dio.
Otamotz.com-en zutabeak hiru dira. "FitBak enpresa aholkularitza teknikoaz arduratzen da eta Andoni Berriotxoa editorea da. Profesionalen presentzia ezinbestekoa da egitasmoa aurrera ateratzeko eta finkatzeko. Bestalde, urretxuarren eta zumarragarren partehartzea ezinbestekoa da: beraiek dira, hein handi batean, web orriari edukia emango diotenak".
Andoni Berriotxoa urretxuarrak egingo ditu bizilagunen eta web orriaren arteko zubi lanak. Dagoeneko bi herriotako elkarte gehienetako ordezkariekin elkartu da, proiektuaren nondik norakoak azaldu dizkie eta parte hartzera gonbidatu ditu. Gehienak sortzen duten informazioa Berriotxoari helarazteko prest agertu dira. Hala, komunitate birtualaren partaide izango dira.
Ez da harritzekoa, beraz, Berriotxoa pozik egotea. "Elkarte gehienek oso ondo erantzun dute. Batzuk berehala hasi ziren informazioa bidaltzen, oraindik probatan geunden arren. Bestalde, bizilagun batzuek behin-behineko helbidearen berri izan dute eta orrian sartu dira", azaldu du.
Editorea gogotsu mintzo da bere betebeharraz. "Urretxu eta Zumarragako bizilagunei zerbitzua eskaini behar diegu. Horretarako, eurek albiste iruditzen zaien oro bidaltzea eta berri horiei buruz eztabaidatzea behar dugu. Formatu oro onartzen dugu: testuak, argazkiak, bideoak... Herritarrak izango dira web orriari bizia emango diotenak. Horretarako, ez da informatiko ezagutza handirik behar: erregistratzearekin nahikoa izango da".
Berriotxoak atariaren edukia apur bat gehiago zehaztu du, bere atalak azalduz. "Herrian antolatzen diren kultur jarduera guztiak aurkitu daitezke, agenda guztiak zentralizatzeaz arduratzen baikara. Gainera, albisteak, multimedia atala, telefono eta merkataritza gida osoa... daude. Horretaz gain, bizilagunei euren bloga sortzeko aukera eskaintzen diegu eta Otamotz atal guztiak kontsultatzeko aukera ematen dugu", laburtu du.
Egitasmo handia denez, gogor lan egin behar izan da. "Beste herri batzuetako ereduetan oinarritu gara. Edukiari dagokionez, gure erreferentzia Azpeitiko Uztarria izan da. Bestalde, Elgoibarren elkartekoek eta guk programa bera erabiltzen dugu", dio Berriotxoak.
Bukatzeko, herritarrak web orrian sartzera animatu nahi ditu. "Oso erakargarria da eta baita Euskal Herria mailan herritarren partaidetzari garrantzia gehien ematen dioenetako bat. Urretxuarrak eta zumarragarrak Otamotz.com atarian sartzera eta parte hartzera animatu nahi ditut, oso dinamikoa baita: egunero berrikuntzak aurkitu daitezke", amaitu du.










