Udal hauteskundeen itzala gero eta handiagoa egiten ari den heinean, buruan bueltaka dabilkigun galdera inozo batek gero eta ozenago astintzen ditu geure neuronak. Alegia, maiatzaren 27ra bitartean nor agertuko da gehiago hedabideetan, Antton Arbulu ala Pello Gonzalez?
Lehia estua izango da, zalantzarik gabe. Guretzat faborito nagusia Arbulu da, orain arte argazki guztietan agertzeko erakutsi duen abilidade harrigarriagatik. Berdin du zein ekitaldi mota izan. Antton beti hantxe izango da, argazkiaren edo planoaren erdi-erdian. Baina inork ez dezala pentsa Pellok gauzak erraz jarriko dizkionik, haren dandy posea erakargarriagoa delako kameren begietara. Gainera, egoerak ez du sekula menpean hartzen (bere aurpegiera serioak behintzat hori adierazten du), eta horrek emaitza ederrak eman ditzake markagailua defendatu behar denean.
Litekeena da balantza obratan dauden metro karratuek desorekatzea. Edo metro borobilek, herrion arteko harremana errotonden diametroaren arabera neurtzen duenik badagoela aintzat hartzen badugu. Jubilatuen gozamenerako, txoko ugari hankaz gora daude (Zumarragako Zero Guneak -Zelai Aristik- artikulu oso baterako emango luke), eta ziur hurrengo egunetan inaugurazioak-eta ugariagotu egingo direla. Horrek ere Arbuluren alde egin dezake. Gu biok Goldeneko pistaren erdian bezain armoniatsu mugitzen da halakoetan Zumarragako alkatea, eta badakigu haren keinu barregarriek hamaika albiste zipriztinduko dituztela. Halakoxea baita gure alkatea, urretxuar batek bota zigun moduan, “gurea bezain alkatea -eufemismo bat erabiltzearren-, baina graziosoagoa”. Eta hori, irribarreak hain garesti saltzen diren garaiotan, abantaila da.










